Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kirolalde: Kiroleko indarkeriaren aurkako euskal batzordea

<- Itzuli Kontseilu eta Batzordetara

Kirolalde logotipoa

Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea euskal kiroleko pertsonek eta erakundeek osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, federazioak, kirol klubak, arbitroak, unibertsitatea, kirolariak, Ertzaintza, etab.). Hauek dira Batzordearen helburu nagusiak: euskal kirolean dagoen indarkeriaren egoerari buruzko informazioa ematea, kirol jardun egokia bultzatzea, indarkeriazko jarrera eta jokabideak prebenitzea eta kirol jardunari lotutako balioen hezkuntza bultzatzea.

Ezin dugu esan arazo larri baten aurrean gaudenik, baina euskal agintari politikoek badute indarkeriaren arazoaren gaineko ardura ere, eta horren adierazle da Kirolaren 2003-2007 Euskal Planak aurreikusi zuela bere garaian kiroleko indarkeriaren aurkako euskal batzordea sortzea, euskal kirolean eman daitekeen indarkeria aztertzeko, kirol ekitaldiei eta indarkeria-ekintzei buruzko datuak biltzeko, kirol jardun onak sustatzeko, eta indarkeria prebenitzeko eta kirolaren bidez balioetan hezteko jarduerak eta ekintzak babesteko.

Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea maiatzaren 25eko 94/2004 Dekretuaren (leiho berri batean irekitzen da) (pdf, 62Kb) bidez arautzen da (EHAA, 108. zk., 2004ko ekainaren 9koa), eta batzorde hori martxan jarri zen kideen izendapena argitaratu zenean, 2005eko abuztuaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta lehen bilera egin zuenean, urte horretako urriaren 19an.

Gerora, batzordearen osaera aldatu egin da kideei dagokienez, baina ez kide horiek ordezkatzen dituzten erakundeei dagokienez (Izendapena, EHAA, 234. zk., 2011ko abenduaren 13koa (leiho berri batean irekitzen da) (pdf, 157 Kb)).

Eratu zenetik gaur arte, bere jarduera-printzipioen oinarriak finkatu dira, eta, zenbait azterlanen bidez, zenbait ekintza martxan jarriz eta urteko txostenen bidez, euskal kirolean dagoen indarkeriaren kanpo- eta barne-diagnostikoak egin dira. Era berean, Kirolaldek beste erakunde batzuekin batera lan egin du ideia eta jarduera konkretuak martxan jartzeko, batetik, aztergai dagoen arazoa hobeto ikusi ahal izateko asmoz, eta, bestetik, arazo hori eteten laguntzeko ekintza zehatzak martxan jartzeko asmoz, gure gizarteko gazteenen artean eragina izan nahian betiere.

Irudi korporatibo bat sortu da, Batzordearen ekintzak bereziki nori zuzendutakoak diren kontuan hartuta: gazteenak, haiek baitira euskal gizartearen etorkizuna, eta, gutxi barru, haiek izango baitira balioak eta jarduteko moduak transmitituko dituztenak.

Gazteenen artean egiten den kirolean (eskola-kirola) dagoen indarkeriaren gaineko zenbait azterketa ere egin dira, baina, horretaz gainera, kirol federatuan gertatzen diren indarkeriazko jokabideak ere aztertu dira. Sentsibilizazio-kanpainak planteatu dira ikastetxeetan eta kirol instalazioetan; Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearekin batera kirol jardunari eta kirol lehiaketetako indarkeriazko jokabideei buruzko inkesta bat egin da; UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatearekin batera, kiroleko indarkeriaren kontrako eta balioak bultzatzeko bideo bat egin da (EAEko lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietara bidali da); kirolei buruzko berriak idaztean kirol prentsak erabiltzen duen hizkeraren gaineko azterketa bat egin da…

Azterketa horiek guztiak erabilgarriak izatea espero dugu, eta web horri honetan kontsultatu daitezke.

EAEko kirol ohiturak

CISek kirol ohiturei buruz egindako azken azterlanaren arabera (2010), Espainiako 15 eta 75 urte arteko herritarren % 43k kirol jardueraren bat egiten du. Dena dela, portzentajea aldatu egiten da autonomia-erkidego batzuetatik besteetara.

Kirola eta kirol jarduna dira gure gizarteko giza jarduera nabarmenetako batzuk, eta agerikoa da garrantzi eta zabalkunde handia dutela gaur egun. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kirol jardunari buruz egindako azken inkestan (2008), Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren % 54k kirol jardueraren bat egiten du, edozein mailatan, izan federatua edo ez arautua, amateurra edo profesionala. Dena dela, tasa hori altuagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta behera egiten du pertsonen adinak gora egin ahala.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken azterketan (2011ko udazkenekoa), antzeko emaitzak ikusten dira kirol jardunari buruz. Baina, azterketa horretan, beharbada, garrantzitsuena da herritarren erdiek baino gehiagok adierazi dutela inoiz joaten direla kirol lehiaketak zuzenean ikustera, biztanleriaren ia bosten bat (% 17) astean behin joaten dela eta % 11 gutxienez hilean bi aldiz joaten dela. Argi eta garbi, gizonak emakumeak baino gehiago joaten dira (inoiz ez direla joaten dioten emakumeak % 57 dira, eta gizonak, berriz, % 36).

Kirola, aisialdian balioak transmititzeko tresna.

Kirola egiteak gure gizartearen aisialdian duen garrantziaren jakitun gara, eta, bereziki, badakigu zer eginkizun garrantzitsua betetzen duen kirolak aisialdian gazteei balioak erakusteko orduan: “Kirolak, hezkuntza formalean eta ez formalean betetzen duen egitekoaren bidez, indartu egiten du Europako giza kapitala. Kirolaren bidez transmititzen diren balioen bidez, bultzatu egiten dira pertsonen jakintza, motibazioa, gaitasunak eta gauzak egiten saiatzeko jarrera. Eskolan eta unibertsitatean kirola egiten ematen den denbora onuragarria da osasunarentzat eta heziketarentzat, eta onura horiek optimizatu beharrekoak dira” (Kirolaren liburu zuria, Europako Batzordea, 2008, 15. or.).

Kirola faktore integratzaile gisa kultura anitzeko gizarte honetan

Kirolaren onura edo bertuteen artean, bereziki nabarmentzekoa da gizarte-taldeak eta pertsonak biltzeko elementua dela, eta hori maila guztietan egiten duela; izan ere, oztopoak ezabatzeaz gain, murriztu egiten ditu pertsonen arteko desberdintasunak eta diskriminazioak. Eta hori kontuan hartzekoa da gaur egun, migrazioak gero eta garrantzi handigoa hartzen ari baitira gure gizartean eta gertuko ingurunean. Testuinguru horretan, kirola egitea oso lagungarria izan daiteke bidezko gizarteratze-prozesuak lantzeko, sen onez eta elkartasunez jantzitakoak: “Kirolak kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatzen ditu, eta gizartearen integrazioa handitzen du (...). Kirolak bidea egin dezake immigranteen eta gizartean atzerriko jatorria duten pertsonen integrazioa errazteko, eta kulturen arteko elkarrizketarako tresna izan daiteke” (Kirolaren liburu zuria, Europako Batzordea, 2008, 19. or.).

Hain zuzen ere, CISek kirol ohiturei buruz egindako azken azterlanaren arabera (2010), espainiarren % 81en iritziz, kirola oinarrizko integrazio-tresna bat da, eta portzentaje hori % 91ra arte igotzen da inkesta egin zaien atzerritarren artean.

Kirola eta indarkeria kirol jardunean

Hala ere, jakin badakigu, zenbait kasutan, kirol jardunaren inguruan indarkeriazko jarrerak eta portaerak ematen direla, kirolaren beraren funtsaren, filosofiaren eta jardunaren aurka doazenak erabat. Zorionez, pertsona bakan batzuk eta talde minoritario batzuk izaten dira horrelakoak egiten dituztenak, eta ez dituzte kirolaren gizarte-onurak arriskuan jartzen edo hondatzen. Edonola ere, ezin da horrelako jokabiderik onartu gure gizartean, eta, ondorioz, berariaz aztertu ondoren, jazarri eta kirol eremutik desagerrarazi behar dira: “Kirol ekitaldietan, eta, bereziki, futbol-zelaietan ikusten diren indarkeria-ekintzak arazo kezkagarriak dira, eta hainbat modutara adierazten dira. Estadioetatik irteten ari dira horrelako ekintzak, eta hiri-inguruneetatik ere zabaltzen dira gaur egun. Istiluak prebenitzeko konpromisoa hartu du Batzordeak, eta, horretarako, elkarrizketa sustatu eta erraztuko du hainbat eragileren artean, hala nola, estatu kideak, nazioarteko organizazioak (besteak beste, Europako Kontseilua), kirol erakundeak, legea aplikatzeko ardura duten zerbitzuak eta bestelako alderdi interesdunak (hala nola, zaleen elkarteak eta tokiko agintariak). Legea betearazteko ardura duten agintariek ezin diote haiek bakarrik eta euren kabuz aurre egin kirol indarkeriaren atzean dauden kausei” (Kirolaren liburu zuria, Europako Batzordea, 2008, 21. or.).

Euskal gizartea bera ez dago egoera horretatik kanpo: izan ere, Eusko Jaurlaritzak kirol jardunari buruz 2008an egin duen azterlan horrek esaten duenez, “herritarren % 25ek indarkeria mailaren bat hautematen du euskal kirolean”, nahiz eta soilik % 6k uste duen indarkeria hori handia dela eta % 1ek oso handia.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken azterketa kontuan hartuta, lehiaketak zuzenean ikustera joan direnek zer-nolako jokabide bortitzak bizi izan dituzten aztertuta, laurdenek (% 27) diote publikoak kirolariei hitzez zein fisikoki nolabait eraso dien lehiaketetan egon direla, % 22k publikoaren arteko hitzezko erasoak izan diren lehiaketetan eta % 20k kirolarien artekoak izan direnetan. Eraso fisikoak, logikoa denez, ez dira hain ohikoak, baina lehiaketak ikustera joan direnen % 14k kirolarien artekoak bizi izan ditu, eta % 7k publikoaren artekoak.

Azterketa horretan bertan ikus daitekeenez, euskal gizartearen gehiengoaren ustez (% 67), jokabide horiek oso larriak dira, eta, haien iritziz, arrazoiak dira heziketa falta, fanatismoa eta dagoen agresibitatea. Bestalde, haien iritziz eskola-kiroleko indarkeriari eman dakizkiokeen konponbideak hauek dira: kirolarien guraso eta senideentzako kontzientziazio-programak (% 30), balioetan oinarritutako hezkuntza (% 30), kirolarientzako berariazko programak (% 13) eta jokabide horiei zigor handiagoak ezartzea (% 11).

Bestetik, kirol ikuskizunetan jokabideak transmititzeko orduan komunikabideek duten zeregina ere planteatu da herritarren artean, eta Batzordeak ere planteatu du komunikabideek errealitatean duten posizioa aztertzeko beharrizana.