Erkorekak Udal Legearen inguruko akordioa lortzeko borondatea eta konpromisoa ikusi ditu

2016.eko otsailak 12

Euskadiko udalerrien eskumenak zehazten dituen Udal Lege bat eduki ahal izatearen garrantzia nabarmendu du gaur Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak. Era berean, eta «oraindik negoziatzen jarraitu beharreko alderdiak geratzen» diren arren, horri buruzko akordioa lortzen saiatzeko alderdi ezberdinetan dauden «borondatea eta konpromisoa» nabarmendu ditu. Horrela ziurtatu du gaur 22:00etan Telebilbao katean emango duten elkarrizketan.

Aste honetan bertan Euskadiko Udalen Elkartea eguneratzeko EAJk eta EH Bilduk erdietsi duten akordioa ere izan du hizpide Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak; horrela bada, esparru ezberdinak badira ere, Udalerrien Legearen gaineko desadostasun asko Eudelekin zerikusia zutela azaldu du, eta hortaz, bere iritziz akordio horrek «ez du zailtzen»  aipatutako legearen inguruan akordioa egitea. 

Izan ere, alderdi ezberdinetan euskal udalerrien eskumenak arautu ahal izateko adostasuna lortzeko «borondatea» eta «konpromisoa» ikusten dituela adierazi du Erkorekak. Oraindik hainbat alderdi negoziatzeko daudela onartu arren, «horizonte batera iristen» ari direla ziurtatu du, jende guztiak ikusten baitu «udalerrientzako lege positiboa eta beharrezkoa» dela.

Halaber, Madrilgo inbestidurarako hautagai Pedro Sánchez sozialistak egindako proposamenaz ere galdetu diote; asteartean, Gobernu Kontseiluaren ostean, Eusko Jaurlaritzak zalantzan jarri baitzuen hura, zehaztugabea zelakoan. Horri dagokionez, berriro adierazi du Espainiako Gobernu berriak arreta handiagoa eskaini behar diola euskal agendari orain jardunean dagoenak egindakoa baino.

HILOTZ BAT AURKITU DUTE ANBERESEN

Atzo Anberesko Escalda ibaian aurkitutako hilotzari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzak,  Hodei Egiluz gaztearen gorpua izan daitekeen susmoen aurrean, «zuhurtzia» eskatu du haren nortasuna zehazteko lanak amaitzen dituzten arte.