Nora Abete: 'Opari-kupoi edo deskontu-kupoi batzuk trukatzean gertatutako zenbait arazoren berri izan du Kontsumobidek'

Argitalpen-data: 

Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek azaldu du kexak eta erreklamazioak jasotzen ari direla merkataritza elektronikoko webgune batzuetako bezeroek eskuratutako produktuak lortzeko edo zerbitzuak baliatzeko ezintasuna dela eta

Kupoia marketin-teknika bat da, eta gero eta marka gehiagok erabiltzen dute salmentak areagotzeko. Sustapen horiek, eskaintzen dituzten deskontuak direla eta, erakargarriak izan daitezke. Gainera, behin-behinekotasunaren taktika erabiltzen da, erostera bultzatzeko. 

Eskuratutako opari-kupoi edo deskontu-kupoi trukagarrien bidez, kontsumitzaileek web-plataforma batean egiten dituzte erosketak, hirugarrenek emandako produktu edo zerbitzu batzuen truk, eta hirugarren horiek produktuak edo zerbitzuak emateko edo egiteko konpromisoa hartzen dute. Sektoreak askotarikoak dira: bidaiak, jatetxeak, ostatuak, gimnasioak, estetika- eta osasun-tratamenduak, ikastaroak eta produktu asko eta asko. 

Nora Abetek azaldu duenez, arazoa sortzen da "enpresa hornitzaile edo laguntzaileek kontsumitzaileei haiek online plataforman aldez aurretik ordaindu dituzten zerbitzuak edo produktuak ematen ez dizkietenean. Jarraitutako kasu askotan argudiatzen denez, online dendak zorrak ditu enpresa hornitzaile edo laguntzaileekin, eta ez dizkie ordaintzen egindako zerbitzuak edo emandako produktuak”. 

Erreklamazioen xede diren webguneak Let’s Bonus eta Groupalia dira. Webgune horiek operatibo daude oraindik, eta kupoiak eskaintzen jarraitzen dute, baina enpresek ez diete erantzuten kontsumo-gatazkaren inguruko bitartekaritza-errekerimenduei. Kontsumobidek zalantzazko plataformak ez erabiltzeko aholkua helarazi nahi die etorkizuneko bezeroei. 

Gomendioak: 

  • Kupoi trukagarriak erosi aurretik, ziurtatu eskaintzen dituen enpresaren ospe ona. Horretarako, baliagarria izaten da Interneten beste pertsona batzuen balorazioak eta iruzkinak
  • Irakurri arretaz webguneak eskaintzen duen informazioa, eta ez onartu ulertu ez duzun baldintzarik.
  • Gorde eskaintzari buruzko publizitatea eta eskaintzaren informazioaren eta egindako eragiketen egiaztagiriak edo frogak, beharrezkoak izan baitaitezke erreklamazioa egiteko.
  • Egiaztatu azken prezioa ordainketa egin aurretik.
  • Agertu jarrera kritikoa bulkadei jarraituta eta pentsatu gabe egindako erosketen aurrean. Ez jarraitu itsu-itsuan merkataritza-estrategiei.
  • Kupoiak trukatzeko garaian arazoak badituzu, aurkeztu erreklamazioa. 

Nola egin erreklamazioa?

  1. Bidali idatziz erreklamazio bat online dendaren erreklamazio-zerbitzura.
  2. Aurkeztu erreklamazio bat Kontsumobiden edo zure bizilekutik hurbilen dagoen Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan (KIUB).