Osasuneko sailburuak zorionak eman dizkie Osakidetzako profesionalei, gripearen aurka egindako lanagatik

2016.eko otsailak 12

Osasuneko sailburuak, Jon Darpónek, zorionak eman dizkie Osakidetzako zentroetako langileei, egin duten lana dela-eta; izan ere, gripearen intzidentzia altua gorabehera, saturazioa beste urteetan baino txikiagoa izan da. Darpónek azaldu duenez, epidemia datozen bizpahiru asteetan desagertzea espero dute. Hala baieztatu du gaur goizean, Onda Cerok egin dion elkarrizketan.

Sailburuak ziurtatu du negu honetan «gailur altua» jo duela gripeak, 100.000 biztanleko ia 400 kasura helduta, eta bereziki eragin duela haurrengan eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonengan. Nolanahi ere, Osasun Saila pozik da lehen mailako arretaren eta larrialdien funtzionamenduarekin, aurreko urteetan baina saturazio txikiagoa izan dutelako; horiek horrela, Darpónek Osakidetzako zentroetan aritzen diren profesionalak zoriondu nahi izan ditu.

Zika birusaren inguruan, sailburuak lasaitasun-mezu bat igorri nahi izan du, zeren, Euskadin eraginpeko guneetara bidaiatutako norbaitek ekarritako kasuren bat ager badaiteke ere, ez baitu uste ondorio larriagoak izango dituenik. «Epidemiak ez du zerikusirik ebolarekin: gripearen koadro klinikoarekin agertzen da» gaineratu du.

Osakidetzaren hurrengo EPEari buruz galdetuta, Darpónek azaldu du deialdia aurtengo bigarren lauhilekorako onartzea aurreikusi dutela. Gutxi gorabehera 1.000 plaza eskainiko dira 2016ko bigaren lauhilekoan, baina azterketak ez dira 2017ra arte egingo.

Azkenik, legebiltzarreko talde batzuek koordainketarako laguntzak automatikoak izan daitezen egindako proposamenaren inguruan –aste honetan Eusko Legebiltzarrean makaldutako proposamen bat– sailburuak gogorarazi du ez dagoela diru-laguntza sozialik, norbanakoak eskabidea egitea eskatzen ez duenik. Ildo horretan, azpimarratu du prozedura erraza dela eta itzulketa zuzenean egiten dela.