Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 26koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, laguntza batzuetarako deialdia egiteko 2023rako. Lankidetza-erakundeentzat dira, antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 163
  • Hurrenkera-zk.: 4058
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/07/26
  • Argitaratze-data: 2023/08/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2023. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak susta ditzaten.

Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren barruan sartzen da, zeina Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez luzatu baitzen 2022-2024rako. Bai Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana (luzatua), bai Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoa (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiaren bidez onartua) argitaratuta daude Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian: www.elankidetza.euskadi.eus «Nortzuk gara» atala, «Plangintza» azpi-atala.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2023ko otsailaren 8ko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariari proposatzea dirulaguntzerako deialdi hau abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela eta, hauxe

Ebazpen hau dirulaguntza batzuetarako deialdia egiteko da. 2023rako izango dira, lankidetza-erakundeentzat, beren antolaketan aldaketa-prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde. Dirulaguntza horiek martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan daude arauturik.

  1. 433.000 eurokoa izango da deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako zuzkidura ekonomikoa.

  2. Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

    1. Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 210.000 euro.

    2. Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa egitea: 16.000 euro.

    3. Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea. 200.000 euro.

    4. Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 7.000 euro.

  1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epemuga-hilean amaituko da, argitaratu zen egunean. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.

  2. Antolaketa-aldaketek lau fase izaten dituzte, baina, deialdi honetan, gehienez bi fasetarako dirulaguntza eskuratu ahal izango da, aukera hauetako bat landuz:

    1. Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egitea eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzea.

    2. Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea.

  3. Agindu honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

  4. Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzen eta dirulaguntzen apartatura, zehazki.

  5. Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

  6. Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

  7. Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

  8. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

    Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

    Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo

    Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

    Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

    Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

  9. Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.

  10. Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

  1. Eskaria egiteko, I eranskinean datorren eredu normalizatua erabili behar da. Entitate eskari-egileak oso-osorik bete behar du, telematikoki, beharrezkoak diren bere datu orokorrak emanez. Eskabidean, erantzukizunpeko aitorpen hauek agertuko dira.

    1. Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori frogatzeko dokumentazioa duela; dokumentazio hori Administrazioaren eskura jarriko duela, eskatzen zaionean; eskubidea aitortzen zaion bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duela.

    2. Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituela, edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

    3. Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ea sartuta dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta bestelako entitateek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean.

    4. Ez dagoela sartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

    5. Ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarten zigor- edo administrazio-arloko zehapenen pean, ez eta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen pean ere, barnean hartuta sexu-diskriminazioarengatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik ezarritako zehapenek dakartzaten debekuak, betiere zehapenean ezarritako aldian, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.5 artikuluaren gaur egungo idazketaren arabera.

    6. Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

    7. De minimis erregimenari lotutako laguntzarik inguratzen badu, jakinaraziko duela. Laguntza horiek Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan daude arauturik (2023ko abenduaren 18ko Erregelamendua). Han dago zehazturik Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan nola aplikatu 2020, 2021 eta 2022ko zerga-ekitaldietan.

  2. Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

    1. Erakundean kontrataturik dauden gutxienez hiru lagunen lan-kontratuen kopia digitalizatua.

    2. Ez da beharrezkoa izango erakunde eskatzaileak inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan aurkeztea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badio eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.

  3. Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela erakusteko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, adieraziz, erakundearen beraren erantzukizunpean, zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dituela, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasota dagoen bezala, han zehazten baita nola egiaztatu behar den betetzen direla zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

    Erakunde eskatzaileak ez badu erantzukizunpeko adierazpena egiten, dagokion dokumentazioa aurkeztuz erakutsi beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  4. Eskariak baloratzeko, entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

    1. Baldin eta Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bada eskaria:

      Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

      Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko (pertsona bat edo gehiago izan daitezke): haien curriculum vitaea, eta horretarako egokiak direla egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

    2. Eskaera Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko baldin bada:

      Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Generoaren diagnosi parte-hartzailea, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.a artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

      Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

      Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

    3. Eskaera baldin bada Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa osorik edo zati batean ezartzeko eta ebaluatzeko:

      Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.b artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntzak emango zaizkien antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

      Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

      Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

    4. Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea:

      Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

      Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.b artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntzak emango zaizkien antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

      Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoaren ezarpenari buruzko txostena, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuko 3.c artikuluan ezarritako baldintzen arabera (dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntza eman, antolaketan aldaketa-prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde).

      Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

  5. Diruz lagundutako prozesuan zehar sortzen diren agiri guztietan, bai eta memoria eta txostenetan ere, hizkera ez-sexista erabiliko da.

  6. Erakunde eskatzaileak publikoki jakinaraziko du parte hartuko duela berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuan.

  7. Baliteke diruz lagundutako prozesua kanpotik ebaluatzea. Kanpo-ebaluaketa hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatuko du.

Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Dńa. Alazne Camińa Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna. Postu hori hutsik baldin badago, hemen ez badago, gaixo badago, edo legezko arrazoi bategatik jardun ezin badu, honek ordezkatuko du: Noemí De la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.

Batzordekidea eta idazkaria: Dńa. Edurne Bengoechea Sorozabal andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren genero-arloko programetako teknikaria.

Batzordekidea: Sandiato Ramiréz Cameno jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria. Postu hori hutsik badago, hemen ez badago, gaixorik badago edo legezko arrazoi bategatik jardun ezin badu, honek ordezkatuko du: Ana Isabel Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa ematekorik ez.

Balorazio-irizpideak martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuko 16. artikuluan aurreikusitakoak dira (40/2018 Dekretua, martxoaren 27koa: han dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntza eman aldaketa-prozesuak sustatzeko).

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskaera aurkeztu zenetik sei hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2023ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.378.201,12 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan ezarritakoaz gain (han dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntza eman antolaketa aldatzeko prozesuak susta ditzaten ekitatearen alde), ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako arau hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

(Ikus .PDF)