Azken eguneratzea: 2008/01/22
Epaitegi Gorenaren Atutxa, Knörr eta Bilbaoren kondenari buruzko Jaurlaritzaren Adierazpena

Eusko Legebiltzarreko Presidentea eta Legebiltzarreko Mahaiko bi kide zigortu dituzte Legebiltzarrari zor zaion burujabetza defendatzeagatik eta hautatu zituzten eginkizuna zintzo betetzeagatik.

Epaitegi Gorenaren epaia latza, oso larria eta guztiz kezkagarria da.

Epaiak Eusko Legebiltzarraren burujabetza politikoa ukatzen du. Herri honen ordezkaritza biltzen duen erakundearen burujabetza urratu du.

Eta horrekin, Herri  honi, historian eta gizartearen legitimitatean oinarrituta, zor zaion autogobernua urratzen du.

Espainiar Estatua, bere erakundeen bitartez, kontzienteki eta etengabe apurtzen ari da  trantsizioan eraikitako elkarbizitza ituna. Ez ditu betetzen Herri honek adostu zituen arauak . Inork uste ez zuen mailaraino gutxitu eta debaluatu dute autogobernua. Duela urte batzuetatik hona, gizarte honen zati batek ezin du boto eskubidea gauzatu, sufragio unibertsalerako eskubidea urratuaz. Gizarte honetako erakunde gorenak eta ordezkari kualifikatuenak judizialki jazarriak gaude.

Eusko Jaurlaritzak ozen eta argi adierazi nahi du Juan Mari Atutxa jaunak, Kontxi Bilbao andreak eta Gorka Knörr jaunak ez dutela inongo deliturik egin. Ez gatoz bat epaiarekin eta ezin dugu onartu.

Epai hau beste urrats bat da Partidu Popularrak eta PSOEk alde batetik eta Batasunak bestetik, Atutxaren kontra, Legebiltzarreko burutzatik botatzeko zabaldu zuten bidean.

PPk eta PSOEk Atutxari eta Legebiltzarreko mahaiari ETA eta Batasunaren defendatzaileak izatea leporatu zieten eta Ezker Abertzaleak herri honen zanpatzaileak izatea egotzi zieten.

Rodriguez Zapatero Presidenteak ETArekin hitz egitea ez da delitu Espainiako justiziarentzat, aldiz Lehendakariak delitu egiten du Batasunarekin mintzatzen bada, eta orain justizia horrek Legebiltzarreko Presidentea eta Legebiltzarreko mahaia kondenatu ditu Legebiltzarraren burujabetza bete izanagatik.


Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek euskal autogobernuan sinesten dugu eta uste dugu irtenbidea eskaini behar dugula amairik ez duen enfrentamendu eta konfrontazio honetatik irteteko.

Aspaldi eman zion bizkar indarkeriari gizarte honek eta ondo asko daki irtenbidea ez dela inoiz izango Demokrazia mugatzea lege berezien bidez, ideiak legez kanpo utziaz eta herri osoa ordezkatzen duen Legebiltzarreko Mahaia kondenatuaz.

Badugu elkarrekin egiteko bidea eta bide hori demokraziaren eskutik egin behar dugu. Gaur inoiz baino gehiago  zaigu ezinbestekoa ekimen politikoa, gizarteari aukera ematea parte hartzeko eta demokratikoki adierazteko zer pentsatzen duen gertatzen ari denaz.

Herriari hitza emango diogu, hori da gure konpromisoa eta bete egingo dugu, parte hartzeko modua eskainiko diogu, zentzugabekeria honi erantzun demokratikoa eman izan ahal diezaion.

Erakundeen eta herrien arteko, Euskadiren eta Espainiaren arteko begirunean oinarriturik bakarrik moldatu ahalko dugu etorkizuneko elkarbizitza eredua.