Oregik Donostialdea-Bidasoa Beherea Paisaiaren Katalogoa egiteko lanak aurkeztu dizkie Donostialdeko udalei

2016.eko otsailak 12

  • Ingurumen eta Lurralde Politika sailak parte-hartze prozesu publikoa nabarmendu du
  • Zein ekarpen egiten dizu ibai ertzetik hurbil bizitzeak? Zein balio ematen diozu mendiko baseliza bati? Eta harana zeharkatu dezakeen errepide berriari? Zer-nolako paisaia ikustea nahi duzu zure ondorengoek? Horrelako galderen bidez egituratu da herritarren parte-hartzea paisaiaren kudeaketan.

 DSS 16 02 12

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik gaur goizean zehaztu die foru- eta Donostialdea-Bidasoa Behereko udal-ordezkariei Donostia eremu funtzionaleko Paisaia-zehaztapenen eta Paisaiaren Katalogoa osatzeko prozesua, parte-hartze prozesu publikoa barne. Izan ere, horren bidez, «baliabide hori, paisaia, Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenaren arabera kudeatuko da, lehen mailako baliabidea denez, are funtsezkoa ere, lurralde-antolamendu egokia ezartzeko».

 

Helburu hori dela eta, 2014 urtean, Eusko Jaurlaritzak euskal autonomia-erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko dekretua onartu zuen.  Dekretu horrek zenbait tresna zehaztu zituen, tartean, Katalogoak eta Eremu Funtzionalen Zehaztapenak. Dagoeneko egin dira Urola Kosta, Enkarterri eta Arabako Errioxako Katalogoak. Donostialdeari dagokiona egiteko lanak hasi berri dira.

 

Lurralde Antolamenduko sailburuorde Izaskun Iriarte alboan zuela, Oregik Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzan azaldu duenez, «Paisaiaren Katalogoan kasuko eremu funtzionaleko paisaia identifikatu, sailkatu, balioetsi eta kartografiatzen da, eta hainbat kapitulu deskribatzaile barne hartzen ditu, kasu honetan, Donostialdea-Bidasoa Behereko paisaia-unitateak identifikatu, ezaugarriak eta indar zein presio eraldatzaileak aztertuz, balioak eta kontserbazio-egoera zehaztuz eta paisaiak bete beharreko kalitate-helburuak proposatuz». 

  

Herritarren partaidetza

«Herritarrak paisaiaren kudeaketan inplikatzeko, paisaiaz duten irudipena eta nahi luketen paisaia ezagutzeko, beharrezkoa da partaidetza-programak gauzatzea. Horrenbestez, edonork parte hartu ahal izango duen tailerrak antolatuko dira, paisaiaren balioak identifikatzeko, hainbat ikuspegiren arabera. Era berean, parte-hartzaileek Donostialdea-Bidasoa Behereko paisaiaren kalitate-helburuen baterako diagnostikoa egingo dute. Gainera, Internet bidezko kontsultak eskainiko dira Irekia atariaren bitartez, hala nola askotariko gizarte eragileei eta lurraldeko pertsona adierazgarrienei egindako elkarrizketa luze-sakonak», zehaztu du sailburuak.

 

Informazioa hartu eta emateko, interesdunek mezu elektroniko bat bidali behar dute Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzara: paisaia@euskadi.eus.  Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Paisaiaren Katalogoa osatzeko; horretarako, inkestak egin eta tailer parte-hartzaileak eskainiko dira, paisaiari buruzko gizarte-pertzepzioa zein den eta herritarrek zer-nolako paisaia nahi duten jakin, eta paisaiaren kalitate-helburuak zehazteko.

 

«Zein ekarpen egiten dizu ibai ertzetik hurbil bizitzeak? Zein balio ematen diozu mendiko baseliza bati? Eta harana zeharkatu dezakeen errepide berriari? Zer-nolako paisaia ikustea nahi duzu zure ondorengoek? Horrelako galderen bidez egituratu da herritarren parte-hartzea paisaiaren kudeaketan, eta administrazioari aukera ematen dio horien premiak eta aurreikuspenak egoki betetzeko», adierazi du Ana Oregik.

 

Herritarrek paisaiari loturiko gaien gainean duten iritzia zehatz ezagutzeko, tailer parte-hartzaileak antolatu dira eta horietan eremu funtzionaleko paisaiari dagozkion balioak identifikatuko dira hainbat ikuspegiren arabera. Edonork parte hartu ahal izango du horietan eta parte-hartzaileek Donostialdea-Bidasoa Behereko paisaiaren kalitate-helburuen baterako diagnostikoa egingo dute. Elkarrizketa luze-sakonak egingo zaizkie, gainera, askotariko gizarte-eragileei eta lurraldeko pertsona ezagunetako batzuei. Azkenik, lehen esan bezala, Internet bidezko inkestak egingo dira Irekia atarian.