Azken eguneratzea: 2010/07/07

Gascok eta Azkunak Bilboko Tranbiaren Basurtu-La Casilla luzapenaren lehen harria jarri dute

Ekitaldia La Casillako plaza ezagunean burutu da, eta bertan hartu dute parte, baita ere, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziek eta Euskal Trenbide Sareko, Euskotraneko eta Bilbao Ría 2000ko zuzendaritza taldeetako kideek, besteak beste.

Ernesto Gascok eta Iñaki Azkunak proiektuaren azalpen teknikoak jasotzen dituzte

Ekitaldia La Casillako plaza ezagunean burutu da, eta bertan hartu dute parte, baita ere, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziek eta Euskal Trenbide Sareko, Euskotraneko eta Bilbao Ría 2000ko zuzendaritza taldeetako kideek, besteak beste.

2006ko martxoan Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren eta Bilboko Udalaren artean sinatutako finantzaketa hitzarmenak ezartzen duenez, proiektuaren %65 Eusko Jaurlaritzak ordainduko du, eta gainerako %35 Bizkaiko hiriburuko udalari dagokio. Lanak 5 milioi euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea urte batekoa izango da.

Gaur egun, EuskoTranek ustiatzen duen Bilboko tranbiak 12 geraleku ditu (Atxuri, Erribera, Arriaga, Abando, Pio Baroja, Uribitarte, Guggenheim, Abandoibarra, Euskalduna, Sabino Arana, San Mames eta Basurtu) eta trazatua 4.870 metro da luze. 2002ko abenduan inauguratu zen EuskoTranek hiru milioi erabiltzaile inguru ditu urtean.

Zati berria Basurtuko geralekuaren ondoren hasten da, Gurtubai kalean, eta ondoren Montevideo Etorbidetik eta Autonomia kaletik doa, 700 metro dituen trazatua osatu arte. Eraikiko den zatiak bi geraleku berri izango ditu. Lehenengoa Basurtuko Herri Ikastetxearen aurrean egongo da, Sabino Aranako Bidezubiaren azpitik igaro baino pixka bat lehenago. Bigarren eta azken geralekuari dagokionez, La Casillako plazaren parean egongo da.

Montevideo Etorbidetik zein Autonomia kaletik, tranbiaren trazatua galtzadaren erditik joango da. Bi geralekuek alboetako nasak izango dituzte, hau da, noranzko bakoitzean bat. Tranbiaren plataforma eta geralekuak bat etorriko dira inguru horretan ibiltzen diren zerbitzu publikoko hiri barruko autobusen plataformarekin eta geralekuekin.

Tranbiaren ezarpenaren ondorioz, Autonomia kaleak, Etxetxoa eta Aita Donostiren artean, errail bakarra izango du noranzko bakoitzean gurpil gaineko trafikorako. Montevideo Etorbidean ere murriztu egingo dira bideak, eta, ondorioz, baita ibilgailuen joan-etorria eta horrek sortzen duen kutsadura ere, hots kutsadura zein kutsadura atmosferikoa. Tranbia Bilboko inguru horretara heltzearen ondorioz, inguru guztia berrantolatu egingo da hiritargoaren onurarako, bizitzeko gune egokiagoak sortuz.

Horrela, Montevideo Etorbidean, Gurtubai kalearen eta Luis Briñas eta Aita Donosti kaleen arteko bidegurutzearen artean, hirigintza lanak burutuko dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilbao Ría 2000ren artean sinatutako hitzarmenari esker. Lanen aurrekontua 900.000 eurokoa izango da, eta Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, besteak beste, osatzen duten erakundeak ordainduko du.