Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2026 ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko 30.000 biztanletik beherako udalerriei, kuadrillei eta mankomunitateei emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken arloan -emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzkoak barne- laguntza tekniko espezializatua ematera bideratutako dirulaguntzen oinarriak, arau-esparrua aplikatzeko eta arlo horretan jarduera publikoa gauzatzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza; Emakumearen Euskal Erakundea
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 187
- Hurrenkera-zk.: 4048
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/09
- Argitaratze-data: 2026/09/30
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sorrarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluaren arabera, erakundearen funtsezko xedea honako hau da: Euskal Herriko politika, ekonomia eta gizarte-bizitzako arlo guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako eta egiazko berdintasuna lortzea. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta EAEn emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea.
Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da EAEko Administrazio osoaren parte-hartze aktiboa, eta, bereziki, toki-administrazioena, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen dauden erakundeak baitira. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen) toki-administrazioei esleitzen dizkien funtzioak jasotzen ditu.
Arau-esparru berean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak honako hau xedatzen du 7.2 eta 7.3 artikuluetan: «(...) 2. Toki-administrazioei 7.1 artikuluan aipatzen diren eginkizunak benetan betetzen laguntzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-administrazioek laguntza emango diete, bereziki gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikiena dutenei. 3. EAEko botere publikoek erraztu egingo dute gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun txikieneko toki-administrazioek mankomunitateak, kuadrillak eta taldeak sor ditzaten, 7.1 artikuluan aipaturiko eginkizunak benetan gauzatze aldera».
Ildo horretan, helburua da tokiko eremuan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken garapena sustatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzkoak barne, arau-esparrua aplikatzeko eta arlo horretan jarduera publikoa gauzatzeko. Eginkizun hori bat dator martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak 5.e) artikuluan eta otsailaren 5eko 2/1988 Legeak 2. artikuluan Emakunderi esleitzen dizkioten eginkizunekin.
Horretarako egin dugu dirulaguntzetarako deialdi hau, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraikiz.
Ebazpen honetan, halaber, egokitzat jotzen da berdintasun-politikak intentsitate handiagoz bultzatzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoak garatzen hasi diren Euskal Autonomia Erkidegoko 30.000 biztanletik beherako udalerrietan, udalerri-taldeetan, kuadrilletan eta mankomunitateetan. Horregatik, dirulaguntzak esleitzean, lehentasuna emango zaie erakunde horiei, lurralde-oreka handiagoa lortzeko. Hori horrela izango da baldin eta toki-erakundeek konpromisoa agertzen badute hasitako berdintasun-politiken jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, lehentasuna emango zaio mankomunitate, kuadrilla eta udalerri-taldeek elkarturik proiektuak egiteari, politika publikoek haien ingurunean garrantzi eta oihartzun handiagoa dutelako.
Bestalde, deialdi hau Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babesean egiten da. Plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako arauei lotuta dago. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak 2025. eranskinean jasotzen duen bezala, dirulaguntza honen bidez, Berdintasunerako Legean ezarritako betebeharrak eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian ezarritako aginduak bete nahi dira (1. lerroa, araudia eta plangintza).
Horrenbestez, hau
Ebazpen honen xede diren dirulaguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka pertsona edo erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 9a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
Ebazpen honen xedea da 2026 ekitaldian Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen 5.k) artikuluak aipatzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei eta udalerri-taldeei emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken arloan emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzkoak barne laguntza tekniko espezializatua ematera bideratutako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea, arau-esparrua aplikatzeko eta arlo horretan jarduera publikoa gauzatzeko.
Deialdia egiten da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 9. artikuluarekin bat.
Dirulaguntzen baldintzak hurrengo artikuluetan finkatzen dira, aurrekontuko IV. kapituluko kredituetan ezarritako mugen barruan.
Emakunderen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa hirurehun eta hirurogeita hamabost mila (375.000) eurokoa izango da, 7/2025 Legean (irailaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena) ezarritakoaren arabera.
Deialdi hau lehiarik gabeko konkurrentziaren prozeduraren bidez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 19.2 artikuluak horretarako aukera ematen baitu. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak egiaztatuko dira, eta baliabide ekonomikoak proportzionalki eta ebazpen honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten proposamen guztien artean esleituko dira.
Prozeduran parte hartzen duten organoak:
Deialdi honetan araututako dirulaguntzak ematean honako organo hauek hartuko dute parte, fase bakoitzean dituzten eginkizunen arabera:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusiak, prozeduraren instrukzio- eta kudeaketa-organoa eta deialdi hau izapidetzeko eta kudeatzeko arduraduna den aldetik.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, prozedura ebazteko organo eskuduna den aldetik.
Organo horiek dagokien eginkizuna beteko dute, oinarri hauetan eta aplikatzekoa den araudian xedatutakoaren arabera, eta prozedura behar bezala garatzeko beharrezkoak diren jarduera osagarriak egin ahal izango dituzte.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte EAEko 30.000 biztanletik beherako udalerriek, kuadrillek, mankomunitateek eta udalerri-taldeek (udalerri-taldeen kasuan, elkarte horretako udalerri bakoitzak 7.000 biztanletik beherako biztanleria izango du), baldin eta 4.6 artikuluan aipatutako programa bateratua aurkezten badute eta laguntza tekniko espezializatua behar badute emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken arloan -emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzkoak barne-, arau-esparrua aplikatzeko eta arlo horretan jarduera publikoa gauzatzeko. Dirulaguntza horien bidez ordainduko dira aurkeztutako proiektuak egiteko behar den laguntza tekniko espezializatuaren ondoriozko gastuak.
Ezingo dute deialdi honetako laguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku eta egoeraren batean daudenek. Bereziki, erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez dute izango Administrazioaren kontura dirulaguntzak itzultzeko betebeharrik. Udalerri-taldeen kasuan, taldeko kide guztiek bete beharko dute eskakizun hori.
Eskakizun horiek dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira, hau da, onuradun izateko zein onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, egiaztapenak egingo dira, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordaintzen denean.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3 artikuluak xedatutakoarekin bat, erakunde eskatzaileek hizkuntza ez-sexista erabili beharko dute aurkezten dituzten memoria, proiektu eta gainerako testuetan. Orobat, bazter utzi beharko dituzte genero-estereotipoak, eta aktiboki sustatu emakumeen eta gizonen berdintasun erreala, egiten diren irudi, jakinarazpen, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
Halaber, eskakizunen artean sartuko da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako ibilbidea egiaztatzea edo erakundearen estatutu-, gizarte- edo fundazio-helburuen artean berdintasunaren sustapena jasotzea.
Ezin izango dira onuradun izan lehenengo apartatuan sartutako erakundeen mende edo horiei lotuta dauden edo horietan partaidetza duten pertsona juridikoak (zuzenbide publikokoak edo pribatukoak).
Bi udalerri edo gehiagoko talde batek programa bateratu bat egiteko dirulaguntza eskatzen badu, proiektuaren hartzaile diren udalerri guztien berariazko baimena izan beharko du eskabideak. Talde horietan dauden udalerriek ezin izango dute beren kabuz eskatu dirulaguntzarik taldeak eskatutakoaren antzeko proiektu baterako. Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Zehazki, berariaz jasoko dira taldeko udalerri bakoitzak proiektua gauzatzeko bere gain hartutako konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari laguntzaren zein zenbateko aplikatuko zaion ere. Horiek ere onuradun izango dira. Eskabideetan, udalerrietako bat izendatu beharko da diruz lagundutako programa kudeatzeko eta ordaintzeko jarduerak gauzatzeko. Taldea ezingo da desegin harik eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 44. artikuluan ezarritako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei dagokien preskripzio-epea amaitu arte.
Era berean, hainbat udalerriren proiektu bateratuen kasuan, ezin izango zaio zatikatutako dirulaguntzarik eman udalerri bakoitzari.
Lerroen arteko eskabideak izapidetzea.
Aurkeztutako eskabideren bat ez badator bat deialdi honen xede den dirulaguntza lerroarekin, baina organo kudeatzaileak egokitzat jotzen badu eskabidea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-lerro batean sartzea, eta laguntza-lerro hori administrazio-ebazpenaren aurreko instrukzio-fasean badago, eskabidea lerro horretara bideratu ahal izango da, betiere haren xedearekin koherentzia handiagoa mantentzen bada.
Lerroa aldatu aurretik, organo kudeatzaileak proposamen arrazoitu bat jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emango dio alegazioak eta, hala badagokio, proiektuaren memoria egokitua aurkez ditzan, betiere egokitzapen horrek funtsean ez badu aldatzen proiektuaren izaera.
Erakundeak aldaketa onartzen badu, jatorrizko lerroaren organo kudeatzaileak helmugako lerroaren organo kudeatzaileari bidaliko dizkio eskabidea eta aurkeztutako dokumentazio guztia, eta, hala badagokio, dagokion memoria, eta eskabidearen egoera berriaren berri emango dio erakundeari.
Erakunde eskatzaileak ez badu onartzen lerroa aldatzea, eskabidea jatorrizko lerroan ebaluatuko da, hargatik eragotzi gabe eskabidea ukatu ahal izango dela ez badator bat lerro horren xedearekin, betekizunekin edo izaera juridikoarekin. Uko egitea behar bezala arrazoitu beharko da ebazpenean.
Lerroa aldatzeko jarduera guztiak proposamena, jakinarazpenak, alegazioak, memoriaren egokitzapena eta organo arteko igorpenak espedientean jasoko dira, eta kontuan hartuko dira azken ebazpen-proposamenean.
Emakunderen xedeekin bat etorriz, dirulaguntzak erabili beharko dira laguntza tekniko espezializatuaren ondoriozko gastuak ordaintzeko. Era berean, diruz lagundutako proiektua edo jarduera gauzatuko duten pertsonek berariazko prestakuntza izan beharko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Hala xedatzen du Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.a) artikuluak.
Laguntza tekniko espezializatu hori 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 11ra bitartean toki eremuan emakume eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoak egiteko izango da, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan emakumeen aurkako indarkeria matxista barne aholkularitza eman, azterketa egin eta laguntza teknikoa emateko ere.
Laguntza tekniko espezializatuaren barruan honako jarduketa hauek sartuko dira, besteak beste: toki-eremuan emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoak egitea; emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan emakumeen aurkako indarkeria matxista barne aholkularitza eman, azterketa egin eta laguntza teknikoa ematea; eta tresnak definitzeko eta garatzeko laguntza espezializatua ematea, bai eta esparru horretan arau-esparruak aplikatzeko laguntza ematea ere. Deialdi honen helburua ez da jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak ematea, ez eta jarduera horietatik eratorritako neurri zehatzak ezartzea ere.
Laguntza tekniko espezializatuaren barruan honako jarduketa hauek sartuko dira, besteak beste: toki-eremuan emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoak egitea; emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan emakumeen aurkako indarkeria matxista barne aholkularitza eman, azterketa egin eta laguntza teknikoa ematea; eta tresnak definitzeko eta garatzeko laguntza ematea, bai eta esparru horretan arau-esparruak aplikatzeko laguntza ematea ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin. Zehazki, gastu hauek onartuko dira:
Laguntza tekniko espezializatua emateko kontratatutako erakundeen gastuak.
Aparteko zailtasunak dituzten edo askotariko bereizkeria jasaten duten emakumeek lan-prozesuan parte hartzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurri osagarriek sortutako gastuak.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, egiaztatu egin beharko da diruz lagundutako proiektua garatzeko aholkularitza-enpresek izendatzen dituzten pertsonak espezializatuta daudela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, administrazio publiko batek edo unibertsitate batek emandako 150 prestakuntza-ordu eginak edo egiaztatuak izan beharko dituzte, edo, bestela, bi urteko lanbide-esperientzia izan beharko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Berdintasunaren arloko aholkularitza-enpresa homologatuen kasuan, homologazio hori egiaztatu beharko dute.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide ereduaren arabera, proiektu bakoitzerako behar bezala beteta eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentuak erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri daude administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, eta fitxa horren bidez eskuratu ahal izango da eskabide-inprimakia. Fitxa hemen dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038512
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak eduki behar dituzte. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, 14.f) artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez ere aurkeztu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatutako ordezkari baten bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
Eskabide-eredua, zinpeko adierazpenarekin batera, honako hauek egiaztatzeko:
Jarduera berberetarako jada emanda edo ordainduta dauden beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izan arren, gainfinantzaketarik ez dela gertatzen. Etorkizunean xede berbererako jasotzen diren bestelako laguntzen berri emateko betebeharra dago laguntza likidatu arteko aldian.
Ez dagoela kondenatua epai irmo bidez dirulaguntza edo laguntza publikoen onuradun izatea eragozten duten honako delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Ez duela debekatuta dirulaguntzak lortzea, zehapen irmo bidez hala ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, salbu eta zehapenean ezarritako aldia igaro bada.
Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, legez ezarritakoaren arabera.
Egunean duela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
Eskabide honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak eta osoak direla, eta nork bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).
Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera. Behar bezala sinatua.
Kuadrillaren edo Mankomunitatearen estatutuak. Mankomunitatearen izaera juridikoa eta jarduera mota adierazi beharko dira.
Proiektua egiteko kontratatutako pertsonak edo erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duen prestakuntza edo esperientzia egiaztatzea. Berdintasunaren arloko aholkularitza-enpresa homologatuen kasuan, homologazio hori egiaztatu beharko dute.
Proiektuaren deskribapena, besteak beste, lan-prozesua eta arau-esparrua nola aplikatuko den zehaztuko dituena. Proiektuak, gehienez ere, 2026ko abenduaren 11n amaitu beharko du (II. eranskinaren arabera). Behar bezala sinatua.
Laguntza tekniko espezializaturako dirulaguntza dagokion korporazioak edo udalbatzak onartutako planik ez duen udalerri, kuadrilla, mankomunitate edo udalerri-talde batek eskatzen badu, organo eskudunak konpromisoa hartu beharko du abian jarritako politikekin jarraitzeko. III. eranskina (Berdintasunaren arloan hasitako politikekin jarraitzeko konpromisoa). Behar bezala sinatua.
Proiektua 7.000 biztanletik beherako udalerri-taldeek egiten badute, udalerri bakoitzaren berariazko onarpen-agiria aurkeztu beharko da, 4. artikuluko seigarren apartatuan ezarritakoaren arabera. IV. eranskina (Proiektuan lankidetzan aritzeko konpromisoa). Behar bezala sinatua.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Erantzukizunpeko adierazpenak prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazioa ordezten du. Beraz, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdien egiazkotasuna egiaztatzeko, adierazpen horren bidez ordeztutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte onuradun izateko proposatzen diren pertsonek, dagokion dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 9.5 artikulua).
Ez da beharrezkoa izango Emakunderen esku dauden dokumentuak berriz aurkeztea. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da noiz eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Administrazioak, edozein unetan, eska dezake jatorrizko dokumentuak entregatzeko, benetakoak direla egiaztatzeko.
Kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7.1 artikuluan eskatutako dokumenturen bat falta badute, Emakundek falta den dokumentua aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskabidea ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
Eskabideak jaso ondoren, eta, hala badagokio, akatsak zuzentzeko eskabideak egin ondoren, organo kudeatzaileak, ebazpen honen 4. artikuluan jasotako betekizunak egiaztatzeaz edo betetzeaz arduratzen den aldetik, txostena egingo du, egindako eskabideen emaitza zehazteko.
Dirulaguntzaren banakako zenbatekoak aurkeztutako jardueraren edo proposamenaren kostu osoa estali ahal izango du, baina ezin izango du gainditu, inola ere.
Aurrekontu-zuzkidura proportzionalki eta zati berdinetan banatuko da erakunde onuradunen artean, agortu arte. Nolanahi ere, bermatu beharko da emandako dirulaguntzak ez duela gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua.
Baliabide ekonomikoak honako irizpide hauen arabera banatuko dira:
000,00 euro bideratuko dira 7.000 biztanletik beherako udalerrien artean banatzeko, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kuadrillen eta mankomunitateen biztanleria edozein dela ere eta 7.000 biztanletik beherako udalerri-taldeen artean banatzeko ere.
000,00 euro bideratuko dira 7.000 eta 29.999 biztanle arteko udalerrien artean banatzeko.
Blokeetako bati esleitutako kreditua agortzen ez bada, gerakina beste blokera bideratu ahal izango da.
Mankomunitateen, kuadrillen eta udalerri-taldeen kasuan (udalerri-taldeen kasuan, talde horretako udalerri bakoitzak 7.000 biztanletik beherako biztanleria izango du), dirulaguntza proportzionalki eta zati berean banatzeko, aintzat hartuko da erakunde bakoitza osatzen duten udalerrien kopurua.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu bererako ematen dituztenekin.
Hala ere, beste laguntza batzuekin batera ematen badira, diruz lagundutako jarduerak ezin izango dira inoiz gainfinantzatu. Gainfinantzaketa egonez gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, gaindikinari dagokion gehieneko mugaraino.
Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du gainfinantzaketarik ez izateko, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela; era berean, gainfinantzaketarik antzemanez gero, berehala jakinarazi beharko du.
Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak ebatziko du prozedura hori.
Eskabideak aztertu ondoren, Hautaketa Batzordeak emaitza jasotzen duen akta egingo du. Akta organo kudeatzaileari (Idazkaritza Nagusia) igorriko zaio. Espedientea eta akta aztertu ondoren, eta erakunde onuradunek hala eskatuta, ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, eta, horretarako, betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duen txostena egingo du. Ebazpen-proposamenak dirulaguntzaren onuradun gisa proposatzen diren eskatzaileen zerrenda jasoko du, bai eta dagokion zenbatekoa ere.
Ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta, emandakoen kasuan, erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Udalerri-taldeen kasuan, gainera, kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoa eta eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatuen kasuan, erakunde eskatzaileen izena, jarduera-proiektua eta dirulaguntza ukatzeko arrazoia adieraziko da.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskaera egin duten udalerriei, kuadrillei, mankomunitateei edo udalerri-taldeei, honako hauetan ezarritakoaren arabera: urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikulutik 43.era bitarteko artikuluak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluak.
Era berean, orok horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako eta ukatutako dirulaguntzen zerrenda, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak eta ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi dela ulertu ahalko da, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.
Erakunde onuradunek, ebazpen hau dela bide, ondoren adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte beti, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak ere.
Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea, non eta 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta onartzea Emakundek noiznahi egiaztatzea diruz lagunduko diren jarduerak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.
Diruz lagundutako jardueren edozein aldaketa idatziz jakinaraztea. Emakundeko Zuzendaritzak berariaz onartu beharko du. Halaber, beste edozein laguntza edo dirulaguntzaren berri ere eman behar zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.
Diruz lagundutako jardueren publizitatean jakinaraztea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dela. Horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka sartu beharko da zabaldu beharreko publizitate-euskarrian. Euskarriak marka hori inprimatzeko edo bistaratzeko aukera eman behar du, 318/1999 Dekretuan (abuztuaren 31koa, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena) ezarritakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/). Dekretu hori 1999-10-26ko EHAAn argitaratu zen, 205. zenbakian. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik sortzen den dokumentuan.
Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako dibulgazio-jardueretan eta materialen edizioan edo argitalpenean.
Hizkera ez sexista erabiltzea, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea duten irudiak erabiltzea diagnostikoari edota planari buruzko komunikazio edota zabalkunde ekintza guztietan.
Jarduerak gauzatu ondoren eta dirulaguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza; horretarako, 2026ko abenduaren 14a baino lehen, egun hori barne, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
Diruz lagundutako jarduerei lotuta egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak; udalerriko idazkariak edo kontu-hartzailetza zerbitzuko arduradunak eginak. Fakturen edo agirien gastuaren data 2026ko abenduaren 11koa izango da, gehien jota. Diruz lagundutako jarduerari buruzko dokumentu osagarriak ere aurkeztu beharko dira (fakturak...).
Egindako lan-proiektua justifikatzeko memoria. Memoria horretan nahitaez deskribatu beharko dira lortutako helburuak, erabilitako metodologia (egindako lan-prozedura, herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta neurri osagarriak, kronograma, adierazleak eta berrikuntzak) eta egindako gastuen eta lortutako sarreren banakatzea, udal-ekarpena zehaztuta (V. eranskina. Justifikazio-memoria). Halaber, sexuaren arabera banakatuta jasoko da zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua (politikoak eta toki-erakundean lan egiten dutenak), bai eta zeharka onuradun direnak ere (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatzeko eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresako kide direnak eta bertan lan egiten dutenak).
Deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuaren ondoriozko dokumentua edo dokumentuak. Dokumentu horietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza adierazi beharko da, eta, horretarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarri beharko da, ebazpen honen 13.f) artikuluan jasotzen denez.
Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.
Administrazioak, edozein unetan, eska dezake jatorrizko dokumentuak entregatzeko, benetakoak direla egiaztatzeko.
Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera aldatu bada, horren berri ematea Emakundeko Zuzendaritzari. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren helburua bete bada edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Hori guztia bat etorriko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.
Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta ebazpen honen 5.2 artikuluan aurreikusitako kontratazioa egiten bada eta diruz lagundutako diagnostikoa, plana edo ebaluazioa gauzatzen bada. Proiektua gauzatutzat joko da baldin eta justifikatzeko unean gauzatutako proiektuaren ondoriozko dokumentua edo dokumentuak aurkezten badira.
Jarduera horretan sartzen dira diagnostiko eta plan orokorrak egitea (udal jardueraren zati handiena hartzen dutenak) eta diagnostikoak eta plan sektorialak edo estrategikoak egitea, indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko protokoloak barne direla, bai eta horiei dagozkien ebaluazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzak egitea ere.
Aurreko artikuluan aipatutako dokumentuak edo, bestela, artikulu honetako aurreko zatian aipatutakoak jaso, eta dokumentuak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak emandako dirulaguntza aldatu edo likidatuko du, ebazpen baten bidez; horrez gainera, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, hala badagokio. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan jasotako ez-betetzeren bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, alde batera utzi gabe dagozkion gainerako ekintzak.
Ezarritako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Beraz:
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta hamabost egun balioduneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.
Alegazioak jaso ondoren edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebazpena emango du, prozedura amaitutzat emateko. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Baldintzak bete ez direla adierazten bada ebazpenean, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Gehienez ere bi hilabeteko epean itzuli beharko da dirua, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntza, sari eta beken xede izango dira, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen ditu eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.
Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakundeei.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Hartzaileak:
Ogasun Publikoa eta Zerga Administrazioa.
Pertsona edo erakunde interesdun legitimatuak.
Organo judizialak.
Kontuen Auzitegia edo erkidegoan duen baliokidea.
Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: datu horiek Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko, botere publikoen jardunari dagokion funtzio bat betetzeko. Interesdunek eskubidea izango dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide izateko. Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa
Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)