Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ibaialde

IBAIALDE kanpainak ingurunearen eta pertsonen arteko lotura eta harreman zuzena ezarri nahi du, ibai-ekosistema modu aktiboan eta esperimentalean aztertuz.

Horrek esan nahi du parte hartzen duten pertsonak edo taldeak ibaira hurbildu behar direla, ikusten dutena arretaz ikertuz eta informazio sorta bat biltzen duten galdetegi erraz batzuk osatuz. Bertan, ibaiari buruzko datu orokorrak jasotzen dira, baita ibaiaren ezaugarri fisiko eta biologikoei, uraren kalitateari, zaborren presentziari eta gizakiak eragindako inpaktuari buruzkoak ere.

Bestalde, edozein parte-hartzailek bisitatutako lekuan dagoen problematikari buruzko iritzia emateko ahalegina egiten da (halakorik balego). Era berean, ingurune naturala hobetzeko ideiak proposatzera eta/edo neurri zuzentzaileak eskatzera animatzen da.

IBAIALDE kanpaina ibai baten ingurumen-egoera ezagutzeko interesa duen pertsona edo talde orori zuzenduta dago.

Parte-hartzaileak bakarkakoak edo talde antolatuak izan daitezke, hala nola ikastetxeak, aisialdiko taldeak, elkarte ekologistak, kirol-kolektiboak, etab.

Era berean, lehenbiziko hezkuntza-etapetarako jarduera espezifikoak daude, hala nola Erreka Mari txotxongiloak edo Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako zuzenduta dauden IBAIALDE TXIKI materialak.

IBAIALDE kanpaina udaberrian egiten da (otsailetik ekainera), baina interesa duten pertsonek edo taldeek urteko edozein datetan egin ditzakete kontsultak.

Azken aldaketako data: