Azken eguneratzea: 2012/06/24

Giza eskubideak bultzatzen, babesten eta defenditzen jarduten direnentzat Nazio Batuen erakundeak ateratako eskuliburua euskarara itzuli eta argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzak

Justizia eta Herri Administrazioa Sailak eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak sinatu zuten Elkar Ulertzeko Memorandumaren barruan sortu da ekimen hau

Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak oraintxe argitaratu berri du “Nazio Batuen programarekin lanean, giza eskubideen eremuan. Gizarte zibilarentzako eskuliburua”. Euskaraz argitaratu du gizarte zibilarentzako eskuliburua, giza eskubideak bultzatzen, babesten eta defenditzen jarduten direnentzat lagungarri izango delakoan, eta hezkuntzako berritzeguneetara bidali da dagoeneko.

Justizia eta Herri Administrazioa Sailak agindu du liburuxka hau itzultzeko eta argitaratzeko, bere mendeko Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez. 212 orriko lana da, eta, laburpenenan, besteak beste, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak (NBGEGKB) ematen dituen beka, prestakuntza-programa, argitalpen eta baliabide materiales berri ematen du. Beste kapitulu batzuetan, adibidez, itunen bidez sortutako giza eskubideen aldeko organoen berri ematen du, bai eta giza eskubideen ustezko urraketak direla-eta jarritako salaketen, funtsen eta laguntza finantzarioen berri ere.

Edizio originala (‘Trabajando con el Programa de las Naciones Unidas en el Ámbito de los Derechos Humanos. Un manual para la sociedad civil’), Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren ekimenez argitaratu zen, eta Idoia Mendia sailburuaren hitz-aurrea gehitu zaio oraingoan. Hitz-aurrean Justizia eta Herri Administrazioaren sailburuak bere nahia adierazten du: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala izan dadila munduko lider guztien liburu gidaria XXI. mendean.

“Giza eskubideen alde lan egiten duten nazioarteko erakunde eta organoek batzuetan labirintoa dirudite kanpotik begiratuta, eta eskuliburu honek giza eskubideekin konpromisoa hartu duten pertsona guztiei “labirinto” horretan errazago murgiltzen lagunduko die, seguru asko”, dio Mendiak. Halere, sailburuak jakin badaki “Gizarte zibiletik giza eskubideen defentsaren arloan lan egiten duten erakunde eta pertsona guztiek daukaten eskulibururik onena, musu-truk hartua duten konpromisoa dela, zalantzarik gabe”.

“Honelako argitalpenak guztiontzat baliagarria izatea nahiko genuke, bai instituzioetan gaudenontzat eta bai giza eskubideak hedatzeko eta mundu osoak eskubide horiek errespetatzeko hain beharrezkoa dugun eta gizateriarekin konpromisoa hartua duen gizarte zibilarentzat”, halaxe bukatzen du Idoia Mendiak.

Justizia eta Herri Administrazioa Sailak eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak sinatu zuten Elkar Ulertzeko Memorandumaren barruan sortu da liburuxka euskaratzeko eta argitaratzeko ekimen hau.