Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita dirulaguntzen 2026ko deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 187
- Hurrenkera-zk.: 4059
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/21
- Argitaratze-data: 2026/09/30
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onetsi du, bat etorrita Lanbideren Estatutuetako 14.2 artikuluaren n) letran xedatutakoarekin (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituena).
Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Argitara ematea 2026ko dirulaguntza-deialdia, langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzekoa. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2026ko irailaren 21eko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.
Bigarrena. Jakinaraztea ezen Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onestekoa berau ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena. Aditzera ematea ezen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki honen aurka langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzeko 2026ko deialdiaren oinarriak onestekoa berau, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.
Laneratzea da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko norbanakoen eta sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu beharko du. Prestakuntza-eskaintza honen oinarri nagusia prestakuntza egiaztagarriak eta prestakuntza ziurtagarriak osatzen dute.
Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko beharrizanei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei.
Laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezien garapena finantzatzeko deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei eta langabeei, gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun handiak dituzten heinean, aukera ematen zaie prestakuntza jasotzeko, lan-merkatuan sartzea bermatuko duten lan-aktibaziorako ekintzekin batera, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bidez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratu eta koordinatuko ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko.
Erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei eta landunei, eta, horrela, modu eraginkorrean hobetu ahal izango dute bai beren enplegagarritasuna, trebakuntzaren edo prestakuntza-eguneratzearen bidez, bai beren lan-aktibazioa; hartara, kalitate eta iraupen handiagoko lanpostuak eskuratu ahal izango dituzte. Xede nagusia da parte-hartzaileak lan-merkatuan sartzea.
Deialdi hau garatzeko eta babesteko, enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri dira Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.
Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak nabarmentzen du ezen lanbide-heziketaren eskaintza integratua egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko; eredu honek barnean hartzen ditu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak. Lanbide-heziketaren EAEko sistemaren helburuen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla.
Erabaki honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin.
Ildo horretan, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko Legea (martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa) eta hori garatzen duten Errege Dekretuak (uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua eta uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretua) indarrean jarri ondoren, profesionaltasun-ziurtagiriak Lanbide Heziketaren sisteman integratu ziren, eta ziurtagiri profesional izendatu ziren. 3/2022 Legean eta 659/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako araubide iragankorraren arabera, errege-dekretuetan jasotako profesionaltasun-ziurtagirien antolaketak indarrean jarraituko du, arauz aldatzen ez den bitartean. Era berean, 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko antolaketak indarrean jarraituko du, konpetentzia profesionalen estandarraren katalogo nazionala arautzen ez den bitartean. Halaber, gaur egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimena eta akreditazioa duten zentro eta entitateek lanbide-heziketako sistemako eskaintzak emateko baimen-baldintza berberak izango dituzte, Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua arauz arautzen den arte.
Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua ziurtagiri profesionalei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.
3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. 2025ean, otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretua argitaratu zen, eta, haren bidez, Lanbide Heziketako Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dira eta Kualifikazioen Institutu Nazionala sortzen duen martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretua aldatzen da.
Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.
Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako. Ildo beretik, Lanbide Heziketako Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dituen otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretuak lehenengo xedapen gehigarrian adierazten duenez, 1128/2003 Errege Dekretuaren babesean ezarritako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako konpetentzia-atalak automatikoki parekatzen dira, ondorio guztietarako, 3/2022 Legean aipatzen diren konpetentzia profesionalen estandarrekin.
Aintzat hartuta erabaki honen indarraldia, erabakiaren klausuletan islatzen da prestakuntza egiaztagarriari dagokionez gaudeneko egoera iragankor hau. Gainerako prestakuntza-espezialitateei dagokienez, azken ekitaldietako arautzeari eutsi zaio.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, 9. artikuluan, zuzenbide pribatuko ente publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena.
Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta berariazko programei eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuei buruz dio langileak gizarteratzeko eta laneratzeko ekimenak direla, prestakuntza-helburuak dituen arreta integraleko proiektu baten bitartez. Proiektu horrek hainbat esku-hartze mota bateratzen edo koordinatzen ditu beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, parte-hartzaileen enplegagarritasuna funtsean hobetzeko xedez. Enplegu-politika aktibo gisa, langabezia-egoeran daudenei banakako tratamendu espezializatua emateko beharrizana jasotzen du, haien enplegagarritasuna hobetzeko, bai eta landunei ere, haien enpleguaren kalitateari eta enpleguari berari eusten laguntzeko. Gainera, bermatu behar da enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrizanei erantzutea.
82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan aipatutakoari jarraikiz besteak beste, Lanbideren eginkizun hauek aipatzen ditu: enplegu-programak, enplegurako prestakuntza programak eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzea, barne hartuta dagozkien dirulaguntza-deialdiak onartzea eta izapidetzea; enplegua sortzeko jarduna eta ekintzailetza sustatzera bideratutako programak kudeatzea, eta artikulu hori k) puntuarekin lotuz laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-programa bereziak egiteko programak, dirulaguntza lerro hau sortu zen. Haren helburua da Lanbideren zerbitzuak deialdi bakarrean koordinatzea eta harmonizatzea, bertan parte hartzen dutenak lan-merkatura sartzea xede duen jarduera integral bat ziurtatuko duen deialdia. Lortutako emaitzak kontuan hartuta, 2026ko ekitaldirako mantendu eta programatu beharreko ekimena da; izan ere, ekintza horien bidez, hartzaileak konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eskuratzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, eta, horrela, enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen duen prestakuntzak barnean hartzen ditu prestakuntza egiaztagarria bai eta Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartutako gainerako prestakuntza ziurtagarria ere. Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, prestakuntza-espezialitate berriak sartu dira C, B eta A graduen garapena jasotzen duten errege-dekretuak argitaratu ondoren. Horrez gain, lehen ziurtagiri profesionalak ere gehitu dira Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa argitaratu ondoren.
Testuinguru honetan, genero-berdintasuna konpromiso transbertsal bat da, eta, hala, Eusko Jaurlaritzak enplegua sustatzeko garatzen dituen politika publiko guztiak zeharkatzen ditu, bat etorrita 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
Ekimen horrek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, 2. helburu estrategikoan (Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea), 2.2. gako estrategikoan (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilagoa, eskumen profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena); plan estrategiko hori onartu zen bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez. Hala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, zuzenbide pribatuko ente publiko horren Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran, onespena eman dio langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu bereziak egiteko laguntzen deialdiari, 2026ko ekitaldirako, artikulu hauen arabera:
Deialdi honen xedea da proiektu bereziak finantzatzera bideratutako 2026. urterako laguntzak arautzea, laneratzeko eta gizarteratzeko edo langileen enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik.
Proiektu bereziak erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatutako proiektuak dira, eta esku-hartze, prestakuntza, orientazio eta enplegu mota desberdinak koordinatzen dituzte, edo proiektu berritzaileak edo esperimentaziokoak, aurrekoaz gain beste jarduera-mota bat barne har dezaketenak. Proiektu guztien helburua da parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal eta profesionalak bultzatzea edo indartzea, harik eta % 40ko laneratzea lortu arte.
Proiektu bereziak erabat zuzentzen bazaie aitortutako desgaitasun intelektuala % 33tik gorakoa edo desgaitasun fisiko edo sentsoriala % 65etik gorakoa duten pertsonei, orduan lortu beharreko portzentajea % 20koa izango da.
Aurkeztutako ekimenak ez dira aintzat hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren beste deialdi batzuetan.
Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 8.000.000 euroko baliabide ekonomikoak bideratu dira, horietatik 3.000.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 5.000.000 euro 2027ko konpromiso-kreditukoak.
Kopuru horiek % 25 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek egiten badira, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Baliabideak bi finantzaketa-lerrotan banatuko dira:
Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak: 5.600.000 euro; horietatik, 2.100.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.500.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.
Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak: 2.400.000 euro; horietatik, 900.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.500.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.
Proiektu finantzatzeko aurrekontu-kreditua, lerro bakoitzean, honela banatuko da lurralde historikoen artean, ehuneko hauen arabera:
Araba: % 16,16.
Bizkaia: % 50,39.
Gipuzkoa: % 33,45.
Jarduketa-lerroetako batean ez bada lurralde historikorako bideratutako kreditua agortzen, eman ez diren soberakinak beste lurralde historikoetako proiektuak finantzatzeko bideratuko dira, lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideen hurrenkerari jarraituz.
Aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren lerroetako batean esleitutako kredituan soberakinik geratuz gero, beste lerroko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, aurkeztutako eskabideen hurrenkerari jarraituz.
Eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa.
Deialdi honen barruan diruz lagundu ahalko da proiektu berezien betearazpena. Proiektu bereziak izango dira prestakuntza-, orientazio- edo enplegu-ekintzak, baita proiektu horietan parte hartzen dutenen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duen beste edozer neurri ere.
Aurrez aurreko prestakuntza, bi era hauetakoa:
1) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak edo, hala badagokio, Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionalari lotutakoak, helburu dutenak konpetentzia-egiaztapen partzialak, konpetentzia-ziurtagiriak eta lanbide-ziurtagiriak lortzea. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
C Gradua (ziurtagiri profesionala) lortzeko prestakuntza-ekintzak prestakuntza-entitateek emango dituzte, baldin eta Hezkuntza Sailaren baimena badute prestakuntza-ekintza horiek integratzen dituen D Gradua emateko.
Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion ziurtagirirako egiaztatutako prestakuntza-entitateek emango dituzte.
2) Prestakuntza ziurtagarria: Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira.
Aurrez aurreko lan-orientaziorako eta laneratzeko ekintzak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatze aldera, parte hartzen dutenen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.
Enplegu-aukeren prospekzioa, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta haiek inplikatzeko, lan-merkatuko beharrizanak identifikatuz eta proiektu berezian parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.
Proiektuari balio bereizgarria ematen dion jarduketa oro, baldin eta haren helburua bada kolektibo hartzailearen enplegagarritasuna hobetzea, eta aurrez deskribatutako hiru jarduketetatik bestelakoa bada.
Berrikuntza- edo esperimentazio-proiektu bereziak izango dira elementu berriak sartzen dituztenak (edo lehen ezagutzen ziren elementuen konbinazio berri bat) eta gure ingurune hurbileko alternatibak baino balio handiagoa ematen dutenak. Berrikuntza bai edukietan, bai egiteko moduetan egon daiteke, proiektuaren edozein fasetan, eta proiektuak jarduera-tasa handieneko enpleguetan aktibatzea eta laneratzea edota lan-merkatuaren beharrizanei erantzutea helburu izan beharko du.
Proiektu bereziak beste administrazio publiko baten edo beste entitate baten finantzaketa ekonomikoa jaso ahal izango du bertan diruz laguntzeko aurkeztutako ekintzak egikaritzeko; kasu horretan, eskabidean zehaztuko da, 6.3.A.4 eta 6.3.B.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
Jarduketak garatu eta iraunarazteko, aurrekontu-zuzkidura nahikoa izan beharko da.
Proiektu berezia 2026ko ekitaldian hasi beharko da.
Proiektu berezia 2027ko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko da, lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua barne, hala badagokio.
Pertsona talde berari zuzendutako prestakuntza-ekintza batek edo gehiagok osatutako prestakuntza- edo laneratze-ibilbide bakarra jaso ahal izango du proiektu berezi bakoitzak. Hau da, prestakuntza-ekintzak, orientazioa edo prospekzioa eta proiektu berezi batean jasotako gainerako jarduketak pertsona talde berarentzat izango dira (salbuespenen bat egon daiteke, betiere behar bezala azalduta eta justifikatuta).
5. artikuluan aipatutako entitateetako bakoitzak ezingo du 3 proiektu berezitan baino gehiagotan parte hartu, aldi baterako enpresa edo enpresa-elkarte batek edo enpresa-talde batek aurkeztutako proiektu bereziak barne. Talde bateko enpresak bakarka aurkeztuta ere, enpresa-talde gisa hartuko dira.
Proiektu berezi bakoitzak gutxienez 1. artikuluan ezarritako parte-hartzaileen ehunekoa laneratzea lortu beharko du. Laneratzeak baliozkotzat joko badira, gutxienez 3 hilabeteko kontratuak eta % 50 lanaldikoak behar dute izan.
Proiektu berezien ekintzak kolektibo hauei zuzenduta egongo dira:
Langabeak; zehazki, kolektibo hauek:
Inklusiorako eta diru sarrerak bermatzeko euskal sistemaren onuradun diren pertsonak, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen esparruan.
Enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden langileak.
Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak langabetzat hartuko dira ondorio horietarako.
Laneratzeko beharrizan espezifikoak dituzten gazteak. Deialdi honen ondorioetarako, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonak hartzen dira gaztetzat.
Luzaroko langabeak.
45 urtetik gorakoak.
Adingabeak edo mendeko pertsonak ardurapean dituzten pertsonak, baita gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak ere.
Desgaitasuna duten pertsonak.
Bi urte edo gehiago daramaten migratzaileak edo denbora hori ez eraman arren bizileku-baimena lortzeko baldintzak betetzen dituztenak.
Lanean ari diren langileak edo langabeak, atzerrian bizi eta Euskadira lanera itzultzeko asmoa dutenak, itzultzeko borondatea duten pertsonen erregistroan izena emanda daudenak.
Lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren landunak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute. Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuetan, oro har, langile landunek parte hartu ahal izango dute.
Proiektuan parte hartzeko, beharrezkoa izango da eskabidean markatutako kolektiboetakoren bateko kide izatea eta enplegu-eskatzaile gisa edo enplegu-hobekuntzarako eskatzaile gisa inskribatuta egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian edo beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publiko batean.
Langile landunei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratzeko eta berrikuntza soziolaboralerako proiektu berezietan, emakumeei lehentasuna ematen saiatuko da, emakumeengan eragin handiagoa baitute langabeziak, lan-prekaritateak, soldata-arrakalak eta lan-merkatuko egiturazko beste desberdinkeria batzuek. Horrela, bada, beharrezkoa da sektore horrentzako ekintza positiboko neurriak ezartzea enplegu-politika aktiboetan.
Deialdi honen esparruan, entitate hauek izan ahalko dira kofinantzaketaren onuradun, horretarako eskabidea aurkeztu ondoren:
Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak:
Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.
EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.
EAEko sektore publikoko entitateak.
EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta haiekin lotutako entitateak.
Prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak, irabazteko asmorik gabekoak, edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak.
Hezkuntza Sailaren edo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko prestakuntza-entitate publikoak.
Diruz lagundutako jarduera EAEn egiteko bitarteko egokiak dituzten entitateak, baldin eta merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan irabazien % 70 gutxienez entitatearen xede soziala lortzeko berrinbertitu badute. Hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztuko dira, non eta lehenago aurkeztu izanagatik Lanbiden jasota ez dauden.
Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahalko ditu, hala nola: auditoretza-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.
Prestakuntza-entitateen kasu guztietan, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatzen denez, egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimenduta eta akreditatuta dauden ikastetxe eta entitateek lege honetan jasotzen diren Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko baimen-baldintza berak izango dituzte, harik eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte.
Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak:
Aurreko puntuan aipatutako entitate guztiak, baita prestakuntza-entitate pribatu akreditatuak edo dagokion Prestakuntza Entitateen Erregistroan agertzen direnak.
Noizean behin eta proiektu berezi bat zuzen garatzeko beharrezko baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko helburuarekin, lankidetza ahalbidetuko da a) apartatuan dauden entitateen artean, kolektibo kalteberentzako proiektu berezien kasuan, eta b) apartatuan dauden entitateen artean, berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien kasuan.
Eskabidea formalizatzeko, proiektu berezi horretan parte hartzeko interesa duten entitateak, eskabidearen aurretik, legez eratu beharko dira, honako modu hauetako batean:
Aldi baterako enpresa-elkarte bat. Kasu horretan, entitateetako bat aukeratu beharko da elkartea ordezkatzeko eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin harremanetan jartzeko, edo,
zuzenbide publikoko partzuergo bat, hainbat administrazio publikoren edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateen artean, edo entitate pribatuen parte-hartzearekin.
3.8 artikuluari dagokionez, enpresa-taldetzat hartuko dira sozietate guztietan haien artean lotura hauetako bat dutenak gutxienez:
Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa izatea.
Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea izatea.
Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea edukitzeko eskubidea izatea, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.
Enpresa bat bestearen akziodun edo bazkidea izatea, eta, berak bakarrik kontrolatzea haren akziodunen boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akziodun edo bazkide batzuekin egindako akordioaren ondorioz.
Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskaeraren entitate onuraduna, baina prestakuntza-planean parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradun.
Hiru eskabide baino gehiago aurkezten badira, lehenengo aurkeztutakoak hartuko dira kontuan.
Entitate onuradunek proiektu berezia bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoez gain, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
Epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra ezarrita izatea, edo zigorra ezarrita izatea prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazita egotea, dena delako kausagatik errudun deklaratzeagatik.
Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, entitate edo enpresa eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.
Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.
Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea, honako hauek barne:
Sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.
Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausa bat edukitzea, hauek barne:
Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
Sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko neurririk ezarri ez izana, 50 langiletik gorako enpresen kasuan, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.
LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Zehapena ezarrita izatea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurriak hartu gabe egotea.
Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 3. eta 5. apartatuetan xedatzen diren egoeretako batean egotea.
30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 5. apartatuan aipatutako inguruabarren bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orriaren parte izango da.
Bestalde, ñ) apartatuko eskakizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori egitea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
Entitate eskatzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartuko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori dirulaguntza eskatzeko inprimakian sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.
Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, entitateek irakatsi nahi dituzten prestakuntza-espezialitateetan akreditatuta edo inskribatuta egon behar dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.
Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzak (lan-eskaintzak hautematea, erregistratzea eta kudeatzea) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin bitartekotza-zerbitzua emateko lankidetzan diharduten entitateek egin ahalko dituzte, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraikiz (2022-11-07ko EHAA, 212. zk.). Aurrekoez gain, aurreko prozeduraren arabera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzaileak izan ez arren, enplegu-agentzia gisa eratuta ez dauden entitate onuradunek ere enplegu-aukerak aztertzeko ekintza osagarriak egin ahal izango dituzte, proiektu bereziko parte-hartzaileekin soilik, Enpleguari buruzko 3/2003 Legearen 41.2 artikuluan jasotzen den bezala.
Orientazio-ekintzak pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek zein pribatuek egin ahal izango dituzte, orientazioko jarduketa egitean hauek dituzten heinean:
Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarekin konektatzeko.
Tableta grafikoko periferiko bat, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemara konektaturik egon behar du, eta, horrez gain, bateragarria izan beharko du STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin, eta haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu.
Orientazio-ekintzak egiten dituzte langileak profil honekin egongo dira kontratatuta: Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio-taldeetako teknikariak, unibertsitate-ikasketak amaituta dituztenak eta orientazio profesionalean, dinamizazio soziolaboralean edo prestakuntza-arloko aholkularitzan espezializatuta daudenak, eta bulegotikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza ere badutenak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta entitatearen legezko ordezkaria den pertsonaren sinadura izan beharko dute.
Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dute sarbidea: https://www.lanbide.euskadi.eus/informazioa/erakundeen-erregistroa/weblan00-centrosformacion/eu/
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1050209
Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Dirulaguntzaren eskabidea LanF prestakuntza-aplikazio informatikoan beteko da. Jarraian azaltzen diren eremuak bete beharko dira finantzaketa-lerro bakoitzeko:
Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak, 2.2.a) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera.
Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.
Helburu orokorra.
Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona/pertsonak eta haren/haien datuak.
Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean diruz laguntzeko aurkeztu diren jarduketena; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.
Proiektuaren deskribapen zehatza.
Kolektibo hartzaileak.
Prestakuntza-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Orientazio-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrizanei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak, 2.2.b) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera:
Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.
Helburu orokorra.
Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona/pertsonak eta haren/haien datuak.
Halakorik bada, proiektua kofinantzatzen duen entitatea, eskabidean diruz laguntzeko aurkeztu diren jarduketena; zenbatekoa, eta entitate kofinantzatzaileko harremanetarako pertsona.
Proiektuaren deskribapen zehatza.
Kolektibo hartzaileak.
Berrikuntza eta esperimentazioa. Argudiatzea.
Prestakuntza-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Orientazio-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.
Egikaritze-aldia.
Entitate betearazlea.
Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
Proiektu kofinantzatua bada, 3.3 artikuluan adierazitako moduan, kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentuak.
Eskabide bat aurkeztuko da dirulaguntza eskatzen den proiektu berezi bakoitzeko, eta eskabide bakoitza administrazio-espediente bat izango da. Proiektu bat ezin izango da dirulaguntza-lerro bietarako aurkeztu; horrela egiten bada, eskabidea lerro bietan ukatuko da.
Entitate bakoitzak proiektu berezi bera behin bakarrik aurkeztu ahal izango du eskualde eta lurralde historiko bakoitzeko. Proiektu berbera dela ulertuko da, baldin eta prestakuntza bera burutzea edo enplegagarritasuna hobetzeko jarduketa berberak egitea badakar.
Eskabideak ez baditu galdatutako eskakizun guztiak betetzen, entitate interesdunari LanF aplikazioaren bidez jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa edo gabezia zuzentzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak bidaltzeko. Hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.
Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.
Emate-prozedura ondoz ondoko emakida izango da. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa hauetarako 2.2 artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak..
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.
Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.
Ebazpena Lan-F aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
Dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango dira:
Eskabideak ez egotea deialdiaren 4. artikuluan aipatutako kolektiboei zuzenduta.
Entitateek aurkeztutako eskabideak ez egokitzea deialdiaren 5. artikuluan ezarritakoari.
Entitate berak proiektu bera aurkeztea eskualde berean. Kasu horretan, lehenengo aurkeztutako proiektua baino ez da kontuan hartuko (6.5 artikulua).
2024ko deialdian honako hauek sorrarazi dituzten entitateen proiektu bereziak:
Dirulaguntzaren % 40 edo gehiago itzultzea, guztiz ez egikaritzeagatik diruz lagundutako jarduerak.
Onartutako zenbatekoen % 25 baino gehiago egikaritzeari uko egitea.
ABEEn eta partzuergoen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko ezintasuna, ABEEari edo partzuergoari ez ezik, haiek osatzen dituzten entitateei ere badagokie, baldin eta zehazki haien kudeaketak ekarri badu dirulaguntza itzularaztea.
Enpresa-taldeen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko ezintasuna taldea osatzen duten entitate guztiei dagokie, 5.3 artikuluan ezartzen denari jarraituz.
Dirulaguntzaren egikaritze- edo itzulketa-ehunekoa kalkulatzeko, emandako zenbatekoa eta justifikazioan azkenean likidatutakoa hartuko dira kontuan. Deialdi berean proiektu berezi bat baino gehiago dituzten entitateen kasuan, proiektuen urteko batezbestekoa kalkulatuko da.
Prestakuntza-zentroak erabakiko du zer ikaslek parte hartuko duten proiektu berezian, aurrez izena eman duten hautagaien artean hautaketa eginez. Ondorio horietarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.
Behar duten proiektu guztietan aurrehautaketa-proba bat ere egingo da, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta prestakuntzaren helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, printzipio hauen arabera:
Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.
Probaren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.
Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.
Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 4. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.
Proba hori LanF aplikazioan dagokion apartatuan erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.
Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.
Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Proiektu berezia 4. artikuluan zehaztutako kolektiboetako bateko baino gehiagotako parte-hartzaileei zuzenduta badago, proiektu berezian sartzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonen artetik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da:
Deialdiko 4.1.a), b) eta c) letretan aipatutako kolektiboak.
Deialdiko 4.1.e) eta f) letretan aipatutako kolektiboak.
Deialdiko 4.1. d), g), h), i) eta j) letretan aipatutako kolektiboak.
Deialdiko 4.2 artikuluan aipatutako kolektiboak.
Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, LanF-prestakuntzaren kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez eta jarraibideak aintzat hartuta.
Entitate onuradunak edo prestakuntza-zentroak, hala badagokio, proiektu berezian parte hartzeko hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak prestakuntza-ekintzak abiarazi baino, gutxienez, 24 ordu lehenago erakutsi beharko ditu bere instalazioetan eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean, proiektu berezia non, noiz eta zer ordutan egingo den adierazita.
Aurrekoa eragotzi gabe, entitate onuradunak edo prestakuntza-zentroak egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango ditu ikasleei proiektuan parte hartuko dutela jakinarazteko.
Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako proiektu bakoitza osatzen duten ekintzen gehieneko prezioaren eta kofinantzaketaren (halakorik bada) zenbatekoaren arteko aldea.
Ekintza mota bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauek aintzat hartuta kalkulatuko da:
Prestakuntza-ekintzen kostua ezin izango da izan 130,49 euro/ordu/talde baino handiagoa, baldin eta parte-hartzaileak 14 edo gehiago badira.
Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa denean, 9,49 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko, salbu eta profesionaltasun-ziurtagirietan edo lanbide-ziurtagirietan, horietan irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitako gehienekoak errespetatu behar baitira.
Prestakuntza-ekintzak gehienez 20 eta gutxienez 10 parte-hartzaile dituzten taldeentzat onartuko dira. Ezin izango da prestakuntza-ekintza bat hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin, salbu eta justifikatuta badago eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aldez aurretik baimena ematen badu.
Salbuespenez, eta prestakuntzaren kalitatea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua 8ra ere murriztu ahalko da, baldin eta proiektua egingo duen kolektiboa desgaitasunen bat dutenekin osatuta badago.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako jardueren zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da.
Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukeren prospekzioarekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:
Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuetarako eta laguntza-prozesuetarako zenbatekoa 38,00 euro/ordu izango da. Dirulaguntzaren zenbatekoa zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da.
Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzen zenbatekoa 162,40 euro izango da, lortutako kontratua 3 hilabetekoa denean eta % 50eko lanaldia duenean. Ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo da taula honetan definitutako arrazoiak gertatzen direnean:
(Ikus .PDF)
Finantzatu daitezkeen prospekzio-ekintzatzat hartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekotza-aplikazioan eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak, baldin eta proiektuan parte hartzen duten pertsonen lan-kontratua badakarte.
Enplegagarritasuna hobetzea ziurtatzen duten gainerako ekintzei dagokienez, gehieneko kostua 40,20 euro orduko izango da.
Deialdi honen 5. artikuluan aipatutako entitate bakoitzak guztira ezingo du jaso, deialdi honetan, kolektibo kalteberentzako lerroan adierazitako baliabideen % 5 baino gehiagoko dirulaguntza, eta berrikuntza- eta esperimentazio-lerroan adierazitakoen % 10 baino gehiagokoa, zenbat proiektu berezitan parte hartzen duen gorabehera.
ABEEn eta partzuergoen kasuan, muga hori, ABEEei edo partzuergoei ez ezik, haiek osatzen dituzten entitateei ere badagokie, baldin eta zehazki haien kudeaketak ekarri badu dirulaguntza itzularaztea.
Enpresa-taldeen kasuan, muga hori taldea osatzen duten entitate guztiei dagokie, 5.3 artikuluan ezartzen denari jarraituz.
Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoari kofinantzaketa (halakorik bada) kendu ondoren geratzen den kopurua.
Entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak partez azpikontratatu ahalko dituzte; hain zuzen ere, diruz lagundutakoaren % 50era arte. Titulartasun publikoko entitateen kasuan, muga hori % 75era artekoa izango da, eta % 100era arte iritsi ahal izango da, aurretik eskatu eta justifikatzen bada eta, betiere, entitate horiek bitarteko propiorik ez badute.
Kontratatzen baditu, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian munta txikiko kontratuentzat ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, salbu eta ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa entitate ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Era berean, entitate onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo entitateekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskabidearekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, eskabidea aurkeztu eta 20 egun balioduneko epean esanbidez ebatzi ez bada.
Dena den, apartatu honetan aurreikusi ez denerako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko Legearen 30.3. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.
Prestakuntza-ekintzen arabera, dirulaguntzaren prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egikarituko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.
Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea esaten denean, pertsona fisikoak kontratatzea ulertu behar da bakar-bakarrik.
Gainera, prestakuntza-jardueretan, hauek kontuan izan beharko dira:
Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien edo lanbide-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta etekina atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.
Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 7,5 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuta egongo dira, egin behar direnean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.
Entitateek txartel grafikoko periferiko bat erabili ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren espezifikazio teknikoak betetzen dituena, ezarritako prozeduraren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion instrukzioa argitaratzen duen unetik.
Behin prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da haren lekuan. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.
Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzea, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute 200 ordu baino gehiago iraun, oro har, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen 2 hilabeteetan hasi beharko dira.
Prestakuntzaren helburua lanbide-ziurtagiriak (C graduak) lortzea bada, enpresako prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako baldintzetan garatuko da.
Profesionaltasun-ziurtagiri bati edo ziurtagiri profesional bati edo C gradu bati lotutako prestakuntza-ekintzak programatu ahal izango dira langile langabeen ekimenez, ziurtagiri osoa emateko, lanbide-moduluka, C gradu osoak emateko edo B graduko multzotan.
Prestakuntza-planean sartzen bada profesionaltasun-ziurtagiri bat edo C Gradu bat osorik ematea, kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriak edo C Graduak zenbat lanbide-modulu edo B Gradu dituen, beste hainbeste prestakuntza-ekintzatan zatituko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak.
Zentro batek C gradu bat edo ziurtagiri profesional bat, horiek osatzen dituzten B gradu guztiak edo lanbide-modulu guztiak jasotzen dituena, programatzen badu, zentroak nahitaez jaso beharko du enpresan edo pareko organismo batean 80 orduko prestakuntza-aldi bat egiteko eskaintza, B graduak metatuz C Gradua edo lanbide-moduluak metatuz ziurtagiri profesionala lortu nahi duten pertsona guztientzat, bat etorriz uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluarekin.
Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Zati bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.
Lanbide-moduluak kasuan kasuko lanbide-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
Horietaz gain, entitateak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, araututako hautaketa-prozesuaren arabera.
Entitateak prestakuntza eskaini behar die prestakuntza egiaztagarria bukatzen dutenei, enpresan edo pareko organismo batean, baldin eta prestakuntza-ekintza horrekin aipaturiko lanbide-ziurtagiria edo gradua amaitzen bada.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
Jarduketa-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen diren eta proiektu bereziak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo amaitu ondoren, ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez.
Ikastaroaren hasieran, prestakuntza-zentroek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:
Espezialitatearen eduki guztiak jasoko dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan.
ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta
beharrezkoak diren babes-elementuak.
Zentroek berariaz jakinarazi beharko dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa izan dutela.
Era berean, ikasleei zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete, eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.
Orientazio-ekintzak egikaritzeari dagokionez, muga hauek kontuan izan behar dira:
1,5 arreta-ordu gehienez pertsona eta eguneko.
4 arreta-ordu gehienez talde eta eguneko.
20 arreta-ordu gehienez guztira pertsonako, banakako ekintzak zein taldekakoak barnean hartuta.
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako jarduketak doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
Diruz lagundutako jarduerak izaera desberdinekoak badira, ezin izango dira aldi berean egikaritu. Salbuespenez bakarrik eta betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aldez aurretik baimena emanda eskaini ahal izango zaizkie parte-hartzaileei zerbitzu desberdinak aldi berean.
Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilabetean.
Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arrazoi hori ontzat ematen badu, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura.
Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak hartu daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean, dagokion errekurtso-oina jasoko da.
Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:
Lehen ordainketa, 2026ko ordainketa-kredituaren kargura, proiektu bereziari egokitutako dirulaguntza guztiaren % 37,5, proiektuaren ekintzetako edozein abiatutakoan.
Bigarren ordainketa, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, proiektu bereziari dagokion dirulaguntzaren gainerako zatia, proiektua amaitutakoan, haren jarduera guztiak justifikatu ondoren.
Aurreratutako ordainketaren zenbatekoa 180.000,00 euro baino handiagoa bada, dirulaguntzaren entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan aurkeztu beharko du, dagokion ordainketa egin baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan bermearen, abalaren edo fidantzaren eraketaren frogagiria, aurreratutako zenbatekoari dagokiona.
Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi haren interesak.
Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.
Entitateak ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki elektronikoa bete beharko du webgunean dagoen ereduaren arabera, Hirugarrenen erregistroko «hirugarrenen datuen alta edo aldaketa» atalean, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios1050209
Dirulaguntzaren entitate onuradunak proiektu berezia justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, honako dokumentu hauekin:
Proiektua (3.3 artikuluan aipatzen den eran) kofinantzatua bada, dokumentu bidez justifikatuko dira administrazio publikoetatik edo beste entitate batetik jasotako finantzaketaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez emandako dirulaguntzaren aurretik eskuratu bada.
Parte-hartzaileen laneratzea lortu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
Likidazioa proiektuaren barruan diruz laguntzekoa den jarduketa bakoitzaren arabera egingo da, benetan egikaritutako ekintzak kontuan hartuta. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-ekintzak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren likidazioa, ezarritako zenbatekoei jarraikiz.
Ikasleek ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeek eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten ikasleek ere ikastaroa amaitu dutela iritziko da, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza bukatu ez duten ikasleen kasuan, prestakuntza-ekintzan benetan parte hartu duten ordu kopurua hartuko da aintzat. Ekintza bakoitza ikasle kopuru jakin batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari (gai eta ez-gaiak kontuan hartuta), ez da gehituko ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua; alegia, betetako ehunekoaren eta gutxienez eskatzen den % 67aren arteko aldea.
Orientazio-ekintzak egiteagatik jasotako laguntzak likidatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, artatutako pertsona kopurua eta, bestetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak horretarako prestatutako orientazio-aplikazioan eskainitako eta justifikatutako ordu-kopurua.
Prospekzio-ekintzen, hau da, dagokion eskaintza atzeman, erregistratu eta kudeatzearen ondoriozko laguntzen likidazioa egiteko, kontratu batean amaitzen diren laguntzak hartuko dira kontuan, baita kontratatutako pertsona proiektu bereziaren parte-hartzailea izan ote den ere, betiere laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lan-bitartekaritzaren aplikazioan kudeatu badira.
Enplegagarritasuna hobetzeko jardueren ondoriozko laguntzak benetan egikaritutako orduen arabera likidatuko dira; hori egiaztatzeko beharrezkoak diren frogagiriak aurkeztuko dira.
Dirulaguntza jasoko duen entitateak proiektu bereziaren justifikazioa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, proiektua amaitu eta hilabeteko epean, beranduenez 2027ko urriaren 31n.
Ezarritako epealdietan beharrezko justifikazioa aurkezten ez badu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
Kontratua bera eta iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.
Entitate onuradunaren betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eta Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duen araudian ezarritakoak.
Bereziki, laguntzak jasotzen dituzten entitateek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor horren barruan, entitate onuradunak alderdi hauek egin beharko ditu:
Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-agiriak bete eta bidaltzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea beste erakunde batzuei dirulaguntzak edo laguntzak eskatu dizkiela edo lortu dituela, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.
Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du aztertzeko ea betetzen diren deialdian ezarritako baldintzak egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira erakunde onuradunak:
Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.
Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egin direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan; bereziki, jatorrizko agirien bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, behin dirulaguntza emanda, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
Entitateak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 13. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatearen ardura izango da inkesta hori betetzen dela bermatzea.
Diruz lagundutako jarduera guztietan eta horien ondorio diren ekintzetan, entitate onuradunek berariaz eman beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik jasotzen duten finantzaketaren berri, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte horretarako (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta aplikatzekoak den atzerapen-interesa ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo entitate zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo aipatutako 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Eta, bereziki, kasu hauetan:
Ez betetzea jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatzeko betebeharra.
Bete beharreko baldintzak bete gabe jaso izana laguntza.
Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
Deialdi honen 15. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:
Erabateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea, emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.
Ez-betetze partziala: dirulaguntzaren xedea edo hori justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo partzialki itzuliko da.
Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:
Onuraduna ez iristea deialdiaren 1. artikuluan ezarritako gutxieneko laneratze-ehunekora.
Laneratze-ehunekoak % 40ra iritsi behar duenean eta betetzen ez denean, proiektuaren likidazioan gutxitze-ehuneko hauek aplikatuko dira:
(Ikus .PDF)
Laneratze-ehunekoak % 20ra iritsi behar duenean eta betetzen ez denean, proiektuaren likidazioan gutxitze-ehuneko hauek aplikatuko dira:
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
Itzuli beharrekoa borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta horren ondorioz gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.
Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuen babespean kontzeptu beragatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin edo diru-sarrerekin.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842 helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusten den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.
Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:
EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.
3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.
659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.
658/2024 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, errege-dekretu hauek aldatzen dituena: 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena, eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena:
Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita, salbu eta zati osoa 0 denean; halakoetan, deialdi honetako 1. artikuluaren arabera parte-hartzaileak laneratzeari buruzkoa denean, 1 dela ulertuko da.