Azken eguneratzea: 2012/05/22

Euskadik lehen lauhilekoan bere marka hautsi du turista atzerritarren etorrerari dagokionez

2012ko lehen lauhilekoa bigarren onena izan da euskal turismoarentzat, joan den urteko marka hoberenaren ondoren.

 

 

2012ko urtarriletik apirilera bitarte, 600.000 turista baino gehiago erregistratu dira euskal hoteletan, hau da, joan den urtean baino % 3 gutxiago, baina aurreko urteetan baino askoz gehiago (2009an baino % 16 bisitari gehiago iritsi da Euskadira).

 

Lehen lau hilabete hauetan, Arabak bere marka hautsi du turistei dagokienez (joan den urtean baino % +0,8 gehiago), Bizkaian % -1,7 jaitsi da eta Gipuzkoara % -6,5 bisitari gutxiago etorri da.

 

 

 

Turismoa da euskal ekonomian sintoma hoberenak dituen sektoreetako bat. Hotel-establezimenduetan erregistraturiko bisitari kopuruari dagokionez, lehen lauhilekoa euskal turismoaren historiako hoberena izan zen turista atzerritarren etorrerari dagokionez. 166.146 turista atzerritar etorri ziren, eta horrek esan nahi du gutxieneko igoera izan dela joan den urtean hautsitako markari dagokionez (+22 turista).

 

Zenbateko globalei dagokienez, lehen lauhilekoan, guztira 422.926 pertsonak hartu dute ostatu Euskadiko hoteletan. Joan den urtean baino 19.434 turista gutxiago izan badira ere (% 3), 2012. urtearen hasiera euskal turismoaren historiako bigarren onena izan da.

 

Aurten jaso ditugun bisitarien kopurua duela hiru urte jasotakoarekin alderatuta, Euskadik lehen lauhilekoan 2009an baino 88.779 turista gehiago izan dituela ikus daiteke. Horrek esan nahi du hiru urtean % 16,7ko igoera izan dela. 2010. urteari dagokionez, % 4,7ko igoera izan da.

 

Gaur bertan, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) apirileko datuen berri izan dugu. Euskadiko turismoak bere historiako bigarren apirilik onena izan du aurten (195.679 sarrera), joan den urteko datuek soilik gainditzen dute kopuru hori.

 

Jatorriak kontuan hartzen baditugu, esan dezakegu atzerritarren etorrerari dagokionez marka hautsi dela eta estatuko turismoak portaera positiboa izan duela. Joan den urteko zenbatekoetara iristen ez bada ere (% 4,1 jaitsi da), aurten bigarren urte hoberena da Espainiako turisten sarrerari dagokionez. Esate baterako, 2009an baino % 13,6 gehiago iritsi da.

 

 

 

Lurraldearen arabera

 

Lehen lauhilekoko balantzea egitean, lurralde bakoitzaren bilakaera desberdina izan dela ikus daiteke. Izan ere, Arabaren kasuan, inoiz baino turista gehiago iritsi dira. Aldi horretan, 2011. urtean baino 850 bisitari gehiago izan dira (% +0,8). Estatuko turismoaren portaera onaren (% +1,1) ondorio dira zifra horiek, nahiz eta atzerriko turismoak zertxobait behera egin duen (% -0,6).

 

Ildo beretik, Vitoria-Gasteizen kasuan ere bisitarien marka gainditu da lehen lauhilekoan, iazko datuekin alderatuta % 2,5eko hazkundearekin.

 

Bizkaian, urtarriletik apirilera bitarte, oro har, turisten kopuruan jaitsiera txikia izan da (% -1,7), baina 2011. urtekoaren atzetik, bigarren urte hoberena da. Duela hiru urteko datuekin alderatuz gero, turismoak % 16,9 egin du gora (44.000 bisitari baino gehiago). Bizkaiaren kasuan, Estatuko turistak % 3,7 murriztu dira (baina, hala ere, jatorri horri dagokionez, historia osoko bigarren datu onena da); aitzitik, 3.035 atzerritar gehiago iritsi dira (% +3,7) eta hori ere marka berria da.

 

Bilbori dagokionez, iazko datuei dagokienez, % 2,6ko jaitsiera izan da turista kopuruan eta, beraz, 2011. urtearen atzetik, bigarren urte onena izan da.

 

Bestalde, Gipuzkoari dagokionez, lehen lauhilekoan turista gehien galdu dituen lurraldea izan da: guztira, 2011n baino 14.746 gutxiago izan ditu (% 6,5 gutxiago). Aldi horretan, 210.895 turista izan dira, hau da, azken bi urteetan baino nabarmen gutxiago (225.000 duela bi urte eta 219.000 iaz), baina 2009an baino gehiago. Murrizketa hori bereziki Estatuko turisten kasuan sumatu da, % 7,4ko jaitsiera izan baita (-11.847 turista), eta atzerritarren kasuan ere behera egin dute: % 4,3; aurreko bi urteetako datuek soilik gainditzen dute ehuneko hori.

 

Donostian, lehen lauhileko honetan hiriburuen arteko jaitsierarik handiena gertatu da: % -7,8, hau da, 10.000 bisitari baino gehiagoko galera. Lehen lau hilabeteetan, 117.869 bisitari iritsi ziren Donostiara, duela bi urte 128.000 izan ziren eta iaz 127.000; beraz, aurten jaitsiera txikia izan da.

 

 

Ostatu-gauei dagokienez, Euskadin milioia gainditu dugu dagoeneko (1.126.627) baina iazkoarekin alderatuta % 2,7ko jaitsiera izan da. Dena den, euskal turismoaren bigarren datu onena dela esan dezakegu. Erreferentzia bat izateko, 2009an baino 169.000 gehiago dira (% +17,6).

 

Joan den urtearekin alderatuta jaitsiera txiki bat izan bada ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak positibotzat hartu du urteko lehen lauhilekoaren balantzea. Turismoaren arloko arduradunek berretsi egin dute turismoa euskal ekonomiaren sektore estrategiko gisa bultzatzeko konpromisoa.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 22a