Argitalpen-data: 2015/04/27

Eusko Jaurlaritzak 600.000 euroko diru laguntzak emango ditu, ikastetxe publiko eta pribatuetan ingurumen-hezkuntzako proiektuak egiteko

ibaialde_2014_b.jpg
  • 2014an baino 150.000 euro gehiago bideratuko dituzte aurten

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 600.000 euroko diru-laguntzak emango dituzte, 2015-2016 ikasturtean Eskolako Agenda 21 programa gauzatzeko, ingurumen-hezkuntzako proiektuen bidez, unibertsitatekoak ez diren EAEko ikastetxeetan.

 Oregi eta Uriarte sailburuek gaur jakinarazi dutenez, diru-laguntzen zenbatekoa sail horien diru-laguntzen aginduan sartu dute. Aurten, gainera, iaz baino 150.000 euro gehiago izango dituzte.  Aurtengo edizioan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiak (unibertsitatekoak ez direnak betiere) laguntza-deialdira aurkeztu ahal izango dira; jasangarritasunerako hezkuntza-proiektu bat aurkeztu ahal izango dute, ikastetxe bakoitzak egiten dituen jarduera guztiak bilduta.

 Proiektua ikastetxearen urteko planean eta hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan jasota egongo da, eta, oinarrizko hezkuntza ematen den kasuetan (lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza), zikloetako batean behintzat ikasle guztiek parte hartu beharko dute.

Proiektuak diagnostiko-fase bat izango du aukeratutako gaia ikastetxeak zer egoeratan daukan aztertzeko, dela curriculum-berrikuntzan, dela kudeaketan eta partaidetzan, dela udalerrian. Era berean, ekintza-plan bat eta proiektuaren ebaluazio bat ere izango ditu, aldez aurretik zehaztutako adierazleen arabera. Horrez gain, proiektua garatu bitartean antolatzen diren udal-foroetan ere parte hartuko du ikastetxeak, eta, era berean, ingurumen-hezkuntzako eskolaz kanpoko ikastegiak eta­ ingurumen-ondarea ezagutaraztera zuzendutako bisitak ere egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, diru-laguntza jasoko badute.

Diru-laguntza jasotzeko aurkezten diren jarduerak 2015-2016 ikasturtean egin beharko dira. Eskabidearekin batera, diruz laguntzea nahi duten proiektuaren aurrekontu orokorra aurkeztu beharko dute ikastetxeek. Eskabide guztiak bide telematikoz egingo dira.

Eusko Jaurlaritzaren Eskolako Agenda 21 2003an sortu zen. Egun, Euskadiko 118 udalerritako 460 ikastetxek parte hartzen dute; hau da, 220.000 eskolaumek jasotzen du Euskadin jasangarritasunarekin lotutako hezkuntza modu erregularrean.

 Eskolako Agenda 21 Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatzen dute, eta ezarritako ikastetxeetan kalitatea eta jasangarritasuna sustatzen ditu, eskola-komunitatearen partaidetzari eta ikasleek izaten duten protagonismo aktiboari esker. Eskolako Agenda 21en bitartez, gazteek beren inguruko ingurumen-arazoak ezagutzen eta ulertzen dituzte, eta modu arduratsuan parte har dezakete gizarte bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko. Programak aurkezten duen erronkarik garrantzitsuenetako bat hezkuntza da, belaunaldi berriekin hartutako konpromiso gisa. Unescok, 2014ko abenduan, planeta osoko 25 hezkuntza-jardunbide egokienetako bat bezala aukeratu zuen Euskadiko Eskolako Agenda 21.

 

 «Hezkuntza da ingurumena eraldatzeko behar den aldaketa sustatzeko erremintarik ahaltsuenetako bat, baita biharko belaunaldietako gazteek konpromiso etikoa eskuratzeko oinarria sendotzeko ere», baieztatu du Ana Oregik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.