Eusko Jaurlaritzaren balorazioa Europar Batasuneko Kontseilu bereziak Erresuma Batua EBtik ateratzeko hitzarmena eta etorkizuneko harremanen gaineko adierazpen politikoa onartzeari buruz

Argitalpen-data: 

2018ko azaroaren 25ean, akordioa sinatu zuten Europar Batasuneko Estatu eta Gobernu Buruek eta, haren bidez, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko hitzarmeneko testua eta etorkizuneko harremanen gaineko adierazpen politikoa onartu zuten; bada, horren inguruan, Eusko Jaurlaritzak ondorengo balorazioa egiten du.

Jabetzen gara Erresuma Batuko eta Europako parlamentuak artean berretsi egin behar dutela hitzarmena, baina ontzat daukagu akordio batera heldu izana, modu txukunean ateratzeko bidea zelaitzen baitu, hitzarmen ezak eragin lezakeen ziurgabetasuna gutxitzen du, eta Erresuma Batuaren eta EBren arteko etorkizuneko harremanaren nondik norakoak marrazten.

Europar Batasuneko estatu kide bat joatea ez da ospatu behar den ezer, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziko, erantzuna eman zaio 2016ko ekainaren 23an izandako erreferendumean britainiar herriak egindako hautuari.

Halaber, etorkizunean Erresuma Batuarekin harremanak edukitzeko oinarri anbiziotsuak, orekatsuak eraikitzearen aldekoak gara, auzotasun onean eta elkarren irabazian oinarrituak.  Euskaditik hala izan dadin lan egingo dugu.

Edonola ere, berrespen-prozesua amaitzen ez den bitartetan, hipotesi bat ere ezin da baztertu. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du beste erakunde publikoekin lankidetzan duela urte eta erdi martxan jarritako Brexit Batzordearen barnean, euskal interesak defendatzen, eta gerta litekeen akordio-ezeko eszenategi baten eragina albait gehien txikitzen.

 

Informazio gehiago