Bio-osasun arloko 50 erakundeek ezagutza trukatu dute Flandes eta Euskadiren arteko Biotech topaketa batetan

Argitalpen-data: 

Flandesek eta Euskadik Bio-osasun arloko enpresa eta ikerketa arloetako esperientziak trukatu dituzte ekainaren 13an, Bilbon, Basque Health Cluster, Flanders Investment & Trade eta SPRI Taldeak (Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez) antolatu duten “Flandesen eta Euskadiren arteko Biotech topaketa” ekitaldian. Topaketa hori Basque Health Cluster elkartearen urteroko Batzar Nagusiaren ondoren egin da, eta helburutzat izan du lankidetzak sustatzea bi eskualdeetako Bio-osasun sektoreko enpresen eta I+G-ko eta finantza arloko agenteen artean.

Belgikako enbaxadore Marc Calcoen-ek eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek inauguratu dute jardunaldia, non Euskadiko 50etik gora antolakunde elkartu diren Flandesko biotech sektorea ezagutzeko.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek eta Flanders Investment & Trade erakundeko kontseilari ekonomiko eta komertzial Tom Vermeulen-ek euskal antolakundeen esku jarri dituzte bi eskualdeetan nazioartekotze-jarduerei laguntzeko eskaintzen diren tresnak.

Jardunaldian parte hartu dute halaber Elisabeth Stes-ek (Flemish Institute of Biotechnology-ko nazioarteko harremanen arduradunak), Fernando Loscertalesek (Bank Degroof Petercam Spain-eko zuzendari nagusiak) eta Susana de Antoniok (Euronext Spain-eko zuzendariak), zeintzuek hizpide hartu dituzten beren antolakundeak eta euskal sektorearekin kolaboratzeko eskaintza.

Flandes Europako bioteknologiako gune garrantzitsuenetako bat bihurtua dago hainbat faktorerengatik, esaterako, badituelako unibertsitate eta ikerketa zentroz osatutako azpiegitura bat, azkar hazten ari den sektore bat, ingurune enpresarial abantailatsua eta garapen estrategiko bat.

Euskadin, Osasunaren biozientziak RIS3 estrategiaren barruko lehentasunezko espezialitate bat dira, eta sektore ekonomiko gaztea, enpresa oso berritzailez osatua eta ezagutzan oinarritua, eta etengabe hazten ari den merkatu global batera zuzendua, horrek aukera ematen digularik gure ekonomia balio erantsi handiko eremuetara dibertsifikatzeko, eta baita ere Euskadiko pertsonen ongizatea eta enpresen lehiakortasuna hobetuko dituen aberastasuna sortzeko.

Bioteknologiaren sektorean funtsezkoa da Europa mailako lankidetza, emaitza berritzaileak lortzeko. Jardunaldi hau erakusleiho bat izan da Flandesko biotech sektoreak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko eta euskal sektorearekin balizko lankidetza-eremuak bilatzeko.

  Informazio gehiago