Segurtasun Saila

Konpartitu

Eusko Legebiltzarra 2016. Galderak eta erantzunak. Hautagaitzetako ahaldunak eta artekariak

Galderak eta erantzunak

Hautagaitzetako ahaldunak eta artekariak

Ahaldunak

Izendapena
Lan-eskubideak
Eginkizunak

Artekariak

Izendapena
Artekariaren egiaztapena hauteskunde-mahaiaren aurrean
Lan-eskubideak
Bozketa-eguneko eginkizunak

Ahaldunak

Izendapena

Nahitaezkoa al da ahaldunaren kargua?

Ez, borondatezkoa da. Hauteskundeetara hautagaitzak aurkezten dituzten alderdi politikoek izendatzen dituzte.

Zer epetan izendatu behar dira ahaldunak?

Bozketa-egunera arte (hori barne) dute ahaldunak izendatzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 94. artikulua).

Ahaldunak Euskal Autonomia Erkidegoko hauteslea izan behar al du nahitaez?

Ez, ez da nahitaez hautesle izan behar ahaldun gisa izendatu ahal izateko. Ahaldun gisa jarduteko nahikoa da adinez nagusia izatea eta eskubide zibil eta politiko guztiak osotasunean erabiltzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 94.2 artikulua).

Sevillako hautesle bat ahalduna izan daiteke?

Bai, adinez nagusia bada eta eskubide zibilak eta politikoak osotasunean erabiltzen baditu.

Atzerritar bat ahalduna izan daiteke?

Ez, nazionalitate espainiarra izan behar du, eta aurreko atalean jasotako eskakizunak bete behar ditu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 94.2 artikulua).

Ahalduna izendatzeko beharrezkoa al da proposatutako pertsonaren NANaren fotokopia Hauteskunde Batzordean aurkeztea?

Ez, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-11-16ko akordioa.

Gipuzkoako hautesle batek ahaldun gisa jardun al dezake Bizkaian edo Araban?

Bai, ez baita beharrezkoa ahalduna Euskal Autonomia Erkidegoko hauteslea izatea.

Zer erakunderen aurrean egin behar da ahaldunen izendapena?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 94.3. artikuluaren arabera, eginkizunak gauzatuko dituen tokiaren araberakoa da hori:

  • Eskualdeko hauteskunde-batzorde bateko lurralde-esparruko hauteskunde-mahaietako batean jardun nahi badu, hauteskunde-batzorde horretara jo beharko du.
  • Probintziako hauteskunde-batzorde bateko lurralde-esparruko hauteskunde-mahaietako batean jardun nahi badu, hauteskunde-batzorde horretara jo beharko du.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-mahaietako batean jardun nahi badu, Autonomia -erkidegoko hauteskunde-batzordera jo beharko du.
  • Notarioarengana ere jo ahalko du, eta ahaldunaren jarduketa-esparrua zehaztu beharko da.

Hautagaitza bereko zenbat ahaldun egon daitezke hauteskunde-mahai bakarrean?

Hiru, gehienez ere, ahaldunak eta artekariak barne (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 96. artikulua).

Lan-eskubideak

Ahalduna naiz, eta bozketa-igandean lan egin behar dut (eguneko zein gaueko txandan). Zer eskubide ditut?

Bozketa-egun osoan (24 ordu) ordaindutako baimena izateko eskubidea duzu.

Ahalduna naiz, eta gogoeta-eguneko gaueko txandan lan egin behar dut. Gaueko txanda aldatzeko eska al diezaioket enpresari?

Interesatuak eskatuz gero, enpresak bozketa-egunaren aurreko gaueko txanda aldatu beharko dio, eta beste egun batera aldatu.

Ahalduna naiz, hauteskundeen hurrengo egunean lanaldia nolabait murrizteko eskubidea al dut?

Ez duzu lanaldia murrizteko eskubiderik. Hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek bakarrik daukate lanaldi-murrizketa horretarako eskubidea.

Zer agirik balio du enpresaren aurrean bozketa-egunean hautagaitzaren bateko ahalduna naizela egiaztatzeko?

Ahaldun-izendapenaren egiaztagiria.

Eginkizunak

Ahaldunak ikuskarien eginkizun berberak al dituzte hauteskunde-mahaietan?

Bai, artekariaren eginkizun berberak ditu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 94.4 artikulua).

Zer ahalmen dituzte ahaldunek?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 93.2 artikuluan zehaztutakoak, hau da: hauteskunde-mahaia eratzeko akten egiaztagiriak eskatzea, baita zenbaketen eta saioen aktak ere, hautesle baten identitatea galdetzea, etab.

Hautagaitza bateko ahaldun batek nahi dituen hauteskunde-mahaietako hauteskunde-aktak eska ditzake?

Bai, baldin eta hautagaitza bereko beste ahaldun batek edo artekariak hauteskunde-mahai horretako hauteskunde-aktak lehenago eskatu ez baditu, hauteskunde-mahaiko lehendakariak hautagaitza bakoitzeko akta bat besterik ezin baitu egiaztatu.

Non eman dezake botoa ahaldunak?

Euskal Autonomia Erkidegoko hauteslea bada, erroldatuta dagoen hauteskunde-mahaian.

Poliziak ahaldunak atxilotu al ditzake hauteskunde-egunean?

Bai, ez baitute hauteskunde-mahaiko kideen immunitatea, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 108.5 artikuluaren arabera.

Ahaldunek beren hautagaitzaren ikurrak edo hautagaitzaren izena, siglak edo sinboloak erakusten dituzten pegatinak soinean eraman al ditzakete hauteskunde-egunean?

Bai, hala baimentzen baitu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 95. artikuluak, baina horien xedea ahalduna identifikatzea izango da soilik.

Bozketaren egunean, ahaldunek eraman al dezakete hauteskunde-propaganda izan daitekeen ikurrik, legendarik, enblemarik edo ikurritzik, beren identifikazio-eranskailuaz gain?

Ez; debekatu egiten du ELHLren 95. artikuluaren 2. zenbakiak.

Hautagaitza bateko ahaldunek bata bestea ordezka al dezakete?

Bai, ahaldunek ez baitute hauteskunde-mahai jakin batean egoteko beharrik eta, hortaz, batak bestea ordezka dezake.

Hautagaitza bateko ahaldunek hautagaitza bereko artekariak ordezka al ditzakete?

Bai, baldin eta ahaldunek beren egiaztagiriarekin frogatzen badute artekariaren hautagaitza berekoak direla.

Hauteskunde-egunean hautagaitzetako ahaldunek beren alderdiko boto-txartelak bana al ditzakete hauteslekuetan hautesleek eskatuz gero?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 89.2 artikuluak hori debekatu egiten baitu.

Artekariak

Izendapena

Nahitaezkoa al da artekariaren kargua?

Ez, hauteskunde-mahaiko lehendakaria eta mahaikideak bakarrik dira nahitaezkoak.

Zer epetan izendatu behar dira artekariak?

Abuztuaren 30etik irailaren 22ra, biak barne. (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.4 artikulua).

Zer eskakizun bete behar dira artekari izateko?

Adinez nagusia izatea eta eskubide zibil eta politiko guztiak osotasunean erabiltzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.2 artikulua, 1/2003 Legeak emandako idazkeran).

Hautagaitza bateko artekaria izan daiteke Logroñon hautesle den pertsona bat?

Bai, ez baita beharrezkoa Euskal Autonomia Erkidegoko hauteslea izatea artekari gisa jarduteko.

Atzerritarrak artekari izan al daitezke?

Ez, nazionalitate espainiarra izan behar dute.

Araban erroldatutako pertsona batek hautagaitza bateko artekari gisa jardun al dezake Bizkaian? Eta alderantziz?

Bai. Artekaria izateko nahikoa da adinez nagusia izatea eta eskubide zibil eta politiko guztiak osotasunean erabiltzea.

Zer erakunderen aurrean egin behar da artekarien izendapena?

Dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordean (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.1 artikulua).

Zenbat artekari egon daitezke hautagaitza bakoitzeko hauteskunde-mahai batean?

Bi artekari hautagaitza eta hauteskunde-mahai bakoitzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.1 artikulua).

Hautagaitza bereko bi artekarik elkar ordezka al dezakete hauteskunde-mahai berean?

Bai, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak ez baitu debekatzen.

Hautagaitza bereko bi artekarik elkar ordezka al dezakete hauteskunde-mahai ezberdinetan?

Ez. Artekari bakoitzak esleitutako hauteskunde-mahaian jardun behar du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.1 artikulua).

Artekari batek hautagaitza bereko ahaldun bat ordezka al dezake hauteslekuko hauteskunde-mahai guztietan hauteskunde-aktak eskatzeko?

Ez. Artekari bakoitzak esleitutako hauteskunde-mahaian jardun behar du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.1 artikulua).

Artekariaren egiaztapena hauteskunde-mahaiaren aurrean

Noiz aurkeztu behar da artekaria hauteskunde-mahaian egiaztapena jasotzeko?

Hauteskunde-egunean, goizeko 8:30 baino lehen (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.4 artikulua).

Nola egiaztatzen da artekaria hauteskunde-mahaian?

Hauteskunde-egunean, goizeko 8:30 baino lehen hauteskunde-mahaiko buruari aurkeztu behar dio artekari-karguaren izendapena jasotzen duen egiaztagiria

Zer gertatzen da artekaria hauteskunde-eguneko 8:30 baino geroago joaten bada hauteskunde-mahaira egiaztapena ematera?

Halakoetan, hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez dio artekari-kargua emango eta ezingo du hauteskunde-mahai horretan jardun. Hala ere, botoa eman ahalko du baldin eta kreditatuta dagoen hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hauteslea bada. (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.11 artikulua).

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak artekariaren egiaztagiria ez datorrenean bat hauteskunde-mahaiak duen taloi-orriarekin?

Artekari kargua emango dio eta hauteskunde-mahai horretan jardun ahalko du, baina ezingo du hauteskunde-mahai horretan bozkatu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.9 eta 92.10 artikuluak).

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak artekariaren izendapeneko taloi-orria jaso ez badu eta pertsona bat hauteskunde-mahai horretara badoa artekari-egiaztapena eskuan duela?

Artekari gisa jarduten utziko dio hauteskunde-mahai horretan, baina ez botoa ematen.

Zer gertatzen da hautagaitza bateko artekari bat egiaztagiri gabe badoa hauteskunde-mahaira, baina hauteskunde-mahai horrek bere izendapena jasotzen duen taloi-orria badu?

Hauteskunde-mahai horretan artekari gisa jarduten utziko dio, bai eta bozkatzen ere, baldin eta jarduten duen hauteskunde-mahai horri dagokion barrutiko hauteslea bada (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.10 artikulua).

Zer gertatzen da artekariak izendapenaren egiaztagiria ez badu, eta hauteskunde-mahaiak taloi-orria ez badu?

Hauteskunde-mahaiak artekari gisa jarduten utziko dio, baina ez dio hauteskunde-mahai horretan botoa ematen utziko.

Zertarako balio dute hauteskunde-mahaiek jasotzen dituzten artekarien izendapenaren taloi-orriek?

Hauteskunde-mahaiko lehendakariak jaso ditzakeen taloi-orriek xede hauetarako balio dute:

  • Hauteskunde-mahaian kreditatutako artekariari botoa ematen uzteko, hauteskunde-mahai horretako hautesle-erroldan agertzen ez bada ere, baldin eta bere jarduna betetzen duen hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hauteslea bada (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.5 artikulua).
  • Hauteskunde-mahai horretan erroldatuta dagoen baina beste hauteskunde-mahai batean artekari gisa esleituta dagoen pertsonari botoa ematen ez uzteko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.5 artikulua).
  • Hauteskunde-mahaiak duen taloi-orriko datuak artekaria izendatzeko egiaztagiriko datuekin bat datozela ziurtatzeko.

Nik botoa ematen dudan Errenteriako hauteskunde-mahaian jakin al dezakete Andoainen zer alderdi politikotako artekaria naizen?

Errenteriako hauteskunde-mahaian artekaria zarela jakin dezakete, baina ez zer alderdi politikoren izenean.

Lan-eskubideak

Hautagaitza bateko artekaria naiz, eta bozketa-igandean lan egin behar dut (eguneko zein gaueko txandan). Zer eskubide ditut?

Bozketa-egun osoan (24 ordu) ordaindutako baimena izateko eskubidea duzu. Gainera, bozketaren hurrengo egunean 5 orduko lanaldi-murrizketa izateko eskubidea duzu.

Artekaria naiz, hauteskundeen hurrengo egunean nolabaiteko lanaldi-murrizketa izateko eskubidea al dut?

Bai, 5 ordukoa.

Artekaria naiz eta gaueko txandan lan egin behar dut bozketaren aurreko egunean. Txanda aldatzeko eska al diezaioket enpresari?

Bai, interesatuak eskatuz gero, enpresak bozketa-egunaren aurreko gaueko txanda aldatu beharko dio, eta beste egun batera aldatu.

Zer agirik balio du enpresaren aurrean bozketa-egunean hautagaitzaren bateko artekaria naizela ziurtatzeko?

Izendapenaren egiaztagiria.

Bozketa-eguneko eginkizunak

Zer ahalmen dute artekariek hauteskunde-mahaietan? Non betetzen dituzte beren eginkizunak?

Ahalmenak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 93.1 eta 93.2 artikuluetan aurreikusitakoak dira. Artekariek halakotzat esleitutako hauteskunde-mahaian bakarrik bete ditzakete beren eginkizunak.

Artekarien eta ahaldunen ahalmenak berberak al dira?

Bai, baina bi ezberdintasunekin:

  • Artekariek, nahi badute, eginkizunak betetzen dituzten hauteskunde-mahaian eman dezakete botoa, eta ez erroldaz dagokienean, baldin eta beren jarduna betetzen duten hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hautesle badira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.3 artikulua).
  • Artekariek esleitutako hauteskunde-mahaian soilik bete ditzake bere eginkizunak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.1 artikulua).

Non bozka dezake artekariak?

Bere eginkizunak betetzen dituen hauteskunde-mahaian, baldin eta bere jarduna betetzen duen hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hauteslea bada.

Hautagaitza bateko artekari batek bereak ez diren beste hauteskunde-mahai batzuetako hauteskunde-akten kopiak eska al ditzake?

Ez, esleitutako hauteskunde-mahaian bakarrik jardun baitezake eta, hortaz, hauteskunde-mahai horretako hauteskunde-aktak eska ditzake soilik.

Hauteskunde-mahaiko hauteskunde-akten zenbat kopia eska ditzake artekariak?

Hauteskunde-mahaiko hauteskunde-aktaren kopia bakar bat hautagaitza bakoitzeko. (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.3 eta 119.2 artikuluak).

Poliziak artekariak atxilotu al ditzake hauteskunde-egunean?

Bai, hala baimentzen baitu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak.

Artekariek beren hautagaitzaren ikurrak edo hautagaitzaren izena, siglak edo sinboloak erakusten dituzten pegatinak soinean eraman al ditzakete hauteskunde-egunean?

Bai, hala baimentzen baitu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 95. artikuluak, baina horren xedea artekaria identifikatzea izango da soilik.

Hauteskunde-egunean hautagaitzetako artekariek beren alderdiko boto-txartelak bana al ditzakete hauteslekuetan hautesleek eskatuz gero?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 89.2 artikuluak hori debekatzen baitu.

Hautagaitza bereko zenbat artekari eta ahaldun egon daitezke hauteskunde-mahai bakarrean?

Hautagaitza bereko bi artekari eta ahaldun bat. Hortaz, hiru pertsona, gehienez ere, hautagaitza bakoitzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 96. artikulua).

Zer gertatzen da artekari batek postaz bozkatzen badu erroldatuta dagoen hauteskunde-mahaian?

Ez dago arazorik postaz bozkatzeko. Hala ere, bere eginkizunak betetzen dituen hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hauteslea ez den artekariak bakarrik bozkatu ahalko du posta bidez.

Bozketaren egunean, artekariek eraman al dezakete hauteskunde-propaganda izan daitekeen ikurrik, legendarik, enblemarik edo ikurritzik, beren identifikazio-eranskailuaz gain?

Ez; debekatu egiten du ELHLren 95. artikuluaren 2. zenbakiak.

Nabarmenduak

Twitter

  • Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan zen, aldatu gabe, hau da, Euskadin guztira 75.
  • Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 11 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012 eta 2016an.
  • Bozketa-egunean hauteskunde-mahaietako titular edota ordezko izendatutako kideak ez badaude, dagokion agintaritzak aginduko du mahaia dagoen lokalean dauden hautesleak hauteskunde-mahaietako kide izan daitezela.
  • Legediaren arabera, 2016ko hauteskunde autonomikoetarako indarrean egongo den hautesle-errolda 2016-ekainaren-01eko datan dagoena izango da, hau da, hauteskunde-deialdia egin baino bi hilabete lehenagokoa.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako indarrean dagoen hautesle-erroldaren arabera,  hautesle gutxien dituzten udalerriak hauek dira: Araban Añana, 138 erroldatu dituena; Bizkaian: Arakaldo, 114 erroldatu dituena eta Gipuzkoan: Orexa, 88 errodatu dituena.
  • Estatuko Gobernuak deitutako hauteskundeetan hautesbarruti probintzialetan probintziako hauteskunde-batzordeak aritzen dira eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan horien izena lurralde historikoko hauteskunde-batzordea da.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek probintziako hauteskunde-batzordeen eskumen berberak izaten dituzte eta osatzeko modua ere bera da, salbuespen batekin: lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kide bat izendatzen du  hitz egiteko eskubidearekin, baina boto emateko eskubiderik gabe.
  • Hauteskunde autonomikoetan artekari izan ahal izateko, hauteslea ere izan beharra ez da legezko baldintza izan Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskundetan (2005, 2009, 2012 eta 2016 urteetakoetan). Horien aurreko hauteskunde autonomikoetan legez ezartzen zen artekari izan ahal izateko Euskadin hauteslea ere izan behar zela.
  • Krisi ekonomikoa dela eta, 2016ko hauteskunde autonomikoetan gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai-zerrendei ematen zaizkien  hauteskundeetarako diru-laguntzen zenbatekoa izoztuta geratuko da, hala ezartzen duelako 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan berrikuntza esanguratsu bat dago; izan ere, legeak agintzen duenaren arabera, EITBn gutxienez eztabaida bat eta elkarrizketa bat egin behar dira, hizkuntza ofizialetako bakoitzean (euskaraz eta gaztelaniaz) aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten antolakunde politiko guztietako hautagaiekin.
  • 2016ko hauteskunde autonomikoetara aurkezten diren alderdi politikoek hauteskunde-gastua gutxitu beharko dute. Zehazki, hauteskunde-gastuaren muga %15 murriztu behar da, 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak ezartzen duenaren arabera.
  • Estatuko hauteskundeetan eta beste Autonomia Erkidegoetako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda bateko kide guztiak emakumeak badira, hautagai-zerrenda hori ez da onartzen. Hauteskundeei buruzko euskal Legeak, ordea, 2005eko hauteskunde autonomikoez geroztik, hautagai-zerrenda horiek onartzen ditu.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izateko izendatutako kideak, 2006 eta 2016 urteen artean, mahaiko kideak gutxienez 3 aldiz izan badira, hori alega dezakete hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi gisa.
  • 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, Euskadiko egoiliarren hautesle-erroldan dauden pertsonek, bozketa-egunean aldi baterako atzerrian bizitzen badaude, posta bidez bozka dezakete. Horren aurretik, pertsona horiek bozkatu nahi bazuten, Euskadira etorri behar zuten beren hauteskunde-mahaian bozkatzera; bestela, atzerrian zeudela, ezin baitzuten bozkatu.
  • Hauteskunde-mahai batean gutxienez 500 hauteslek bozka dezakete eta gehienez 2000.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariak, bokalak eta beren ordezkoak, bozketa-egunean, hauteskunde-mahaiko kide gisa dituzten eginkizunak betetzera ez joatea  hauteskunde-delitua da eta  3 hilabetetik urtebetera arteko espetxealdi-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna jaso dezakete
  • 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du hauteskunde-mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baizik.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariek, bokalek eta artekariek bozkatu nahi badute, azkenak izango dira bozkatzen.
  • Estatuko hauteskundeetan hauteskunde-prozesuaren barruko epe guztiak luzaezinak dira eta egun naturaletan neurtzen dira, hau da, jaieguna izan zein ez izan, egun guztiak zenbatzen dira. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, aurreko aipamenaren gaineko salbuespen bat dago, hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa orokorra bozketa-egunaren ondorengo bosgarren egun baliodunean egiten baita.
  • Hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzen aktak biltzen dituzten gutun-azalak hauteskunde-batzordeei emateko sistema Estatuko hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan desberdina da. Euskadiko hauteskunde autonomikoetan gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeek izendatutako funtzionarioek jaso behar dituzte bozketa-egunaren ondorengo egunean eta horretarako, Ertzaintzaren laguntzarekin, Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joan behar dute, gutun-azalak hor daude eta. Estatuko hauteskundeetan, ordea, gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeetara Lehen Auzialdiko epaileek edo Bake Epaitegiko epaileek eramaten dituzte bozketa-egunean bertan eta Correos-eko langileek hurrengo egunean.
  • Hauteskundeen legeari buruzko 2011. urteko aldaketaren ostean, atzerrian bizi diren hautesleen posta bidezko botoen kopurua murriztu da, bozkatu ahal izateko aldez aurretik eskatu behar baita. Izan ere, 2012ko azken hauteskunde autonomikoetan, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) 56.640 hautesle zeuden eta  posta bidez 4.043k (%7,14) baino ez zuten bozkatu; 2009ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, AEHEn 43.660 hautesle zeuden eta horietatik 7.377k (%16,9) bozkatu zuten. Gehiago izan ziren, 2012ko hauteskundeen aurretik posta bidez bozkatu ahal izateko ez baitzen aldez aurretik eskatu behar.
  • Euskadin bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan 1980ko hauteskunde autonomikoetan 1.554.527 pertsona zeuden eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 1.718.696, hau da, %9,55 hautesle gehiago.
  • 2011 urtearen ondoren, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatutako hautesleek entzuteko desgaitasunen bat badaukate, nahi izanez gero, beren eginkizunak betetzeko  Eusko Jaurlaritzak zeinu-mintzaira euskaraz zein gaztelaniaz interpretatzeko jarriko duen doako zerbitzua erabil dezakete.
  • 2009ko eta 2012ko hauteskunde autonomikoetan, Eusko Jaurlaritzak ikusteko desgaitasuna zeukaten hautesleek hauteskunde-mahaietan bertan bozkatu ahal izateko sistema martxan jarri zuen, braille botoaren bidez. 2009an eta 2012an sistema hori 60 hauteslek erabili zuten.
  • 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Zalduondok (%84,11),  Bizkaian Arantzazuk (%86,41) eta Gipuzkoan Orexak (%89,89). Eta parte hartzerik txikiena udalerri hauek: Araban Bernedok (%53,85), Bizkaian Sestaok (%60,64) eta Gipuzkoan Belauntzak (%55,14).
  • Zinegotziek alkatea hautatzeko orduan, boto-berdinketa badago, hori, legez, zozketaren bidez konpontzen da.
  • Azken hiru urteetan (2015, 2014 eta 2013) Euskadiko udalerrietan guztira 18 herri-galdeketa egin dira.
  • 2012, 2009 eta 2005 urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainian bizi diren egoiliarrek posta bidez bozkatu ahal izateko egindako eskaera onartu gehien 2005 urtean izan ziren, guztira 49.864 eta gutxien 2009an, guztira 43.168 izan baitziren.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  • Eusko Legebiltzarrean izan diren hamar legegintzaldietatik lehenengoan (1980tik 1984ra) onartu ziren lege-proiektu gehien, 57 guztira eta legebiltzarreko taldeek proposatutako lege-proposamen gehien ere bai, guztira 53 onartu ziren eta.

Azken aldaketako data: