Argitalpen-data: 2013/10/04

Etxe-tresna elektrikoak merkatuan jartzean sortzen diren aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak ondo kudeatzeko kontrola

Ingurumen Administrazioaren Zuzendariak egindako komunikazioa

Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila etxe-tresna elektriko handiak merkatuan jartzean sortzen diren aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen (AEEH) kudeaketa-plana prestatzen ari da, ikusita askotan ez direla behar bezala biltzen, baliotzen, berriz erabiltzen eta birziklotzen; nahiz aparatu elektriko eta elektronikoek eragindako hondakinei buruz, Europako Parlamentuak 2003ko urtarrilaren 27an xedatutako 2002/96/EE zuzentarauak hala agintzen duen, aparatu elektriko eta elektronikoei eta eragiten duten hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuaren bitartez egokituta.

Hasierako fasean, etxe-tresna elektrikoak banatzen dituzten enpresa txiki, ertain eta handiei ikuskapenak egin zaizkie, ausaz aukeratuta, etxe-tresna elektroniko handien aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketaren baldintza legalak zenbateraino betetzen diren ikusteko.

Ikuskapen horietan bildutako informazioa aztertu ondoren, konturatu gara kasu gehientsuenetan hondakinen kudeaketa ez dela legeak agintzen duen eran egiten, etxe-tresna elektrikoetarako renove planik indarrean egon ez denean. Alderantziz, ikuskatu ditugun banatzaile gehienek AEEH ondo kudeatzen dutela egiaztatu dute etxe-tresna elektrikoetarako renove planen bat indarrean egon den garaian.

Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen kasu konkretuan, legeak agintzen duenez, kudeaketa-sistema integratuaren bitartez (KSI), AEEHak tratatzeko baimena daukat kudeatzailearen bidez edo KSI bati atxikita dauden AEEH multzokatze-zentroen bidez kudeatu behar dira.

Aparatu elektriko eta elektronikoei eta eragiten duten hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuak adierazten du derrigorra dela bezeroak berria erosi duela-eta baztertuta geratu den etxe-tresna elektrikoa jasotzea, aldi baterako eta kosturik gabe, oinarrizko osagaiak oraindik baldin baditu eta aparatuarenak ez diren bestelako hondakinik ez badu.

Ingurumenari buruzko legediak oneratze/berrerabiltzearen betekizunak eta helburuak bete ahal izateko, informazioa eman behar da eta irizpideak ezarri; eta, horren ondoren, etxe-tresna elektriko handietatik sortutako AEEHak ondo kudeatu dituztela egiaztatzeko banatzaile bakoitzak zer pauta bete behar dituen ezarri behar da:

  • Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak nola kudeatuko diren ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dira (esate baterako, KSIrekin lotutako akordioa, AEEHak tratatzeko kudeatzaile baimendua onartzearena, KSIari lotutako multzokatze-zentroarekin sinatutako kontratua).
  • 15 eguneko epean, inspeccionambiental@ej-gv.es helbidera bidali behar dira, e-mailez, proposatutako kudeaketaren egiaztagiriak (KSIrekin lotutako akordioa, AEEHak tratatzeko kudeatzaile baimendua onartzearena, KSIari lotutako multzokatze-zentroarekin sinatutako kontratua). E-mailaren gaian, nahikoa izango da establezimenduaren arrazoi soziala jartzea, baina dagozkion egiaztagiriak ere atxiki beharko dira.
  • Erregistroa eraman beharko da:
    • Hilero saldu diren etxe-tresna elektriko handien kopurua, aparatu motaren arabera (hozkailuak, izozkailuak, arropa-garbigailuak, lehorgailuak, ontzi-garbigailuak, labeak, haize egokitutako aparatuak).
    • Aparatu berriak jartzean, zenbat AEEH jaso diren, aparatu motaren arabera (hozkailuak, izozkailuak, arropa-garbigailuak, lehorgailuak, ontzi-garbigailuak, labeak, haize egokitutako aparatuak).
  • KSIari, kudeatzaile baimenduari edo multzokatze-zentroari ezer ematen zaion aldiro, agiria egin beharko da, hots, eman izanaren albarana edo kontrol- eta jarraipen-agiria.
  • Ziurtagirian honako informazioa jarri behar da:
    • AEEH kopurua eta noizkoak diren, motaren arabera bereizita; KSIri, kudeatzaile baimenduari edo multzokatze-zentroari ezer ematen zaion aldiro.
    • Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak dendatik edo aparatu berria entregatu behar den etxetik ateratzen dituen enpresaren edo garraiolariaren datuak.

Gehienez ere 9 hilabeteko epean, berriro beste ikuskapen-bisita egingo zaie etxe-tresna elektrikoen banatzaile txiki, ertain eta handiei, legea zenbateraino betetzen duten ikusteko. Ausaz aukeratutako lekuetan egingo dira ikuskapenak, honako hauek begiratzeko:

  • AEEHak behar bezala kudeatzen direla, KSI, kudeatzaile baimendu edo multzokatze-zentroaren bidez
  • Banatzaileak adierazitako AEEHak zuzen datozela bat bezeroaren etxetik kendutakoekin. Bezeroengana joko da hori ziurtatzeko.
  • Kudeatutako AEEHak banatzaileak benetan adierazitakoak direla. KSI, kudeatzaile edo multzokatze-zentroetara joko da hori ziurtatzeko

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak xedatzen du, besteak beste, hauek direla arau-hauste larriak:

  • Edozein hondakin bertan uztea, isurtzea edo kontrolik gabe desegitea.
  • Agiriak aurkezteko obligazioari huts egitea.
  • Herri Administrazioei ez uztea gainbegiratzen, ikuskatzen eta kontrolak egiten.

Arau-hauste larriek, besteak beste, 901 eurotik hasi eta 45.000 euro arteko isuna izan dezakete; alabaina, hondakinak arriskutsuak badira, isuna are handiagoa izango da, 9.001 euro eta 3000.000 bitartekoa. Adibidez:

  • Hozkailu konbiak, izozkailuak, haizea girotzeko aparatuak gaizki kudeatzea: 9.001 euroko isuna.
  • Arropa-garbigailu, lehorgailu, ontzi-garbigailu eta labeak gaizki kudeatzea: 901 euroko isuna.

Komunikazioa pdf formatuan (632 kb)