Osalanen Kontseilu Nagusiaren bilera

Gaur goizean izan da Osalaneko egoitza nagusian Laneko Segurtasuneko eta Osasunerako Euskal Erakundearen Kontseilu Nagusia, erakundearen errektore organorik nagusiena. Jon Azkue, Lan Saileko sailburuordea, izan da bileraren burua; eta Eusko Jaurlaritzako, enpresetako, kooperatibetako eta gizarte eragileetako ordezkariak egon dira.

Bileran, 2018ko ezbehar-kopuruen berri eman da: 33.091 istripu traumatiko eta 71 ez traumatiko; eta 37 istripu hilgarri.

Horrez gain, 2019ko Osalaneko Kudeaketa Plana aurkeztu eta onartu da, eta ondoko lan-lerroak izango ditu: laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea; lanean gertatu daitezkeen kalteak saihesteko arriskuen, horiekiko esposizioaren eta lesioen edo patologien informazioa izatea; lantoki berrietan sor daitezkeen arrisku berriei aurre hartzearen ezagutzan sakontzea; eta, hori guztia, ohiko enpresa, jarduera eta sektoreak alde batera utzi gabe, horietan ere baitaude laneko segurtasunean eta osasunean aintzat hartu beharreko beharrizanak.

Kontseilu Nagusiak ere Osalanen esparruan 28/2018 Errege Lege Dekretuak, abenduaren 28koak, izan ditzakeen ondorioak aztertu ditu (zeinaren bitartez pentsio publikoak goratzen diren, eta gizarte-, lan- eta enplegu-arloan premiazko beste neurri batzuk hartzen diren). Horrekin, langile autonomoek Gizarte Segurantzarekin duten harremana aldatzen da, haien lanarekiko eta jardunean suerta litezkeen gertakizunekiko babesa handituz. 

Azkenik, Juan Carlos Cotoren erretiroagatik etorri den Plangintza Zuzendariordearen berri eman da: Francisco Javier González Gómez. Ekonomi-eta enpresa-zientzietan lizentziaduna, azken lanak  Gurutzetako Ospitaleko Finantza-Ekonomia zuzendaritza izan da (2009tik 2013ra), eta Ekonomiaren eta Azpiegituren Kudeaketaren zuzendariordea Kantabriako Osasun Sailean.

2019ko otsailaren 22an Osalanek egindako prentsa oharra (pdf, 225 KB) (leiho berri batean irekitzen da)