Gernika-Lumoko merkatarien % 83 euskaraz komunikatzeko gai da


Hala dio Geure Berbie Euskeraz! kanpainaren merkataritza ataleko balantzeak.

Duela 14 urte Gernika-Lumoko Udala merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa hasi zen lantzen. Egitasmo horren barruan kokatzen da Geure Berbie Euskeraz! kanpaina. Herriko denda eta establezimenduetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea du helburu, besteak beste. Horretarako, merkatari bakoitzak urteko helburu bat jartzen du eta Udalak hori lortzeko baliabideak eskaintzen dizkio (itzulpenak, zuzenketak, errotuluak, hiztegiak, euskara ikastaroak, euskaltegietan matrikulatzeko diru-laguntzak eta aholkularitza).

Udalak 2008ko Komunikazio Planaren balantzea eman du ezagutzera. Mailarik altuena ezagutzari dagokion atalak eman du. Gernika-Lumoko merkatarien % 83 euskaraz komunikatzeko gai da, eta horrek aurreko urtearekiko % 2ko igoera adierazten du. Kanpo erabilerari dagokionean, hau da, bezeroei zuzendutako informazioari, lehenengo hitzari eta fakturak eta entrega agiriak euskaraz egiteari dagokionean, erabilera % 69koa da, 2007an baino 9 puntu handiagoa.

Euskararen erabilera baxuena barne erabilerari dagokio (% 29). Horren arrazoia, saltoki txikiak aholkularitza enpresen menpe egotea da. Udalak adierazi duenez 2009ko erronketako bat aholkularitza enpresei eragitea izango da horiek nominak etab. euskaraz egin ditzaten.

Azken eguneratzea: 2009/03/06