Azken eguneratzea: 2012/04/12

Egindako agirien kopuruak eta pertsona bakoitzeko produktibitateak gora egin dute Bulego Judizial Berria ezarrita duten barruti judizialetan

Amurrio, Azpeitia, Eibar, Getxo eta Irunen iaz egindako agirien kopuruak % 11,33 egin zuen gora. Bost barruti judizial hauen batez besteko produktibitatea 1.227 dokumentu pertsonako eta hiruhilekokoa izan zen

Justizia Sailburuordetzak ‘Amurrio, Azpeitia, Eibar, Getxo eta Irunen BJB ezartzeari buruzko alderaketa txostena, 2010-2011’prestatu du. Bertan erakusten da Bulego Judizial Berria (BJB) ezarri zuten lehenengo bost barruti judizialetan egindako agirien kopuruak izan duen bilakaera. Dokumentuak ateratzen duen ondorioa da esandako ezartze horrek, atzerapen bat ekarri beharrean, gora egite bat ekarri zuela agiriak egitean eta ZULUPetan (Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesaletan) eta zerbitzu erkide prozesaletako betearazpen ataletan destino duten pertsonen produktibitatean.

Hain zuzen ere, egindako agirien kopuruak % 11,33 egin zuen gora, 541.056tik (2010ean) 602.346ra (2011n). Portzentajearen arabera izandako igoerarik handiena Azpeitiak (% 26,65) eta Amurriok (% 20,28) izan zuten, Eibarren (% 4,11), berriz, egindako agirien kopuruaren igoera txikiena izan zen.

 

Barruti judizial bakoitzak egindako agirien kopurua 

 

Batez besteko produktibitate orokorra 2011n 1.227 dokumentu pertsonako eta hiruhilekokoa izan zen eta Azpeitia (pertsonako eta hiruhilekoko 1.632 dokumentuekin) izan zen produktibitate handiagoa izan zuen barruti judiziala. Horren atzetik, Irun (1.310), Eibar (1.184), Getxo (1.089) eta Amurrio (1.076) izan ziren.

Jurisdikzioen arabera, jurisdikzio zibilean (% 19,66) eta zigor arloko jurisdikzioan (% 2,74) egindako agirien kopuruak gora egin zuen, lan-arloko jurisdikzioan (% 3,18), berriz, kopuruak behera egin zuen.

Era berean, zerbitzu erkide prozesaletako betearazpen atalek egindako agirien kopurua aurreko urtekoa baino % 50,45 handiagoa izan zen, ZULUPek (Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalek) egindako agirien igoera, berriz, % 3,37 izan zen.

 

Prestakuntza. 2011ko Justiziako Praktika Onen Saria

Prestakuntza giltzarria da bulego judizial berri bat ezartzeko orduan, ez bakarrik egin beharreko aldaketa prozesalak aintzat hartuta, baizik eta, BJBek eskatzen duen antolamendu-aldaketaren osagarri gisa, batez ere. Hori dela eta, arlo hauei buruzko prestakuntza berezia eskaintzea aurreikusi da: zuzendaritza-gaitasunak, buruzagitza, talde-lana eta kalitatearen kudeaketa. Prestakuntza hori zerbitzu erkideetako idazkari judizialei eta kudeatzaile arduradunei zuzendu zaie, izan ere, bi lanpostu horietan biltzen baita antolamendu berria bultzatzeko erantzukizuna. Zuzendaritzarako prestakuntza hori jaso dute, orobat, gobernu-idazkariak, idazkari koordinatzaileek eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzako ordezkari batzuek ere.

2011n ikastaro hauek antolatu ziren, zehazki:

- ‘Pertsonen zuzendaritza eta talde-buruzagitza’: 12 ikasle (Gernika, Durango, Balmaseda, Bergara eta Tolosa). Ikastaro bat.

- ‘Kalitatearen kudeaketa-sistema’: 10 ikasle (Gernika, Durango, Balmaseda, Bergara eta Tolosa). Ikastaro bat.

- ‘Herritarrentzako arretarako gakoak’: 41 ikasle (Getxo, Irun, Amurrio, Eibar eta Azpeitia). Bost 5 ikastaro.

- ‘Betearazpen Zibila’: 30 ikasle (Getxo eta Irun). Bi ikastaro.

- ‘Zigor arloko betearazpena BJBetan’: 22 ikasle (Gernika, Durango, Bergara eta Tolosa). Hiru ikastaro.

Gainera, BJBA ezartzeak pertsona-mugimendu handia dakarrenez gero eta horrek, sarri askotan, prestakuntza-beharra sortzen duenez gero (lan berria ahal bezain eraginkorki egiteko), Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak prestakuntzan egiten duen ahalegina areagotu du, bitarteko funtzionarioekin, bereziki, bana-banako tutoretzen eta on-line prestakuntzaren bidez. Hain zuzen ere, jarduera horiei esker jaso zuen Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak 2011ko Justiziako Praktika Onen Saria, Justizia Ministerioak eman ohi duena. Antolamendu- eta kudeaketa-arloarekin lotutako kategorian eman zioten, zehazki, proiektu honekin: ‘Berrikuntza prestakuntzan eta ezagueren kudeaketan: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Herri Administrazio Sailaren bana-banako tutoretzak lanpostuan eta on-line prestakuntzaikastaroak’.