Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2016an guztira 235 prestakuntza-ikastaro antolatu eta horietarako 23.000tik gora plaza eskainiko ditu

01.JPG

2015.eko abenduak 17

Eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroez gain, Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko prozesu berri baterako deialdia egingo da
 
Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Araupetzaileak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru zela, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubairekin, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin, Arkauteko Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenarekin eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondorekin batera, 2016ko urteko jardueren plana onartu du gaur. Jarduera-planean, euskal segurtasun-sistemara zuzendutako 235 ikastaro jasotzen dira eta 23.149 plaza eskaintzea aurreikusten da.
 
Ertzaintzaren kasuan, prestakuntza-planak datorren urtean guztira 119 ikastaro egingo direla jasotzen du eta 17.150 plaza inguru eskainiko direla. Udaltzaingoen kasuan, Arkauteko Akademiak 43 ikastaro antolatu ditu eta guztira 2.790 plaza izango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko suteak itzaltzeko zerbitzuetako suhiltzaile profesionalei prestakuntza emateko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 39 ikastaro diseinatu ditu eta horietan 2.250 plaza eskaini ahal izango dira. Euskal segurtasun-sistema publikoaren beste osagai garrantzitsuetako bat boluntarioen kolektiboa eta Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako langileak dira. Horiei 30 ikastaro eta 800 plaza zuzenduko zaizkie.

Gainera, urteko jardueren planari jarraiki, segurtasun publikoko euskal sareko beste kolektibo batzuei erantzuteko, 160 pertsonarentzako beste lau prestakuntza-ikastaro gordeko dira.

Hurrengo urterako, eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroez gain, 25. promozioko 250 ikasleei prestakuntza emango zaie, eta Ertzaintzak bere langile-taldea berritzeko eta egonkortzeko duen helburuaren barruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko prozesu berri baterako deialdia egingo du, sortzen diren hutsuneak betetzeko. Era berean, barne-sustapenak eta igoerak egiteko beharrezko hautapen-prozesuetarako deialdiak egingo dira (1. mailako agenteak, ofizialordeak eta ofizialak), baita espezializazio-deialdiak ere (ikerketa kriminala, bide-segurtasuna, eta abar), antolaketa-egitura osatzeko.

Parez Pare jardunaldien hirugarren edizioa

Kontseilu Araupetzaileak, halaber, Parez Pare jardunaldien edizio berri baterako behin-behineko programaren berri eman du. Jardunaldi horiek ere Ertzaintzako eta udaltzaingoetako profesionalei zuzenduta daude, baita segurtasun publikoko euskal sistemaren esparruko profesional guztiei ere. 2015. urtean, 1.000tik gora pertsonak parte hartu dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako jardunaldiren batean.

Parez Pare jardunaldietan, honako gai hauek aztertuko dira: lege-aldaketak eta poliziaren arloan izan dituzten ondorioak; errefuxiatuen fenomenoa, segurtasunaren ikuspegitik; eta larrialdiak, suteen ikerketa, gizakien trafikoa, adineko pertsonen kontrako tratu txarrak eta adingabeen kontrako sexu-gehiegikeriak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aztertuko duen beste gaietako bat muturreko islamismoari buruzko mintegi bat antolatzea izango da.