Azken eguneratzea: 2008/06/10
Eusko Jaurlaitzak: Pentsioak osatzeko Lege-Proiektuak 20.000tik gora onuradun eta ia 25 milioi euroko kostua izango du

Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio Pentsioak Osatzeko Lege Proiektuari. Lege horri esker, pentsio txikienak dituztenek -zahartzaroko, baliaezintasuneko eta alarguntzako pentsioak- zuzenbideko prestazio ekonomiko berri bat jasotzeko eskubidea izango dute. Diru-sarrera handiagoak izango dituztenez, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateek LGSaren % 100 bermatu ahal izango dute -700 euroko 12 ordainsari-; bi lagunez osatutako bizikidetza unitateek LGSaren % 125 eta hiru pertsona edo gehiagoz osatutakoek LGSaren % 135.

Osagarri berri hau jasotzeko eskubidea izango duten pentsiodunak "beharrizan-egoeran daudenak izango direla, hau da, dauzkaten diru-sarrerekin LGSa gainditzen ez dutenak eta ezarrita dagoen ondarera -urteko Oinarrizko Errentaren lau halako- iristen ez direnak".

Pentsio txikienak jasotzen dituzten pertsonen egoerari "berehalako erantzuna" eman behar zitzaiola, gaur egungo alarguntzako pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak "pobrezia-mailaren azpitik baitzeuden". "Kotizazio gabeko pentsioak hilean 260-300 eurokoak dira. Hori dela-eta, pentsio hori jasotzen duten pertsona askok Oinarrizko Errenta erabiltzen dute pentsioa osatzeko. Gaur egun 616tik 875 euro artekoa da Oinarrizko Errenta".

Testu berria indarrean jartzeak hiru ondorio garrantzitsu izango ditu:

  • Gaur egun Oinarrizko Errenta jasotzen ari diren 7.500 bat pentsioduni onurak ekarriko dizkie. Batez beste hilean 84 euro gehiagoko laguntza izango dute. Hortaz, hilean 616 euroko Oinarrizko Errenta bazuten (urtean 12 ordainsari), hemendik aurrera errenta hori 700 eurokoa izango da eta horrela urtean 1.000 bat euro gehiago jasoko dute. Honek urtean 7,5 milioitik gorako gastua eragingo dio altxor publikoari.
  • Oinarrizko Errenta jasotzeko diru-sarreren gutxieneko kopurua LGSaren % 88tik % 100era handitzearen ondorioz, Oinarrizko Errenta jasoko duten beste 3.000tik gora onuradun egongo dira. Onuradun horiek batez beste hilean 50 euro gehiagorekin osatuko dituzte diru-sarrerak (650 eurotik 700 eurora), eta horrela urtean 600 euro gehiago izango dituzte. Urteko gastu publikoa 1,80 milioi eurokoa izango da.
  • Bizikidetza-unitatearen kontzeptua aldatuko da, eta edozein kasutan pentsioduna ahaideetatik bereizitako unitate gisa hartuko da. Pertsona askok orain arte ez zeukaten pentsioak osatzeko eskubiderik, familia osoaren diru-sarrerak kontatzen zirenez, Oinarrizko Errentarako ezarrita dagoen muga gainditzen zutelako. Lege-proiektu berria onartuta, jasotako pentsioak ez zaizkie batuko bizikidetza-unitateko gainontzeko kideen errentei. Aldaketa honi esker, gutxi gorabehera 10.250 pertsona gehiagok eskuratu ahal izango dute Oinarrizko Errenta eta batez beste hilean 125 euro gehiago jasoko dute pentsioak osatzeko. Lehen 575 euro jasotzen bazituzten orain 700 jasoko dituzte eta urtean 1.500 euro gehiago izango dute. Neurri honek urtean 15,40 milioi euro inguruko kostua izango du.

Laburbilduz, Pentsioak Osatzeko Lege Proiektuak 20.000tik gora pertsonei onura ekarriko die -13.250 berriak izango dira eta 7.500 lehendik laguntza jasotzen zutenak- eta horrek ia 25 milioi euroko kostua izango du. 

Azken xedapenetako bigarrenak ezarritakoaren arabera, Legea Legebiltzarrean onartzen denean jarriko da indarrean, bi fasetan: gaur egun Oinarrizko Errenta jasotzen ari direnei hileko zenbatekoa igotzeko, eta zenbatekoa igotzeagatik babes-sisteman sartzen diren titular berrientzat, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Bizikidetza-unitatearen kontzeptua aldatzeari dagokionez, berriz, 2009ko urtarrilean jarriko da indarrean.

Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da bertan presazko izapideak egin ditzaten.

Bestalde, aurtengo ekainean, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Lege Proiektua onartuko du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Lege horrek, beste programa garrantzitsu batzuen artean, Etxebizitzako Gastuen Osagarria jasotzen du. 

Beraz, hil honetan Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Lege Proiektua onartuz, Jaurlaritzak 2007ko martxoko akordioan hartutako konpromiso guztiak beteko ditu" .

Era berean, bi lege-proiektu hauek onartuz, Eusko Jaurlaritzak VIII. Legegintzaldi honetarako ezarritako koalizio-akordioa beteko du.

Pentsioak finkatzea "Estatuaren eskumena dela" gogoan izan behar da. "Eta gaurko egunean gure zahar, alargun eta antzeko asko batere duinak ez diren pentsioak jasotzen ari dira. Horregatik, Jaurlaritzak Euskadi sozialaren alde egiten duen apustua gaur onartu dugun bezalako lege-proiektuetan islatzen da, pertsona ahulenak eta baztertuak izateko arrisku handiena dutenak baitira lehentasunezko helburuak".