Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2026ko irailaren 21eko Erabakia argitaratzen duena. Erabaki horren bidez, toki-erakundeek gazte langabeak kontratatzeko dirulaguntzen oinarriak onartzen dira, 2021-2027 EGIF Euskal Autonomia Erkidegoko Plus programaren esparruan, eta deialdia egiten da 2026ko ekitaldirako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 187
  • Hurrenkera-zk.: 4055
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/09/21
  • Argitaratze-data: 2026/09/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazte langabeak kontratatzeko dirulaguntzen oinarriak onartu ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF Plus programaren esparruan, bai eta 2026ko ekitaldirako deialdia ere, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuetako 11.j artikuluaren arabera.

Estatutu horietako 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko honetako zuzendari nagusiari dagokio argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2026ko irailaren 21eko Erabakia, toki-erakundeek gazte langabeak kontratatzeko dirulaguntzen oinarriak onartzen dituena, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF PLUS programaren esparruan, bai eta 2026ko ekitaldirako deialdia ere, ebazpen honen eranskin gisa agertzen dena.

Bigarrena. Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki honek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena. Honako hau jakinaraztea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dutenak, lan-aukerak murriztu baitzaizkie, eta, batik bat, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik, gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen baititu egoera horrek.

Langabezian bizi duten egoera ez da inola ere homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.

Eurostat erakundeak 2025eko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera eskuragarri dauden azkenak, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 10,7koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Gazteria eta Haurtzaro Ministerioaren Espainiako Gazteriaren Behatokiaren datuen arabera, 2025eko laugarren hiruhilekoari dagokiona, kolektibo horren langabezia-tasa % 12,5ekoa izan da, eta jarduera-tasa % 45,3koa. Aldiz, EAEko jarduera-tasa orokorra % 71,6koa da.

Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduak xedatzen du estatu kide guztiek gazteen langabeziari heldu behar diotela beren gastu-programetan, bereziki Gazte Bermea aplikatuz. Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) Europar Batasunak (EB) pertsonengan inbertitzeko duen tresna nagusia da, eta hori izango da, koronabirusaren pandemiaren ondoren, Europar Batasunaren susperraldi sozioekonomikoaren giltzarrietako bat; izan ere, pandemiak hankaz gora jarri ditu lan-merkatuan parte hartzeko igoerak, kolokan jarri ditu hezkuntza- eta osasun-sistemak, eta areagotu egin ditu desberdintasunak.

Krisi larri baten ondoren susperraldi ekonomiko inklusiboa ahalbidetzeko eta etengabe aldatzen ari den lan-munduan gazteen enplegua babesteko asmoz, eta zenbait estatu kidetan eta eskualdetan gazteen langabezia oso altua dela ikusita, beharrezkoa da estatu kideek EGF+ arloan dituzten baliabideen zenbateko egokia inbertitzea gazteen enplegua eta gaitasunak babesteko neurrietan, baita Gazte Bermearen esparruan ekimenak aplikatuz ere. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1057 (EB) Erregelamenduak 2021-2027 bitarteko programazio-aldia ezartzen du, 1304/2013 (EB) Erregelamenduak 2014tik 2020ra bitarteko programazio-aldian ezarritako Gazte Enplegurako Ekimenak babestutako jarduketetan oinarrituta. Jarduketa horiek pertsona fisikoei zuzenduta daude, eta ikasitakoa kontuan hartuta, estatu kideek berrintegraziorako ibilbideak sustatzen jarraitu behar dute, kalitatezko hezkuntzan eta enpleguan oinarrituta eta gazteen prebentzio goiztiarrean eta komunikazio eraginkorrean inbertituta, lehentasuna emanez, hala dagokionean, denbora luzez langabezian, inaktibo eta baztertuta dauden gazteei; eta hori guztia, gazteei zuzendutako lanaren bitartez. Estatu kideek, halaber, eskolatik lanera dagoen trantsizioa ahalbidetzeko neurrietan inbertitu behar dute, eta enplegu-zerbitzuen gaitasunak egokitu behar dituzte, gazteei laguntza pertsonalizatu eta integrala emateko eta haientzat eskaintza zehatzagoak aurkezteko. Gazte Enpleguaren Ekimena EGF+ delakoan erabat txertatzean, gazteen enplegurako ekintza espezifikoen eskaintza eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da, eta aplikazio-esparrua neurri eta erreforma estrukturaletara hedatuko da; horrela, Batasunaren babes finantzarioaren eta Gazte Berme indartuaren betearazpenaren arteko egokitzapena handiagoa izango da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin; hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek estrategia-gakoen artean ezarria du gazteei laguntza ematea kalitatezko enpleguak lor ditzaten, eta, horretarako, laneratzea erraztuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.

Beste alde batetik, toki-erakundeek, beren mugen eta aukeren barruan betiere, ekoizpen-sistemaren, enpresen eta langileen premiei erantzun behar diete, arreta berezia jarriz langabeengan, eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 ekitaldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Plana bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, hala agintzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honetako administrazio-kontseiluak, 2026ko irailaren 21ean egindako bilkuran, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onesten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Hona hemen deialdiaren ezaugarriak:

Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eman beharreko dirulaguntzak arautzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan eta Gazte Bermearen Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik, haien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia eskuratuz, eta 2026ko ekitaldirako deialdia onartzea.

  1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak finantzatzeko 2.619.599 euro erabiliko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Aurrekontuko 2026 ordainketa-kredituaren kargura.

  2. Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

  1. Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 5. artikuluan arautzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

    Toki-erakundeek sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek, mankomunitateek, kuadrillek edo toki-garapeneko agentziek.

    Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

  2. Eskakizun hauek bete beharko dituzte kontratazioek:

    1. Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

    2. Erakundeen egitura-zereginen zerbitzura dauden langileak ordeztea ez ekartzea.

    3. Toki-erakundeek ezin izango dituzte kontratatu 2025eko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan entitate berak kontratatutako pertsonak edo 2025eko ekitaldian enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan kontratatutakoak.

    4. Kontratuek 8 edo 12 hilabete iraungo dute eta enplegu-politika aktiboko programei loturiko kontratuen bidez formalizatuko dira (405 kontratu-kodea).

    5. Kontratuak lanaldi osorako izango dira.

    6. Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.

    7. Gehienez 50 kontratu lagunduko dira diruz erakunde onuradun bakoitzeko.

  3. Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen lan-kontratuei.

  1. Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute. Ez dira inola ere erakunde onuradunak izango Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legean ezarritakoarekin bat datorren Enplegu eta Tokiko Garapen Plan bat duten tokiko erakundeak edo haien mendeko erakundeak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatzen baditu «enpleguaren arloan toki-erakundeekin lankidetzan aritzeko programa pilotuaren» bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 7/2025 Legean ezarrita dagoen bezala, eta programa horren oinarri orokorrak bateraezinak izango dira.

    Eskaera bakarra aurkeztuko da udalerri, mankomunitate edo kuadrilla bakoitzeko, egin beharreko kontratazio guztietarako, eta entitate bakarra izan daiteke onuradun, hau da, udala, mankomunitatea edo kuadrilla, lehentasunez, edo tokiko garapen-agentzia.

  2. Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

    1. Epai irmo baten bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuak izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik kondenatuak izatea.

    2. Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitua izatea, edo, hala izan bada, konkurtsoaren kalifikazio-epaian finkatutako ezgaikuntza-aldia ez amaitzea.

    3. Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean errudun deklaratu badira.

    4. Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritzan egotea, abenduaren 26ko 53/1984 Legean, Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Elkarteei buruzkoan, eta ekainaren 26ko 1/2014 Legean, Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzekoan, aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

    5. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) aurreikusitako baldintzetan.

    6. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitako epeetan (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte egoera horretan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa hartzea.

    7. Epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-aldia igaro gabe, honako hauek barne:

      Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako sexu-bereizkeria edo askotariko bereizkeria egiteagatik.

      Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan aurreikusitako zehapen osagarria ezartzeagatik, ebazpen irmoaren bidez.

    8. Laguntzak edo dirulaguntzak eskuratzea eragozten dion legezko kausaren batean sartuta egotea, honako hauek barne:

      Berdintasun-planik indarrean ez izatea, eta Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egotea.

      Sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko neurririk ezarri ez izana, 50 langile baino gehiagoko enpresen kasuan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

      LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

    9. Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zehatua izatea, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.

    10. Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana edo, halakorik ezean, dagozkion neurri alternatiboak hartu ez izana.

    11. Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 3. eta 5. paragrafoetan aipatzen diren egoeretako batean egotea.

    12. Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak, baldin eta horietako edozeinetan aurreko debekuren bat gertatzen bada.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 1. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Eskakizun hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

  1. 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

  2. Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, eta bete behar duen lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.

  3. Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko onuradun izatea, 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.

    Kontratazioaren unean bete behar da a) apartatuan adierazitako eskakizuna, eta kontratua hasi aurreko egunean bete behar dira b) eta c) apartatuetan adierazitako eskakizunak.

    Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrean justifikatu beharko du dirulaguntza emateko edo baliatzeko behar diren betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, bai eta jarduera egiten duela ere.

  1. Gazteak kontratatzeagatik, soldata-kostuek jaso ahal izango dute dirulaguntza, Gizarte Segurantzari dagozkion kontzeptu guztien ondoriozko kotizazioa barne.

  2. Aurreko apartatuan zehaztutako gastu-kontzeptu guztiengatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak hartuko dira kontuan: kontratatuko diren pertsonen kopurua, horietako bakoitzaren kontratazio-hilabeteak, eta eskatutako kualifikazio-mailaren arabera aplikatu beharreko modulu hau:

    (Ikus .PDF)

  1. Entitate onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

    Enplegu-eskaintzak kudeatzeko orduan, eskaerak jasotzen dituen bulegoak berak erregistratu beharko ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekotza-sisteman identifikatuta geratuko dira.

  2. Eskaintzak hautagai-zerrenden parekatze automatikoaren eta horien hedapenaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratuko da: https://www.lanbide.euskadi.eus

  3. Curriculumen eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsuak erabili beharko dira, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.

  4. Izangaien hautaketa-prozesuan, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatu beharko dira. Gainera, lehentasun-ordena hau beteko du toki-entitateak:

    1. Dirulaguntza-eskabidean aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko inguru geografikoan bizi diren pertsonak.

    2. DBE-BGDS prestazioaren titularrak edo onuradunak.

    3. 30 urte betetzetik gertuen dauden pertsonak.

      5. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten gainerako gazteak.

  5. Entitate onuradunak hautaketa-prozesuaren akta egingo du, eta ahalegina egin beharko da prozesuan emakume batek parte har dezan; halakorik lortzen ez bada, zergatia azaldu beharko da.

  6. Oro har, kontratuak bi hilabeteko epean hasi beharko dira, emakidaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ezinbesteko arrazoiengatik edo behar bezala justifikatutako arrazoiengatik soilik baimendu ahal izango da geroratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren.

    Nolanahi ere, eta aurreko paragrafoan adierazitako epe orokorra betetzeari kalterik egin gabe, kontratuak ezingo dira hasi 2026ko abenduaren 30a baino beranduago.

  7. Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamar egun balioduneko epean, eta «Gel-2026» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.

  1. Dirulaguntza-eskaerak bide elektronikoen bitartez aurkeztuko eta izapidetuko dira.

    Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1073709

    Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Era berean, eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren ahalordeen erregistro elektronikoan eman beharko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

    Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  2. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 30ean amaituko da (egun hori barne).

  3. Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauen kopia autentikoak aurkeztu behar dira:

    1. Toki-eremuko kontratazio-plana. Kontratazio Planak behar adina informazio eman beharko du deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaeran adierazitako moduan, eta kontratatutako pertsonen prestakuntza-maila zehaztuko du.

      Edonola ere, berariaz aipatu beharko da 3.2 artikuluko a) eta b) letretan xedatutakoa betetzen dela.

      Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

    2. Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.

  4. Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

  1. Prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

  2. Deialdi honetako dirulaguntzak segidako lehiaketaren prozeduraren bidez izapidetuko dira. Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

  3. Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, jasoko duten zenbatekoa ere adieraziz. Halaber, entitate bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren baterako finantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

    Halaber, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49.3 artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

  1. Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

  2. Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Pertsona hori deialdi honen barruan kontratatzeko baldintzak betetzen dituen beste batekin ordeztu ahal izango da, gehienez ere 15 eguneko epean. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez.

    Halaber, kontratatutako pertsona ordeztu ahal izango da aldi baterako ezintasunagatik baja hartzen duenean, bajak irauten duen bitartean. Gehienez 15 eguneko epean egingo da ordezkapena, eta deialdi honen barruan kontratatu ahal izateko baldintzak betetzen dituen pertsona batek egingo du.

    Langileen ordezkapena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beharko zaio, ordezkoari Gizarte Segurantzan alta eman eta 7 eguneko epean.

    Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.

  1. Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, eta, horretarako, aurretik, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera:

    1. Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera, Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean, izen honekin: «Toki-erakundeek gazte langabeak kontratatzeko dirulaguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan». Deialdia: 2026.

    2. Lan-kontratuen kopia.

    3. Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktan egiaztatuta gelditu behar da hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Bestela, ezintasunaren justifikazioa aurkeztu beharko da.

    4. Kontratatutako langileari Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana.

    5. Entitatearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 3. artikuluko 2.c) eta 3. apartatuetan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

    6. Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

    7. Entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.

  2. Ordainketa egin baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatu egingo du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da entitateak aurkeztutako eta dirulaguntza-emakidaren ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

  3. Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

    Erakundeak ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki elektronikoa bete beharko du webgunean ezarritako ereduaren arabera, «Hirugarrenen erregistroko» «hirugarrenen datuen alta edo aldaketa» laguntza-atalean.

  4. Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-entitate onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2027ko abenduaren 16a baino lehen:

    1. Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:

      Kontratatu diren pertsonek egindako jarduketen deskribapena.

      Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

    2. Toki-entitate onuradunaren idazkariaren edo kontu-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

  5. Dokumentazioa ez bada ezarritako epean aurkezten, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

  1. Entitate onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak eta, bereziki, honako hauek:

    1. Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea aurkeztea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.

    2. Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.

    3. Dirulaguntza emateko eta hura baliatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela egiaztatzea.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

    5. Beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

    6. Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, bai eta laguntza emateko orduan kontuan hartutako inguruabar objektiboen nahiz subjektiboen aldaketa ere.

    7. Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura.

    8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko ofizioz edo alderdi batek eskatuta, eta honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa; Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza; Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa; Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

      Horretarako, entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta kontrol ekonomikoko eta fiskalizazioko organoen esku jarriko ditu (Europako Gizarte Funtsen esku barne, hala badagokio) diruz lagundutako jarduketei buruzko agiriak, bost urteko epean, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.

    9. Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa, eta, gainera, halakorik balego, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

    10. Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

      Emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea, lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.

      Hautagaiak aukeratzeko erabakia hartzeko jarduketetan, gutxienez emakume batek hartu behar du parte. Ezinezkoa bada, justifikatu egin beharko da.

      Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

  2. Bermatu egin beharko da diruz lagun daitezkeen ekintzak gauzatzerakoan egindako gastuak ikustea ahalbidetuko duen auditoretza nahikoa dagoela, horrela diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituztela bermatzeko. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira entitate onuradunak:

    1. Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.

    2. Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egin direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako-Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

  1. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta dirulaguntzok emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

  2. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, dagokion itzultzeko prozedura hasiko da.

Entitate onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Europar Batasunaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan Europar Batasunaren baterako finantzaketa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europar Batasunak kofinantzatuta».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Entitate onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio obligazio hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatu bada.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europar Batasunaren identifikazio grafikoa agertu beharko behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.

Entitate onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Plus Gizarte Funtsaren ekarpenaz ohar daitezen.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarri zaizkien betebeharrak betetzen ez badituzte, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean suertatzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, galdutzat emango du ordaintzeke dauden diru-kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta dagozkion berandutze-interesak, dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egokiak diren bestelako ekintzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.

  1. Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

  2. Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

  3. Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.

  4. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ondorioztatzen bada ez-betetzeren bat izan dela, bertan adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, dagozkion kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar zaizkiola. Itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

  5. Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi.

Dirulaguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude (erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua).

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik