Azken eguneratzea: 2010/02/10
Patxi López Lehendakariak 3. Lineako Txurdinaga-Alde Zaharra eta Uribarri tarteetako lehenengo harria jarri du
Ekitaldian Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburua eta ETSren presidenteak, José Luis Bilbao Aldun Nagusiak eta Iñaki Azkuna Bilboko Alkateak ere hartu dute parte.

Patxi López  Lehendakaria buru dela Metro 3. Lineako Txurdinaga-Alde Zaharra eta Uribarri tarteetako lehenengo harria jarri dute gaur. Tarte hauek Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute erdibana.

Gasaren Plazan ospatu den ekitaldian Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburua eta ETSren presidenteak, José Luis Bilbao Aldun Nagusiak eta Iñaki Azkuna Bilboko Alkateak ere hartu dute parte.

Bilboko metropoli-trenbidearen 3. linea eraikitzeko proiektua –185 milioi euroko inbertsioarekin– erdi bana finantzatuko dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. 

3. lineak bost minututik behin eskainiko ditu tren-zerbitzuak Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gora zerbitzatuko ditu, etxetik 10 minutu baino gutxiagora metro-geltoki bat izango dutenak 70.000 gora izango baitira.

3. linearen trazadurak 5.885 metroko luzera izango du, eta zazpi geltoki egingo dira bide horretan: San Antonio-Etxebarri, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Alde Zaharra, Uribarri eta Matiko. Guztiak ere metrokoen itxurakoak.

3. lineak Bilbo iparraldeko auzoak zerbitzatuko ditu batez ere; baina Bermeo, Durango eta Eibar aldetik Bilbo erdi aldera joan nahi dutenentzat ere aukera bikaina izango da, eta gainera, Txorierriko trenbidekoentzat, Artxandako tunela medio, metro-sarerako konexioa izango da.

3. linearen egoera

Txurdinaga-Alde Zaharra tartea egiteko 35,6 milioi euroko aurrekontua dago, eta 30 hilabeteko epea izango da obrak egiteko. 1,5 kilometroko luzera izango duen tarte hori Txurdinagako geltokiaren ondoren hasi eta Alde Zaharrekora iritsi baino lehenxeago amaitzen da. Ia bide guztia tunelean doa, eta proiektuaren barruan Zurbaranbarriko geltokia ere sartzen da, metro-geltokien itxurarekin.  3. lineako geltoki hau, pertsona ororentzat irisgarri izango da eta Zumaia eta Lezamako trenbide zaharreko kaletik izango ditu sarrerak.

Uribarri tarteak berriz, 0,8 kilometro luze ditu. Alde Zaharreko geltokia igaro eta berehala hasten da, eta Uribarri auzorako izango den geltokian amaitzen da. Geltokiak hainbat sarrera izango ditu: Uribarri “C” zeharkaletik, Eskolen plazatik, San Balentin Berriotxoa kaletik eta Zumalakarregi ingurutik. Obra egiteko 27,5 milioi euroko aurrekontua izango da, eta 29 hilabeteko epea.

3. linea eraikitzeko obrak duela hilabete batzuk hasi ziren. Zehatzago esanda, udaz geroztik Etxebarri-Txurdinaga tartean lanean hasita daude.  Horixe da tarterik luzeena, 2,6 kilometrokoa, 64,3 milioi euroko aurrekontuarekin eta 39 hilabeteko epearekin. Proiektuan Txurdinagako eta Otxarkoagako geltokiak ere sartzen dira.

Gainera, gaur egun, San Antonio Etxebarri eta Matikoko geltokia eraikitzeko obrak lehiaketa-prozesuan daude. Matikoko geltokiari dagokionean, aurreikusita dagoen lanarekin nabarmen hobetuko da auzoa, hirigintzaren ikuspuntutik, kendu egingo baita auzoa bitan zatitzen duen trenbide-lubakia.

Alde Zaharreko geltokia egiteko lehiaketarako deia datozen hilabete hauetan argitaratuko da. Geltoki hori izango da 3. linea 1. eta 2. lineekin lotuko dituena. San Nikolasko geltokia hustu eta egitura modernoago bat egingo da, irisgarria, eta linea batzuetatik besteetara erraz eta azkar aldatzeko aukera emango duena. Geltoki berri hori Norman Foster arkitektoak diseinatuko du.

Etorkizunean aski izango dira 10 minutu Alde Zaharretik edo Moiuatik aireportura joateko. Eta Artxandako tunela da horretarako lehenengo urratsa, baina ez bakarra. Saila Ola-Sondika tarteko informazio-azterlana idazten ari da, eta atzo bertan itxi zen Sondika-Loiuko aireportua tarteko informazio-azterlanerako lehiaketarako eskaintzak aurkezteko epea. Urratsez urrats, etorkizunean posible izango da Bilbo erdi aldearen eta Loiuko aireportuaren arteko konexioa.   

Metroko beste linea batzuk

Metroaren 3. linea da Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren helburuetako bat, baina beste batzuk ere bai; esaterako, 2. linea amaitzeko lanak, Basauriko eta Kabiezesko bizilagunek metroa etxe-atarian izan dezaten, edota  Getxon Maidagango trenbide-pasagunea kentzekoak.

Metroaren 4. linea proiektu-mailan zehazten ere hasita gaude. Linea hori Errekaldetik hasi eta Iralan, Zabalburun eta Moiuan gelditu ondoren, Euskadiko plazan eta Deustun Ugaskon barna egingo du aurrera, harik eta Matikon aldagune batera iritsi arte, eta han Loiurako bidea hartu, Artxandako tunel berrian zehar, edo Txurdinaga eta Otxarkoaga alderantz jo.

Gainera Galdakaora joango den 5. linea eta Sarratuko intermodala era aztergai ditugu. Helburua, beti, Bizkaian ahalik eta azpiegiturarik onenak izatea.