Arautegia

Inprimatu

388/2013 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fikan (Bizkaia) dagoen Berreaga Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa, monumento-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 141
  • Hurrenkera-zk.: 3400
  • Xedapen-zk.: 388
  • Xedapen-data: 2013/07/16
  • Argitaratze-data: 2013/07/24

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipaturiko eskumen hori gauzatuz, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan kultura-interesa duten ondasunak deklaratzeko prozedurak ezartzen dituena.

2010eko martxoaren 16ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (apirilaren 16ko EHAA, 70. zk.) hasiera eman zitzaion Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fika (Bizkaia) dagoen Berreaga Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa, monumentu multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, Tomas Oleaga Castellet abokatuak eta Bizkaiko Basogintza Elkarteak alegazio-idatzi bana aurkeztu zuten. Tomas Oleaga Castelletek multzoaren mugaketa barruko lursail batzuetako jabeen izenean aurkeztu zuen alegazio-idatzia. Honako hauek dira ordezkatutako jabeak: José Martín Abona Olea, María Carmen Gangoiti Goiri, Enrique Cantero Menchaca, María Esther Echevarría Arana, Damián Urruticoechea Atela, Julián Batiz Aurrecoechea, Josu Mirena Zarandona Ereño, María Angeles Gangoiti Goiri, José María Echeverría Urquiza, María Urquiza Elguezabal, Juan María Basaras Bilbao eta Fernando Monasterio Basaras.

Espedientean jasota daude Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek alegazioei erantzuteko egindako txostenak. Alegazio-idatzietan bi izan dira batez ere jorratutako gaiak. Alde batetik, ondarearen mugaketa eta bestetik, babesgunearen barruko lursailetako jabeei ezarritako mugak, erabilera eta jardunei dagokienez.

Ondarearen mugaketari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak ofizioz erabaki zuen esku-hartze arkeologiko bat agintzea gutxien aztertutako eremuen aukera arkeologikoak argitu nahian. Azterketa honen emaitzak espedientean daude. Sailak ikerketaren emaitzak aztertu ondoren argitaratutako mugaketa aldatzea erabaki du, bere barruan hiru eremu bereizteko eta babes-araubidea eremu bakoitzak duen baliora egokitzeko. Gauzak horrela, neurririk zorrotzenak 1. eta 3. eremuetan ezarriko dira, horietan aurkitu baitira aztarnategi arkeologikorik garrantzitsuenak eta kalitate gehien dutenak. 1. eremuan, babestutako mendikatearen iparraldeko muturrean, herrixka dago kokatuta eta 3.ean, hego-ekialdeko muturrean, nekropolia. 2. eremurako babes-araubidea malguagoa izango da kontserbazio-egoera eta aztarnategiak eman dezakeen informazioa eskasak direlako.

Lursailetako jabeei erabilera eta jardunetan ezarriko zaizkien mugez, esan behar da ez dutela jabetza edukirik edo baliorik gabe uzten, alegazioetan baieztatzen den bezala. Lurzoruaren jabetzaren eskubidearen edukia argitzeko gogora ekarri behar da ekainaren 30eko Euskadiko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean xedatutakoa. 20. artikuluak arautzen du orokorrean Lurzoruaren jabetzak hirigintzaren aldetik duen legezko edukia. Honen arabera, jabeak arruntasunez erabili, gozatu eta ustiatu ahal ditu ondasunak, bere egoera, ezaugarri objektiboak eta helburuak kontuan hartuta. Erabiltze, gozatze eta ustiatze horiek, ordea, bat etorri beharko dute edo, betiere, ezingo dira bateraezinak izan ondasunari aplikagarri zaion administrazio-legeriarekin. Kasu honetan aplikatu beharreko legeria kulturari eragiten diona da. Honen arabera eman zaio hasiera ondasuna babesteko prozedurari uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak xedatzen duena errespetatuz. Begibistakoa da, beraz, administrazioak, Legeak emandako eskumenak baliatuta, dekretuen bidez sailkatzen dituela ondasunak eta dekretuek jasotzen dituzten babes-araudietara egokitu behar direla jabeen jardunak. Hauek ezin dira inolaz ere bateraezinak izan legeria kulturalak ezarritakoarekin.

Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legearen 24. artikuluak arautzen ditu oro har jabeen eginbeharrak. Horien artean agertzen da errespetatu egin behar direla historia-, kultura- eta arte-ondarearen legeriak eta, nolanahi ere, hirigintzako plangintzak ondasun babestuei ezarritako mugak. Muga horiek lurzoruari eta haren gaineko eraikin, etxe eta instalazioei ezartzen zaizkie, ondasun babestuen katalogoetan sartuta egoteagatik. Hauek guztiak ikusita, ez da alegazioa onartzen.

Beste aldetik, alegazioetan aipatzen da beharrezkoa dela interes publikoak eta pribatuak bateratzeko neurriak hartzea eta baso-ustiaketan jabeei ezartzen zaizkien mugengatik konpentsazio-sistemak aitortzea.

Lursailetako baso-ustiaketari dagokionez, gogorarazi behar da basogintza erabilerak baimendu egiten direla eta debekatuta dagoela basoa handitzea edota birpopulazioak egitea, espedienteari hasiera emateko ebazpenaren babes-araudiaren 5. artikuluak xedatzen duenaren arabera. Artikulu honi erredakzio berria emango zaio mugaketari buruzko alegazioa onartzearen ondorioz. Testu berriak mantentzen ditu arestian aipatutako baimenak eta debekuak 1. eta 3. eremuetarako. 2. eremuan baimentzen dira orain arteko erabilerak eta jarduerak, baldin eta baimendutako proiektu-arkeologikorik badago eta Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazten bazaio. Basogintza erabilera, beraz, onartutako erabilera da nahiz eta babes handiagoko eremuetan baimena behar duen. Tarteko eremuan, berriz, baimendutako erabilera da baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badira. Ezin da horrenbestez esan, alegazioetan egiten den bezala, jabeei erabilera posible bakarra kentzen zaiela. Are gutxiago basogintza erabilera onartuta eta baimenduta dagoenean ondarearen babes-araudiaren arabera.

Bukatzeko, alegazio-egileek eskatutako konpentsazioez esan behar da lurzoruen jabeek errespetatu behar dituztela babestutako ondareen katalogoetan egoteagatik kultura legeriak ezartzen dizkien mugak eta betebeharrak. Hauek errespetatzeak jabeei kalteordaina eskatzeko eskubiderik ematen ez dienez, ez da alegazioa onartzen.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2013ko uztailaren 16ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Berreaga Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fikako Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskaera egingo die Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fika udalei udal hirigintza-araudia egokitu dezaten multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UZTAILAREN 16KO 388/2013 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAKETA

Proposaturiko babesgunearen mugak aurrez aipatutako kotek markatutakoak izango lirateke, alegia (ED50):

(Ikus .PDF)

Deklarazioan zehaztutako eremuak itxura obalatua du, HE aldetik deformatua, 325 metroko kota inguratzen duena IM inguruan eta Iko eta Hko hegaletan. HE aldeko ertzean, itxi egingo luke ibilbidea mendi-lepoko malda hasterakoan, 331 m eta 334 m-ko erpinen artean, HEko hegiarekin bat egin arte, 325 metrotan.

Eremu hau hiru zatitan banatzen da. Gune bakoitzak honako mugak ditu:

  1. eremua: erpinaren Iko muturra, herrixka bera dagoen lekuan. Herrixkaren defentsek eta babesteko beharrezkoa den gune batek sortarazten dute mugaketa. Eremu honetan aurkitu dira herrixkaren aztarna gehienak eta bizimoduari eta hirigintzari buruzko daturik garrantzitsuenak, besteak beste.

    Eremu honi, babesteko neurririk zorrotzenak ezartzen zaizkio bertan aurkitu baitira aztarna arkeologiko gehienak eta balio gehien dutenak.

    IMko aldea okupatuko luke mugaketa orokorraren marra ebakitzale bateraino. Koordenatuak honako hauek lirateke (ED50):

    (Ikus .PDF)

  2. eremua: tarteko eremua, 1. eremuaren ondokoa. Nekropoliaren guneraino helduko litzateke. Okupazioaren aztarna argiak eta lekuz kanpoko materialak dauden arren, kontserbazio-egoera eta eman dezakeen informazio berria oso eskasak dira.

    Mugaketa aurreko eremuen mugetan hasi eta beste marra ebakitzaile bateraino helduko litzateke. Honako hauek lirateke koordenatuak (ED50):

    (Ikus .PDF)

  3. eremua: nekropoliaren gunea, HEko erpinean dago. Mugaketa aurreko gunearen mugan hasiko litzateke eta babestutako eremuaren ertzeraino helduko litzateke. Indusketek hileta-arloan interes handiko egiturak azaleratu dituzte. Egiturek lotura estua dute herrixkarekin. 1. eremuan bezalaxe, aztarnategiarentzat zein aztarna arkeologikoentzat kaltegarriak izan daitezkeen ekintzak mugatzen dira.

    (Ikus .PDF)

    UZTAILAREN 16KO 388/2013 DEKRETUAREN II. ERANSKINA

    DESKRIBAPENA

    Gotortutako esparrua Bizkargi menditik Txorierriko harana inguratzen duen mendikatean kokatuta dago, Mungiarekin muga egiten duen ipar aldean hain zuzen ere. Oso kota altuak ez eduki arren, halako goi-talaia moduko bat da, mendikatearen alde bietara dagoen ikuspegia menderatzen duena. Gainera, haranaren luzera-ibilbidea kontrolatzen du, bai eta inguru honetatik Artebakarra mendatean zehar Mungiara igarotzeko pasabidea ere.

    Ingurua gaur egun pinudiz eta bestelako zuhaiztiez estalita dago, gehienak zuhaitz-landaketak. Toki batzuetan, IE aldean batik bat, sastrakak ikuspegia eta sarbidea eragozten ditu.

    Bertan ez dago azpiegiturarik edo eraikinik, salbu eta gaur egon oso txarto dauden mendi-pista batzuk bai Geldosetik edo Laukarizetik doazenak eta Lezamatik gailur-lerro osoa kurritzen duen bidea.

    Gaur egun ikus daitezkeen herrixkaren hondakinen artean, IE aldeko harresi-zatiak aipa litezke, ilara batzuk agerian dituztenak, bai eta hilobi-zista bat aire zabalean, HMko beste muturrean, baina batzuk zein bestea landaredi sarriak erdi estaliak daude. Egindako esku-hartzearen ondorioz, harresiaren HMko ertza ere ikusgai dago gaina zeharkatzen duen pistatik, harresiaren zatia baita pistan dagoen gainazaleko harrien lerrokatzea.

    UZTAILAREN 16KO 388/2013 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

    BABES-ARAUBIDEA

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Berreagako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoaren eta Nekropoliaren Monumentu Multzo Kalifikatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarnak, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fika udalerrietan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan alegia.

Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

  1. Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

  2. Kontserbazio babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko ondasunak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak edo lehengoen aztarnak finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

  3. Gune arkeologikoa bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu gunea bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da, betiere ondasunari kalterik egiten ez badiote.

Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa monumentu multzoko kategoriarekin ondasun kalifikatu bezala jasota geratuko da Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fikako udalerrien planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-araubide honetako arauen menpean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat etorri ez edo horien aurka badoaz.

Erabilera eta jardueren araubide orokorra zehazteko asmoz, ondarea hiru eremutan banatu da. 1. eremuak herrixka bera hartzen du, 2. ak tarteko gunea eta 3. ak nekropolia.

  1. eremua. Herrixkaren arkeologia-gunea. Eremu honetan herrixka bera dago. Harresiak, lubakiak eta herrixka babesteko beharrezkoa den lur zati batek mugatzen dute eremu hau. Berreaga mendiko itsaslabarraren IMko bazterrean dago kokatuta. Honako hauek dira mugaketaren koordenatuak:

    (Ikus .PDF)

    Gune honetan aurkitzen dira herrixkaren defentsak, herrixkak eduki zuen garapenaren gelen hondakinak eta aztarnategi mota honetan ager daitezkeen bestelako egiturak.

  2. eremua. Tarteko gunea. 1. eremuaren ondokoa da. Hasten da 1. eremuaren mugan eta heltzen da koordenatu hauek dituen marra ebakitzaile bateraino:

    (Ikus .PDF)

    Egiturak topatzeko aukera gutxi dago, baina bai mota askotako lekuz kanpoko materialak.

  3. eremua. Nekropoliaren gunea. Aztarnategiaren hegoaldeko erpinean dago. Nekropoliak hartzen duen lekuan hasten da, aurreko eremuaren koordenatuetatik aurrera, eta ondarearen eremuaren ertzeraino heltzen da. Eremu honetan herrixkako nekropoliaren hilobiak eta hilarriak agertu dira.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilera eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilera eta jarduerak araubidearen kontrakotzat joko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har, eta deskribatutako babes-araubideari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

    1. eta 3. eremuak.

    Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia indusketa ere.

  1. Onartutako jarduerak.

    Aurreko lerroaldean baimentzeko moduko jardueratzat adierazitako horiek honako definizio hauei lotu beharko zaizkie:

    1. Arkeologia indusketa. Arkeologia indusketa deritze, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia eta paleontologia hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da aztarnategiko hondakinak zaharberritzeko planei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia balioztatzeko orduan nola jokatu jakin.

    2. Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, herrixka gotortua berreraikitzeko eta balioztatzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentu multzoari arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.

      Interes handikoak diren edota artapen maila ona duten aztarnategi zatietatik hasiko dira zaharberritze lanak, arkeologia azterketak amaitu eta berehala. Beraz:

      Zaharberritze prozesu orok aztarnategia balioztatzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza talde horretan gaian aditu diren arkeologia profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakigarriak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.

      Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.

      Aztarnategia interpretatzeko beharrezkoa iritziz gero, aztarnategiko zati suntsituak berreraiki ahal izango dira, eta berreraiki beharko ere, baina lan hori ez zaio gailenduko inola ere aztarnategiaren ikuspegiari. Nolanahi ere, berreraikuntzak herrixkaren jatorrizko egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu-estuan, arkeologia azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduta badaude, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran eta abarretan antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiziko dituen marran materiala ezberdin kokatuz.

      Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira propioak ez diren elementuak, eraikina egin eta gero jarritakoak eta egituren partea ez direnak. Are gehiago elementu horiek ondarearen ikusmena itsusitu edota oztopatzen dutenean.

      Hala ere, eraikinei geroago atxikitako egiturak mantenduko dira baldin eta aztarnategiaren zatitzat jotzen badira edota inguruan egon diren jarduera tradizionalak hobeto ezagutzeko balio badute.

    3. Sendotzea eta kontserbatzea. Arkeologia aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (harresia, gela-hormen hondakinak, zutoin-zuloak, materialak...) babesteko jarduerak, tratamenduak eta esku-hartzeak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.

      Era berean, herrixkan egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze- eta kontserbatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia babestea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.

      Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.

  2. Baimendutako erabilerak eta jarduera ez-eraikitzaileak.

    1. Zientzia-jarduerak, eta hondakinak dauden-daudenean mantentzeko lanak.

    Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.

    Bada, eremu horretako zientzia-jarduerek (arkeologia indusketak, azterketak, ikerlanak etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balioztatzea ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da arkeologia metodologiaren bidez aurkitutako arkeologia ondasun higiezinak, dauden toki berean babestu beharko direla.

    Burutzen den egitasmoak aztarnak sendotu, bertan kontserbatu eta zaharberritzea izango du xede, bai orain lur azalean diren aztarnak bai induste-lanen bidez ateratzen direnak, degradazio-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.

    2. Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.

    Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, arrastoak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horregatik bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat berreraikiko da eta abar.

    Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

    Baimenduta dago aztarnategiaren seinaleztapena eta mendi zein mendi-ibiliei buruzko gidetan adibidez agertzea, ondarearen mugaketa errespetatuz. Ekintza hauek ondarea ezagutaraztea izango dute helburu.

  3. Basogintza erabilerak.

    Kontuan hartuta gaur egun Berreagako herrixka gotortuan eta nekropolian nagusiki egurra ustiatzen dela, baimendu egingo da erabilera hori 1. eta 3. eremuetan, baina debekatu egiten da basoa handitzea edota birpopulazioak egitea.

    Oraingo landareak moztu eta ateratzeari dagokionez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

    Mozketa soila onartuko da, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

    Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako 1. eta 3. guneetan sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

    Edozein kasutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, berak aurretik baimena eman dezan.

  4. Baimendutako erabilerak eta jarduera eraikitzaileak eta baimendutako egiturak

    Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko egitasmo orokor bat eginda. Edonola ere den, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena beharko da lana gauzatu aurretik.

    Baimendu egiten da Lezamatik Berreagako gailur-lerroa kurritzen duen mendi-pista, gaur egun dagoen modu berean. Dena den, ez da inola ere onartuko plataforma handitzea edo elementu berriak gehitzea (hesiak, hodiak...), ezta ere hormigoiztatzea edota material iraunkorrak erabiltzea ere, gaur egungo pista-eitearekin arrotz direnak. Bertan egin beharreko edozein konponketak edo jarduerak aurrez Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren aldeko txostena beharko du, zeinean zehaztu egingo baita, hala badagokio, dena delako jarduera nola egin behar den.

    2. eremua.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har eremu honetan tradizionalki egon diren erabilera eta jarduerak mantenduko dira ondorengo artikuluetan ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak aintzat hartuz.

  2. Baimendutako erabilera eta jarduerak.

    Erabilera eta jarduera eraikitzaileei dagokienez, ondarearen balioa agerian jartzeko eta ondarea aztertzeko, ikertzeko edota bere hedapen kulturala sustatzekoak baino ez dira onartuko.

    Ildo beretik bide-azpiegituren kasuan, bakarrik baimenduko da Lezamatik Berreagako gailur-lerroa kurritzen duen mendi-pista gaur egun dagoen moduan mantentzea. Pista txukuntzeko edozein esku-hartzek mendi-pistaren tipologia eta itxura gorde beharko ditu. Ezin izango da inola ere hormigoizko zoladura erabili.

    Era berean debekatuta dago altuera handiko instalazio eta egiturak jartzea, haize-sorgailuak, telefonia edo telebista antenak eta goi-tentsioko dorre elektrikoak, besteak beste. Debekuaren funtsa bizileku eta nekropoliaren arteko lotura ez apurtzean datza.

    Eremu honetan beste pista edo azpiegituraren bat beharko balitz (posterik, itxitura hesirik, etab.), aurrez Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren aldeko txostena beharko luke. Hau emango da baldin eta egin nahi den lanak edo azpiegiturak aztarnategian eraginik ez badauka.

    Erabilera eta jarduera ez eraikitzaileak: baimendu egingo dira tradizionalki egon diren erabilera eta jarduera guztiak, basogintzarekin zerikusirik dutenak barne, baita egon daitezkeen berriak ere.

    Hala ere, kasu guztietan, bai eraikitzaileetan, bai ez eraikitzaileetan, ekintza hauek egin ahal izango dira honako baldintza hauek betetzen badira:

    1. Eremu honetan egingo den edozein jardueraren baimena eta ejekuzioaren aurretik baimendutako proiektu arkeologiko bat egon beharko da. Proiektuak jasoko ditu jardueraren jarraipen arkeologikorako kasuan kasuko neurri egokiak. Hauen artean aipatzekoak dira aldez aurretiko laginen programa bat jasotzea edo jardueraren kontrol arkeologikoarena. Laginen programak bermatuko du jarduerak eragindako eremuaren prospekzioa eta aztarna berriak aurkitzea izango du helburu.

      Aztarna berriak agertuz gero, ziurtatu beharko da proiektuak ez diela haiei eragingo. Horretarako kasu bakoitzean neurri zuzentzaileak ezarriko dira proiektuaren ezaugarriak eta aztarnen balioa kontuan hartuz.

    2. Eremu honetan baimendutako edozein jarduera, behin artikulu honen a) atalean markatutako baldintzak bete ondoren, jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari ejekuzioa hasi baino hamabost egun lehenago. Erakunde honek, hala nahi izanez gero, jardueraren kontrol arkeologikoa egin ahalko du, monumentu-multzoaren balio kulturalei ez diela eragingo ziurtatuz.

Desjabetzeari begira gizarte interesekotzat joko da Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren eremua (Bizkaia), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta arkeologia hondakinak agerrarazten direnean, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta balioztatzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.