Azken eguneratzea: 2012/07/20

Atzerriko turisten marka berretsi egin da 2012ko lehen seihilekoan, % 2,4ko hazkundea izan baita

Guztira, milioi 1 turista baino gehiago erregistratu dira EAEko hoteletan urtarriletik ekainera bitarte, euskal turismoaren bigarren urte onena izanik.

Duela hiru urteko egoerarekin alderatuta, turismoa % 17 hazi da Euskadin eta, atzerriko turisten kasuan, hazkundea % 31ra ere iristen da.

Ostatu-gauen bilakaera positiboa nabarmendu behar da: 1,9 milioi lehen seihilekoan, 2011ko marka onena baino apur bat gutxiago (% 0,8).

Lehen seihileko honetan, Araban % -0,7 turista gutxiago izan dira, Bizkaian % +0,3 gehiago, eta Gipuzkoan % -5,2 bisitari gutxiago.

Hiriburuen arabera, Gasteizen % +3,7 igo da, Bilbon % -0,1 jaitsi da eta Donostian % -5,43ko jaitsiera izan da bisitarien etorrerari dagokionez.

2012. urte hau euskal turismoaren bigarren urte onena dela esan dezakegu, 2011. urtean gainditutako marketatik oso hurbil baitago. Ekitaldiaren erdia igaro den honetan, Euskadiko hoteletan milioi bat bisitari baino gehiago egon dira  (zehazki, 1.042.770), hau da, iazko marka historikoa baino % 1,8 gutxiago baino ez.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur jakinarazi dituen datuen arabera, ostatu-gauen kasuan bilakaera ona izan dela esan dezakegu: 1.924.537 ostatu-gau, 2011n baino soilik % 0,8 gutxiago eta sektorean erregistratutako bigarren marka onena izanik.

Ekitaldiaren erdiaren balantzea egin ostean datu bat berretsi ahal izan dugu; hain zuzen ere, Euskadi oso erakargarria dela une honetan atzerritarrentzat. Iazko datuekin alderatuta, % 2,4 egin du gora, orain arteko zifrarik handienera iritsita. Eta sarreren kasuan ez ezik, atzerritar bisitarien ostatu-gauen kopuruan ere gorakada izan da (% 2,2). Orain, EAEra iristen diren turisten guztirakoaren % 31,1 osatzen dute atzerritarrek. Bi heren (% 68,9) Espainiatik datoz oraindik ere.

Turismoaren sektorea nabarmen hazi da Euskadin azken urteotan. 2009. urtea erreferentziatzat hartuz gero, turismoa % +17 hazi da; bestela esateko, 156.000 bisitari gehiago izan dira. Estatuko turisten kopuruak gora egin du (% +12), baina atzerritarren kopuruan ere hazkundea bereziki garrantzitsua da: % +31.

Kopuru horiek ikusita, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila oso pozik dago azken urteotan sektorea asko hazten ari delako; izan ere, portaera onena duen segmentu ekonomikoetako bat da eta egungo krisialdiaren erronkari egoera positiboagoan aurre egiten ari zaio.

Lurraldearen arabera

Lehenengo seihilekoaren balantzean, Arabako eta Bizkaiko lurraldeetan aldaketa oso txikiak gertatu dira aurreko urteko datuen aldean, baina Gipuzkoan beheranzko joerari eutsi egin zaio.

Hori horrela izanik, Araban 161.014 turista sartu dira hasierako sei hilabeteetan, hau da, 2011ko aldi bereko datuekin alderatuta, % -0,7. Estatuko nahiz atzerriko turismoak ere proportzio berean aldatu dira.

Hiriburuan, hots, Gasteizen bisitarien marka gainditu da aldi honetan, iazko datuekin alderatuta % 3,7ko hazkundearekin.

Bizkaian, iazko datuak gainditu egin dira. Lehenengo sei hilabeteotan 514.329 pertsona etorrita, 2011ko datuen aldean % 0,3ko hazkundea izan da. Bizkaian, % -1,7 jaitsi da Estatuko turista kopurua, eta hori kontraste handia egiten du atzerritarrei buruzko datuekin, % 5,5eko igoera izan delako; azken kasu horretan markak hautsi dira. Ildo horretan, baliteke BECen egindako Makina Erremintaren Biurteko erakusketak eta El Sol Jaialdiak eragina positiboa izatea.

Bilbori dagokionez, iazko aldi honetako datuei dagokienez, % -0,1eko jaitsiera izan da turista kopuruan eta, beraz, 2011. urtearen atzetik, bigarren urte onena izan da.

Bestalde, lehen seihileko honetan Gipuzkoak galdu ditu turista gehien. Zehazki, % -5,2 egin du behera iazko datuekin alderatuta edo, bestela esateko, 20.357 bisitari gutxiago izan ditu. Atzerriko bisitarien jaitsiera % -0,2 baino ez da izan. Estatuko turisten jaitsiera, ordea, nabarmena da. Hasierako sei hilabete hauetan, Estatuko 20.088 turista gutxiago izan dira aurten, hau da, urtarriletik ekainera bitarte % -7,8ko beherakada izan da.

Donostian, lehenengo sei hilabeteetan ere jaitsiera izan da turista kopuruari dagokionez. 206.759 turista iritsi dira; horrek esan nahi du % -5,4ko jaitsiera izan dela ,edota 11.951 bisitari gutxiago izan direla.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 20a