Lehendakariak hasiera eman dio erlijio-aniztasunari eta bizikidetzari buruzko lan-jardunaldiari

2016.eko martxoak 02

Jardunaldiaren bitartez, «Euskadiko erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboari buruzko txostena» eman nahi da ezagutzera

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera Bilboko Deustuko Unibertsitatean egin den erlijio-aniztasunari eta bizikidetzari buruzko I. jardunaldiari. Eusko Jaurlaritzak arlo horretarako politika publikoen kudeaketaren gaineko txostena egitea eskatu zion Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuari eta Ellacuría Fundazioari, eta hori aurkeztuko dute aipatutako jardunaldian. Txosten horretan jaso dira komunitate erlijiosoen ordezkariek Euskadin dituzten arazo nagusiak, hobekuntza-proposamenak eginez.

Erlijio-komunitate desberdinen ordezkarien aurrean, lehendakaria berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako eta gizarteratzea xede duten gizarte-politikak eta hezkuntza-politikak sustatzearen alde agertu da. «Giza duintasuna edonoren etiketa etniko, erlijioso edo politikoren gainetik dago», berretsi du.

Lehendakariak inauguratu duen jardunaldian hartu dute parte Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando; Pluralismo y Convivencia Fundazioaren zuzendaria, Fernando Arias; Deustuko Unibertsitateko Errektorea, José María Guibert; Gizarte eta Giza Zientzen Fakultateko Dekanoa; Eduardo J. Ruiz Vieytez; Pedro Arrupe  Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria, Gorka Urrutia; eta Ellacuria Fundazioko zuzendaria den Miguel Gonzalez. Txostena aurkeztu ondoren, lantaldetan antolatutako solasaldiari emango zaio hasiera, txosten horren edukia aztertzeko.

Txostenaren ondorioak

Lehendakaria buru izan zen topaketa bat egin zen 2015eko martxoaren 20an, EAEn errotutako zenbait erlijioren ordezkariak bertan zirela. Bilera hartan, Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioari eta Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuari erlijioen arteko bizikidetzarako politika publikoei buruzko gomendio-txostena egiteko enkargua egin zien.

Euskadiko erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboari buruzko txostenak komunitate erlijiosoen ordezkariek Euskadin dituzten arazo nagusien nondik norakoak jasotzen ditu. Beharren eta eskarien analisiaren ondoren, hainbat proposamen jaso dira politika publikoei gehitzeko. Tartean, honakoak nabarmentzen dira:

-      Erakunde erlijiosoen erregistroa osatzea, EAEn dauden erlijio bakoitzeko erreferentziako pertsona identifikatu ahalko izateko horren bitartez.

-      Erlijioen ezarpen-mapa soziologikoa osatzea.

-      Kultu-zentroen legea egitea, EAEko udalerria guztietan aplikatzekoa, eta espazio edo ekipamendu publikoen erabilera-protokolo orokorrak sortzea, tratu-berdintasuna bermatzeko. Txostenari atxiki zaio Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-zentroei buruzko legearen proposamena,

Hezkuntza-, osasun-, lan- eta gizarte-esparruetarako gomendioak ere jaso dira.