Azken eguneratzea: 2010/12/28

Tabakoaren aurkako legea ostalaritza establezimenduetara eta kirol instalazioetara iritsi da

Eusko Jaurlaritzaren Droga Gaietako zuzendari Celina Pereda andreak Donostian aurkeztu du zuzenean tabakismoaren aurkako osasun neurriei buruzko lege berriaren eraginpean dauden sektoreei zuzendutako publizitate-kanpaina baten edukia; joan den asteartean onetsi zen adierazitako legea Espainiako Parlamentuan. Kanpaina horren testuinguruan, bihar, abenduaren 29an, sentsibilizazio-ekintza orokorra gauzatuko da Donostiako jatetxeetan, tabernetan eta kafetegietan.

Datorren urteko urtarrilaren 2tik aurrera, tabakoa galarazita egongo da toki ugaritan, besteak beste, ostalaritza-toki itxi guztietan eta kirol-instalazioetan. Herritarrei eta aisiarako bi leku mota horietako langileei tabako-kontsumoak izango dituen murriztapen berriei buruzko informazioa emateko xedez, kanpainaren barruko publizitate-materialak banatzen hasi da Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila duela zenbait egun.

Celina Pereda zuzendariak xehatu duen bezala, erretzea eta adingabeei tabakoa saltzea debekatuta dagoela gogorarazteko eranskailuak eta kartelak editatzea aurreikusi da kanpaina horren bitartez, material horiek tabernetan, jatetxeetan, kafetegietan eta diskoteketan ipin eta bana daitezen. Droga-gaietako sailburuak nabarmendu duenez, “EAEko ezein ostalaritza-zentro ez da geratuko kanpainatik kanpo”. Horretarako, lehen fase horretan 18.000 informazio-poster inprimatu dira, guztiak legenda berberarekin: “Erre gabe askoz hobe/Mejor sin malos humos”.

Era berean, EAEko kirol-instalazio itxi guztietan ere gauzatuko da adierazitako kanpaina. “Kirol-instalazio gehienak udal-titulartasunekoak direnez, posterrak udaletara igorri dira eskutitz banarekin batera, legearen betearazpenean inplikatzeko eskatuz”, adierazi du Celina Pereda andreak. Horri dagokionez, euskal pilotako, saskibaloiko eta eskubaloiko kantxa gehienak jadanik hasi dira dagozkien kartelak jasotzen.

“Pintxoetara kerik gabe” 

Bihar, abenduaren 29an indarrean hasten den legearen aurrerapen gisa, kerik gabeko tokien gainean sentsibilizatzeko jomuga izango duen ekintza bat gauzatuko da Donostiako ostalaritza-establezimenduetan. Honako goiburu honen ingurukoa izango da ekintza hori: “Pintxoetara kerik gabe”.

Ekintza garrantzitsuena Donostiako alde zaharrean egingo den kalejira bat izango da, pintxo eta guzti, antzerki-animazioarekin. Kalejira horren jomuga zera da, herritarrak auzo horretako hainbat tabernatako martxa batean parte hartzera gonbidatzea; martxa horretan ez erretzera animatuko dira bertaratuak. Horretarako, pintxoak jatera gonbidatuko da jendea (kerik gabe), eta baita giro osasungarriaz gozatzera ere. 

Orobat, Donostiako ostalaritza-establezimendu guztiak kanpainan modu aktiboan parte hartzera gonbidatuko dira. Aldi berean, hiriko zenbait gune estrategikotan informazio-liburuxkak eta -txapak banatuko dira; ostalaritza-establezimenduetan tabakoa kontsumitzea galaraztearen identifikazio-sinboloa izango dute liburuxka eta txapa horiek. 

Publizitate-kanpaina horren gaineko informazio gehiago izan, gai horri buruzko legedia ezagutu edota erretzeari uzteko gomendioak jaso nahi dutenentzat, Eusko Jaurlaritzaren Droga Gaietako Zuzendaritzak web-orri bat argitaratu du herritarrentzat: www.euskadi.net/tabakoa

ZER EGIN DAITEKE LEGE-HAUSTE BATEN AURREAN?

- Euskal Autonomia Erkidegoan ondasunak merkaturatu edo zerbitzuak ematen dituzten establezimendu guztietan eta ikuskizun publikoak eta jolaserako jarduerak antolatzen dituzten lokal, instalazio edo erakunde guztietan eskuragarri dauden erreklamazio-orriak bete ditzakezu.

- Salaketa bat aurkez daiteke

  • Nori zuzendu behar zaizkio salaketak?
    • Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Droga Gaietako Zuzendaritzari.
  • Non aurkez daitezke salaketak?
    • Zuzentzen diren administrazio-organoen erregistroetan
    • Estatuko Administrazio Orokorraren barruko edozein administrazio-organoren erregistroan, Autonomia Erkidegoetako edozein Administrazioren erregistroan, edo tokiko Administrazioa osatzen duten erakundeetako baten erregistroan, betiere azken kasu horretan dagokion erabakia sinatu bada.
    • Postetxeetan, arauz ezartzen den moduan.
    • Espainiak atzerrian dituen enbaxada eta kontsuletxeak.
    • Indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein tokitan
  • Ze baldintza bete behar ditu salaketak?
    • Salaketa bat ekintza bat da, non edozein pertsonak arau-hauste administratiboa izan daitekeen gertakari jakin baten berri ematen dion organo administratibo bati —lege-betebeharra betez edo ez betez—.
    • Salaketan honako eduki hauek bildu behar dira: salaketa egin duenaren edo dutenen nortasuna(k), arau-hauste izan daitezkeen gertakarien kontaketa eta noiz gertatu diren, eta, ahal dela, erantzuleak izan daitezkeenen identifikazioa.
    • Salaketa-eredua

 - Kexaren berri emateko ondoko telefono-zenbakira deitu daiteke: 902 471818.     Telefono horren ordutegia 10:00-20:00 izango da, asteko egun guztietan, gutxienez, Legea indarrean hasi eta lehen sei hilabeteetan.

 - Kexak Droga Gaietako Zuzendaritzara ere helarazi daitezke, tabakoa@ej-gv.es helbide elektronikora.

Kartelak:

- Erretzea debekatuta (pdf, 111 kb)

- Salmenta debekatuta (pdf, 112 kb)

- Frontoiak  ( jpeg, 787x1654)

- Kiroldegiak ( jpeg, 1113x1654)

- Kirol guneak ( jpeg, 656x1378)

- Ostalaritza gosariak ( jpeg, 1431x2013)

- Ostalaritza kopak ( jpeg, 1008x1417)

- Ostalaritza pintxoak ( jpeg, 1431x2013)