Hiritarren gaitasun digitala bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektu bat Europarako jardunbide egoki bezala aitortua izan da

ikanos.jpg

2016.eko martxoak 03

-      Euskadiko Agenda Digitalean integratutako “Ikanos” proiektua hiritarren premia digitalei erantzuteko ekimen aitzindaria da Europan eta profil digitala eman die jadanik 18.000 erabiltzaileri

-      Ikanos proiektuan diseinatutako “profil profesional digitalak” identifikatu egiten ditu premia digitalak eta zein puntutaraino garatu behar diren lanbide bakoitzean  

-      Hori da Europako Telezentroek gaur Amsterdamen aurkeztu duten urteroko txostenean jasotako gomendioetako bat

 Telecentre Europe-k gaur, martxoaren 3an, Amsterdamen egin duen batzar orokorraren iritziz Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren “Ikanos” programa aitzindaria da hiritarren, administrazioaren, hezkuntza sektorearen eta euskal gizarteko beste sektore batzuen gaitasun digital komunen premiei erantzuten, eta jardunbide egokia ere bada Europako gainerako herrialdeetarako bere kontzeptualizazio, metodologia eta aplikazioarengatik.

Hala berretsi du gomendioen eta jardunbide egokien “Guidelines on the adoption of DIGCOMP” txostenean, non esaten den “Ikanos” proiektua Europa osorako “erreferentzia nabarmena” dela, eta non deskribatzen den garatu diren jardueretako batzuek izandako oihartzun zabala, adibidez gaitasun digitalen auto-ebaluazio testarena, zeinari esker 18.000tik gora erabiltzailek (hiritarrek, irakasleek, ikasleek eta beste kolektibo profesional batzuek) eskuratu baitute profil digitala.

“Ikanos” proiektua Eusko Jaurlaritzaren 2015erako Agenda Digitalaren baitan zehaztu eta garatutako ekimen bat da, eta bere helburua  da erakustea zer diren gaitasun digitalak, zeintzuk diren funtsezkoak eta nola hobetu daitezkeen euskal gizarte osoan. Hala, “Ikanos” proiektuari esker posible izan da hezkuntza, administrazioa, osasuna eta beste hainbat sekoretako 18.000 hiritarren profil digitalak zehaztu eta txertatzea.

Telecentre Europe da Europako telezentroen sare eta teknologia digitalen ikaskuntza-zentro gehien ordezkatzen dituen Europako antolakundea. Toki horietan pertsona helduek aukera dute Interneten sartzeko eta azken teknologia digitalak erabiltzen ikasteko.

Hala, “Profil digital profesionala” diseinatzea eta definitzea da sektoreko nazioarteko foroetan gehien aipatzen eta eskatzen den lorpenetako bat, kontzeptu horren barruan sartzen direlarik bai lanbide baterako behar diren gaitasun digitalak, bai gaitasun horien maila. Profil digital profesionala errazago eskuratzeko, Orientazio Gida bat sortu da. Laguntza tresna horren bidez Lanbideko lan orientatzaileek, lanbide heziketako orientatzaileek eta KZguneetako dinamizatzaileek errazago lagunduko diete erabiltzaileei beren enplegagarritasuna, ikaskuntza eta digitalizazioa hobetzen.

Gaitasun digitalen Europako eredua (DIGCOMP) garatzen duten ekimenak aztertu ondoren, Telecentre Europe erakundeak funtsezko bost gaitasun-eremu tematiko identifikatu ditu gero eta digitalagoa den gizartean bizitzeko eta lan egiteko, eta mailarik aurreratuenetako zerbitzu digitalak eskuratzeko. Horiek guztiak jasota daude gaur Amsterdamen aurkeztu den txostenean, zeinetan Eusko Jaurlaritzaren ekimena gomendatzen baita eredu gisa.