Azken eguneratzea: 2012/06/13

Euskal Autonomia Erkidegoko eleaniztasun-maila neurtzen duten datuak aurkeztu dira

EAEko hainbat esparrutan dagoen eleaniztasun-maila adierazteko 2011. urtean egindako ikerketa-lanaren emaitzak aurkeztu dira gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik. Emaitza horiek Europako 18 herrialdetan British Council fundazioak burututako Language Rich Europe izeneko proiektuaren barnean kokatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen hainbat esparrutan 2011. urtean egindako ikerketa-lanaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, British Council fundazioarekin batera. Aurkezpenean parte hartu dute Iván Igartua Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, Silvia Berny Bilboko British Council-eko zuzendariak, Aneta Quraishy Europako Proiektuaren manager-ak eta Olatz Olaso EMUNeko ordezkariak.

Emaitza horiek gure gizartean dagoen eleaniztasun-maila adierazten dute, hezkuntzan, hedabideetan, zerbitzu publikoetan eta euskal enpresetan bereziki.

Europako 18 herrialdetan British Council fundazioak burututako Language Rich Europe (Europa Hizkuntzetan Aberatsa) izeneko proiektu baten barnean kokatzen da ikerketa hori. British Council Erresuma Batuko institutu bat da, eta haren helburua hizkuntza eta kultura ingelesaren ezagutza zabaltzea da. Aldi berean, Language Rich Europe proiektuaren koordinatzailea da, hau da, Europako hizkuntza aniztasunari buruzko azterketa konparatiboa egiteko proiektuarena.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak British Council institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen iaz eta, haren ondorioz, EAEko gizartearen eleaniztasun-maila neurtzeko ikerketa garatu zuten elkarlanean 2011. urtean.

Espainia mailan, antzeko ikerketak burutu dituzte, eta horiek guztiak batzen dituen liburuxka laster batean izango dugu esku artean. Liburuxka horretan, hiru txostenen emaitzak agertuko dira: Kataluniakoak, Madril eta Andaluziakoak eta EAEkoak. Baina Espainian ez ezik, muga horietatik at ere, Europan ere egin dituzte eleaniztasuna neurtzeko antzeko beste ikerketa-lan batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, hainbat adierazle hartu dira kontuan eleaniztasuna neurtzeko orduan, eta landa-lan hori EMUN hizkuntza zerbitzuak garatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horrela aginduta. Lehen aipatu dugunez, hezkuntzan, hedabideetan, zerbitzu publikoetan eta euskal enpresen sektoreetako eleaniztasun-maila neurtu da bereziki.

Neurketa horren ondorio nagusietako bat honako hau da: EAEk, konparatiboki, profil eleanitz indartsuak ditu Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, gaztelania, euskara eta atzerriko hizkuntza nagusietarako (ingelesa lehen postuan dago). Hala ere, etorkinen hizkuntzek, esate baterako, oso presentzia ahula dute edo ez dute batere presentziarik hezkuntza sisteman.

Goi mailako hezkuntzan, hedabide inprimatuetan, herri-zerbitzuetan eta enpresa pribatuetan profil eleanitzak garatzen ari dira bizkor samar. Hori hobetu eta errotu egingo da etorkizunean, eleaniztasunerantz bideratutako hezkuntza oinarri egoki bat garatzen den neurrian.

Adierazle bakoitza aztertuz, hezkuntzan, gaur egun, eskolak familiak baino askoz garrantzi handiagoa hartu du EAEn euskararen transmisioari dagokionez. Euskara da gurasoen % 60k aukeratzen duen irakaskuntza-hizkuntza seme-alaben hezkuntza erabakitzeko orduan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntza bat ikasi behar da, eta eskola gehienek ingelesa eskaini arren lehen atzerriko hizkuntza gisa, frantsesa edo alemana ere ikas daitezke.

Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen % 45ak euskaraz ikasten du; beraz, euskararen egoera unibertsitate arloan askoz hobea da gaur egun, duela hogeita hamar urteko egoerarekin alderatuz gero. Graduatu eta graduatu ondoko mailetan, berriz, ingelesa gero eta gehiago txertatzen da curriculumean.

Lanbide Heziketaren kasuan, berriz, profil eleaniztunak sortzen ari dira, astiro samar, ordea. Esate baterako, ikasleen % 25ak soilik hautatzen du euskara irakaskuntza-hizkuntza gisa.

Hedabideei dagokienez, EAEn herrialde osoan banatzen den egunkari bat dago, eta 50 bat eskualde eta tokiko aldizkari, erabat euskaraz argitaratzen direnak. Gainera, bi telebista-kate publiko daude soilik euskaraz emititzen dutenak (eta hainbat tokiko katek ere hala egiten dute). Euskal herritarrek eskura duten argitalpenetan beste hizkuntza batzuen presentzia, ofizialez gain, hazten ari da etengabe, baina oraindik ere atzerriko hizkuntzekiko interesa apala da.

Zerbitzu publikoen kasuan, herri zerbitzuak, normalean, gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen dira EAEko bi hizkuntza ofizialetan. Kasu batzuetan (itzulpen zerbitzuak, etorkinentzako lehen arreta zerbitzuak…) beste zenbait hizkuntza ere erabiltzen da, besteak beste, ingelesa, frantsesa, arabiera, txinera, errusiera, georgiera edo wolofera.

Euskal enpresatan, berriz, hizkuntza kudeaketarako praktikak integratzeko ahaleginak egiten ari dira. Haien negozio estrategiaren alderdi hori elebitasun ofizialetik harago doa; izan ere, mundu guztiko enpresekin dituzten harremanetan beste hizkuntza batzuek, eta ingelesa buru izanik, ezinbestekoak dira. Hobetu beharreko alderdi bat langileen hizkuntza gaitasunen sustapena da.

Eleaniztasuna erronka handia da ehuneko ehunean elebidun izatetik urrun dagoen gizarte batentzat. Gizarte elebidun bateranzko mailakako bilakaera konbinatu egin behar da eta, horren ondorioz, estrategia elebidunen gero eta behar eta eskari handiagoarekin. Estrategia horietako bat bidean da jadanik: proiektu pilotu bat garatu da esparru hirueledun bat sartzeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. 120 bat eskolak esparru berri hori onartu dute, eta, ziur asko, epe jakin batean, hezkuntza sistema osora hedatuko da.

Teknologia berrien arloaren barruan, berriz, adituak ahalegin handia egiten ari dira gaur egun testuak eta webguneak gaztelaniatik eta ingelesetik euskarara eta alderantziz itzuliko dituen itzultzaile automatiko bat sortzeko. Tresna berri hori gramatika- aztertzaile indartsu batean eta itzulpen memorien biltegi batean oinarrituko da.

Ekimen horien (eta beste batzuen) helburua lortzea ez da erraza, baina, aldi berean, guztiz erakargarria da: profil eleanitz indartsuak garatzea euskararen erabilera –soziolinguistikoki hizkuntza ahulena– areagotu nahi duen eta horretarako ahaleginak egiten ari den gizarte batean.