Argitalpen-data: 2016/10/26

Eusko Jaurlaritzak UNESCOren Munduko Ondare den Ekaingo haitzuloaren digitalizazioa egin du, sekulako bereizmen handian

  • Lan hori guztia herritarren esku jarriko da orain, iOS eta Android gailuentzako aplikazio berri baten bidez: Ekain munduko edozein bazterretatik bisita daiteke
  • Irudien berezimen altuak, margoetara hurbildu eta hauek orain arte ez bezala ikusteko aukera ematen du
  • Estatuan egin den lehen leize barruko gigapixel digitalizazio-proiektua izan da
  • Haitzuloak Paleolitikoko zaldi-multzorik onena hartzen du eta itxita dago bisitarientzat, bere kontserbazioa bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Ekaingo Haitzuloaren barnealdea digitalizatzeko lanak egin ditu, Deban. UNESCOk 2008an Munduko Ondare izendatu zuen haitzuloak paleolitikoko labar-artearen lanik bikainenetako bat hartzen du. Burutu den lan honi esker, gure ondarearen altxor handi hau ireki egingo da, mundu zabalean Ekain eta Paleolitikoko artea ezagutu nahi duen ororentzat. Artelanak digitalizatzen munduan erreferentziazkoa den Madpixel enpresarekin elkarlanean gauzatu dira digitalizatze lanak.

Bere kontserbazioa bermatzeko, haitzuloa bisitarientzat itxita dago 1969. urteaz geroztik. Ondorioz, Ekainberri izeneko erreplika bikaina badu ere, bere jatorrizko arte-altxorrak, orain dela 14.000 urte inguru margotuak izan zirenak, bisita ezinak izan dira gaur arte.

Orain, haitzuloaren margolanen bertsio digitala egin eta ondare hori ezagutarazteko eta “urrutiko” ikusleen esku jartzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak artelana digitalizatzeko ardura hartu du. Horretarako, sekulako bereizmen handiko irudiak hartu dira, estatuan aitzindari izan den digitalizazio-proiektu bat egikarituz.

Emaitza, haitzulo barneko multzo nagusien (Zaldei eta Artzei galeriak) sekulako bereizmen handiko digitalizazioak izan dira, figurak, hauen ingerada eta margolanetan erabili zen teknika argiro ikustea ahalbidetzen duten hartualdi infragorriak ere barne hartzen dituztenak.

Haitzuloko gune nagusien 360º-ko ikuspegi interaktiboak ere sortu dira, Eusko Jaurlaritzaren jabetzako materialen berreskuratzean eta egokitzapenean oinarrituta.

App-a iOS eta Android gailuetarako

Lan guzti hori herritarren esku jarriko da orain. Horretarako, smartphone eta tabletentzako (iOS eta Android) aplikazio bat argitaratu. Plataformak weberako bertsio bat ere badauka, non gigapixel irudiak ikusteko gailu bat eskaintzen den. Gailu mugikorretarako aplikazioa nahiz web bertsioa, lau hizkuntzatan argitaratu dira: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta

ingelesez. Hona hemen web bertsiora iristeko esteka: www.euskadi.eus/ekain 

Honela, haitzuloaren margolanak orain arte ez bezala ikusteko aukera izango dugu, Ekaingoa bezalako ondarearen kultura-balioa are gehiago azpimarratzen duen eta orain arte ezezaguna zen kalitate eta xehetasun-maila batez. Bereizmen handiko irudiak, irudi panoramiko interaktiboak, makro argazkiak, azalpen gehigarriak… guztiak dira lagungarri Ekaingo haitzulora erabateko hurbilketa egiteko, hasi leizeko espazio zabaletatik eta irudi jakin batera iritsi arte. Labar-artearen gainean erabili den teknologia aitzindari honek historiaurreko artisten eskuraino iristea ahalbidetzen du, pintzelkada bakoitzaren trazuen makro-irudiak hartu baitira. Gizakiaren begiak ikusi ezin dituen xehetasunak ere nabarmentzen ditu teknika honek.

Digitalizazioaz gain, kalitate handiko eduki bat sortu da. Honi esker haitzuloa eta bere multzo artistikoa ikusteko aukera dago, gune ezberdinen eta beren lanen inguruko murgiltze-esperientzia baten bidez, testuinguruko informazio osagarriz (storytelling) aberastua izan dena.

Haitzuloan ahalik eta eraginik txikiena

Lana egin ahal izateko, Madpixelek bere Art Gigapixel teknologiaren egokitzapen berezi bat egin behar izan du haitzulo barruko irudi-hartualdien beharretara egokitzeko: argi hotz bereziak ahalik eta eraginik txikiena izateko haitzuloan, bateria eramangarriak mugikortasuna errazteko gune txikietan eta sarbide zaila duten horietan, egokitutako tripodeak, ekipamendu mugatua, etab.

Erabili den Art Gigapixel teknologia artelanak kalitate handienaz, gigapixel eta super-HD formatuan digitalizatzeko garatua izan da. Bere zoomak pintzelkada eta xehetasun txikienak ikustea ahalbidetzen du, gizakiarentzat ikusezinak izango liratekeenak bestela. Aipatu teknologia Pradoko Museoan, Banco Santander Fundazioan edo Telefónica Fundazioan erabilia izan da, besteak beste.

Ondarea gizarteratzea, mundu guztirako

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak burutu den digitalizazio lanaren garrantzia azpimarratu du, eta lan honen azken emaitzak zein helburu duen nabarmendu: “Aplikazio berri honen helburua da jendearen esku uztea, mundu zabalean, euskal labar-artean dugun altxorrik handienetako bat”, azaldu du. “Jaurlaritzaren zereginetako bat da kultura ondarea babestu, ikertu eta gizarteratzea, eta beraz baita arte paleolitikoa ere, sarritan leku hurbilgaitzetan egoten dena. Horregatik, leizeen eta bertako labar-margoen mantenua bermatzeko, erreplikak egin ohi dira, bisitarako eta deskubrimendurako lekuak, Ekainen egin zen bezala. Orain aplikazio berriak Ekaingo margoak hobeto ezagutzeko aukera ematen digu, baina ez euskal gizarteari bakarrik, mundu zabalean arte paleolitikoarekin interesik

daukan orori baizik. Horrexegatik dago aplikazioa lau hizkuntzatan, eta horrexegatik eskaintzen da munduan hedatuen dauden plataforma digitalen bidez. Hau da Euskal Herriko haitzuloetako altxor paleolitikoaren zabalkunde digitalerako lehen pausoa”.

“Ekaingo haitzuloaren digitalizazioan erabilitako teknologiak oso bereziak eta ia helezinak ziren edukiak ezagutarazteko eta horietan zeharreko nabigazioa errazteko aukera eman digu. Munduko Ondare direnez, mundu osoan ezagunak izatea merezi dute, ikusleen jatorria eta kokapena dena dela", azaldu du Madpixeleko sortzaile Koldo Garciak. “Honela, margolanen irisgarritasun digitala kalitate handiko eta aberasturiko formatu batean bermatuta dago, ikusle guztiek margolanak ikusi, gozatu, interpretatu eta balioan jar ditzaten; aldi berean, Ekainberriko bisitak ere sustatuko dira", gehitu du.

Madpixelek garatu eta patentatu duen teknologia horri esker, munduko lider bilakatu da formatu honetako artelanen digitalizazioan. Teknologia hori mundu osoko 200 museo baino gehiagotan erabili dute, ehunka margolan, sabai, aurrealde, jantzi, objektu eta abarren sekulako bereizmen handiko digitalizazio ikusgarriak egiteko erabili.