Argitalpen-data: 2015/04/14

Oregi eta Uriarte sailburuek zorionak eman dizkiote Gesaltza-Añanako udalerriari Gatz Harana lehengoratzeko hamabost urtez egindako lanagatik; izan ere, udalerriak «Europa Nostra» 2015 saria jaso du

SalinasAñana_01_04_15_(72).JPG
  • Saria emateko ekitaldia ekainaren 11n izango da Osloko Udaletxean

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika  eta Kultura sailburuek, Ana Oregik eta Cristina Uriartek, zorionak eman dizkiote Gesaltza-Añanako udalerriari eta bertako alkate Juan Carlos Medinari. Izan ere, Europako Batasunak Europa Nostra saria eman berri dio udalerriari Gatz Harana lehengoratzeko duela hamabost urte hasitako lanagatik.

 

Oregik Gesaltza-Añanako hainbat gune bisitatu zituen joan den astean hango udalbatzarekin batera. Guneak hobetzeko eta Haranaren bilakaerara egokitzeko prozesu betean daude, eta Sailburuak erreferentzia egin dio 2000 urtean hasitako prozesu horri, ondoko hau esanez: «hainbat lagun ari badira ere parte-hartzen, batez ere, bizilagunen interesak eta babesak darama aurrera egitasmoa. Egia da, halaber, Eusko Jaurlaritzak eta ondoz ondoko foru-aldundiek babesa eman diotela ekimenari, baina, ororen gainetik, gatzagileen lanaren eta ilusioaren aitormena da, hein handi batean, Europako Batzordearen Europa Nostra saria».

 Oregi sailburuak baliagarritzat jo du saria, Gesaltzan eta, batez ere, Gatz Haranean lanean jarraitzeko sustagarri gisa, hala harana lehengoratzen nola berau sustatzen eta ekonomikoki garatzen, bertako bizilagunek ongizate-baldintza hoberenez gozatu ahal izan dezaten eta Añanako paisaia- eta kultura-ondareak Arabako eta Euskadi osoko garapenaren erreferentzia-puntu gisa balio dezan.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 11n burutuko da Osloko Udaletxean. Bertan buru izango dira Fabian Stang, Osloko alkatea, Tibor Navracsics, Europako Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirol komisarioa, eta Placido Domingo, Europa Nostrako presidentea. Ekitaldi honetan, sarituetako zazpi Sari Nagusiaren irabazle izendatuko dira (10.000 euroko saria du horrek bakoitzarentzat), eta gainera, Publikoaren Saria eskuratuko du horietako batek, Europa Nostraren webgunean egingo den bozketaren bidez.

 Navracsics komisarioaren esanetan, “Kultura Ondarea da Europak dituen aktiboetan baliotsuenetako bat. Zenbatu ezinak dira beronek kultura, ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan eskaintzen dizkigun onurak. Aurtengo irabazleak zoriondu nahi nituzke, europarrok geure ondarearen alde eta geure nortasun europarraren alde egin dezakegunaren adibide bikainak baitira. Aurrerantzean ere elkarlanean jarraitu beharra daukagu, komunitateei eta herritarrei euren ondarea maite izaten laguntzeko, gure egunerokoaren zati bihurtzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeko”.