Arautegia

Inprimatu

43/2017 DEKRETUA, otsailaren 14koa, zeinaren bidez 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 34
  • Hurrenkera-zk.: 875
  • Xedapen-zk.: 43
  • Xedapen-data: 2017/02/14
  • Argitaratze-data: 2017/02/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Landa-garapenerako politika, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) bigarren euskarritzat hartua, NPBren lehen euskarriaren nekazaritza-produktuen merkatuei laguntzeko politikaren osagarri eta gehigarri gisa sortu zen orain laguntza zuzenak. Ordea, denborak aurrera egin ahala, gero eta garrantzi handiagoa hartu du, eta, gaur egun, landa-garapenerako politika hori politika independentea da, eta helburu eta funts propioak ditu.

Eraldaketa horren lehenengo urratsa Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduaren bidez Nekazaritza Bideratzeko eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF) kargurako landa-garapenaren laguntzei buruzkoa eta aldaketa- eta aplikazio-erregelamenduen bidez jarri zen martxan. Arauketa hori EAEn jaso eta aplikatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2000-2006 aldirako Landa Garapen Jasangarrirako Planaren bidez eta, arau-mailan, uztailaren 28ko 166/2000 Dekretuaren bidez.

Gero, 2005eko irailaren 20ko Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez landa-garapenari Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez laguntzeari buruzkoa eta 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1974/2006 (EE) Erregelamenduaren bidez, lehen aipatutako ildo berean egin zuen aurrera; beste bultzada bat eman zion landa-garapenerako politikari, eta hura finantzatzeko Europako Erkidegoko funts berezia ezarri zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013 aldirako Landa Garapenaren Programak eta, arau-mailan, nekazaritza-sektorearentzako egitura- eta ingurumen-laguntzei buruzko uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuak, besteak beste, politika hori guztia aplikatu zioten gure erkidegoari.

Nekazaritza-politika hau oraintsu berritu da, Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Landa-garapenaren eremuan NPBren bigarren euskarria, erreforma izan da oinarrizko lehentasun-kopuru jakin batean zentratzea, eta honen bitartez egin da: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du. Erregelamendu honetan aplikatzekoak diren xedapenak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarri dira.

Aurreko etapan bezala, martxan jarri beharreko neurriak erregelamenduzko aginduaren bidez planifikatu behar dira. Horretarako, kudeaketa-agintaritzak, euskal erakunde publikoekin lankidetzan, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa egin du; bertan, plangintza hori jasotzen da eta Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez (C (2015) 3479 Erabakia, 2015-05-26koa) onetsi da. Hasierako aurrekontu-zuzkidura 87.100.000 eurokoa da, LGENF funtsekoa, programazio-aldi osorako. Landa Garapenaren Programa hau 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionalak ezarritakoa kontuan hartuta egin da; 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egin zuen, eta 2015eko otsailaren 16ko Batzordeak onetsi.

Aurreko guztia oinarri hartuta, beste dekretu bat argitaratu behar da, zeinak honako dekretu hauek ordeztuko baititu: 133/2008 Dekretua, uztailaren 8koa; 166/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa; 171/2008 Dekretua, urriaren 7koa; 172/2008 Dekretua, urriaren 7koa; 226/2010 Dekretua, abuztuaren 31koa; 423/2013 Dekretua, urriaren 7koa; eta 185/2008 Dekretua, azaroaren 11koa, Leader ikuspegiaren aplikazioa arautzeko dena, 2007-2013 aldiko Euskadiko Landa Garapen Jasangarrirako Programaren arabera. Dekretu honetan, araudi eta plangintza berria jasotzen eta aplikatzen da, eta helburu du landa-garapenerako laguntzen esparru-araudia ezartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduan eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan xedatutakoarekin bat etorriz.

Aurrekoekin bezala, hemen jasotako neurri batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-aldundien eskumeneko gaietan eragiten dute eta, ondorioz, foru-aldundiek ere gai horien baterako finantzaketan parte hartzen dute. Hori dela eta, neurri horiek dagozkien foru-organoek garatu eta deitu beharko dituzte, hemen ezarritako esparruaren arabera.

2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa aplikatzeari dagozkion jarduketa guztiak egoki koordinatzeko, Europako politiken arloan eskudun den zuzendaritza izendatzen da Programako kudeaketa-agintari gisa; hura izango da programa eraginkortasunez, efizientziaz eta zuzen kudeatzeko eta aplikatzeko arduraduna.

Era berean, landa-garapenean eskumena duen Saila organismo ordaintzailea izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan maiatzaren 31ko 81/2016 Dekretuak aldatu zuen xedatutakoarekin bat etorriz, eta LGENF funtsak programaren babesean kofinantzatutako gastuen kudeaketaren eta kontrolaren arduraduna izango da.

Azkenik, ogasun- eta finantza-arloan eskuduna den saileko kontrol ekonomikoko bulegoak egiaztapen-organismo gisa jardungo du, Gobernu Kontseiluaren 2006ko urriaren 10eko Erabakiarekin bat etorriz, eta organismo ordaintzailearen urteko kontuak eta barne-kontrolaren sistemak egoki funtzionatzen duela ikuskatuko du.

2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotakotik kanpo era daitezkeen landa-garapenerako laguntza-araubideak estatuko laguntzei buruzko araudiaren pean egongo dira, eta laguntza horien arduraduna laguntzak ematen dituen administrazioa soilik izango da; dekretu honek ez ditu babesten laguntza horiek.

Dekretu hau prestatzerakoan aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten elkarte eta erakunde profesionalei.

Horri jarraituz, behin dagozkion nahitaezko txostenak eginda, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak 2017ko otsailaren 14an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan landa-garapenerako laguntzen esparru-araudia ezartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programarekin bat etorriz.

  2. Dekretu hau aplikatuko zaie, baita ere, laguntza-lerro bakoitzerako erabilgarri dauden LGENF funtsak agortzen badira, administrazioek finantzatzen jarraitzea erabakitzen duten laguntzei, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 82. artikuluan aurrez ikusitako finantzaketa gehigarri nazionalaren metodoaren bidez, betiere horretarako aurrekontu-aurreikuspena badago Euskadiko Landa Garapenerako Programan.

  3. Aitzitik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako neurri berdinetarako edo antzekoetarako laguntzak, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan sartzen ez direnak, eta funts propioekin bakarrik finantzatuak, ez dira dekretu honen aplikazio-eremuan egongo, eta estatuko laguntzei buruzko Europako Erkidegoko araudia bete beharko dute. Landa Garapenerako Programatik kanpo estatuko laguntza horiek ematen dituen Administrazioa izango da laguntza horien arduraduna.

  4. Edonola ere, deialdi bakoitzean argi adierazi beharko da zer motatako laguntzak diren: LGENF funtsak kofinantzatutako laguntzak 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren esparruan; finantzaketa gehigarri nazionala duten laguntzak; edo funts propioen bidez finantzatutako estatuko laguntzak.

  1. 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotako neurrietarako laguntzak dekretu honen eranskinean jasotakoak dira. Era berean, eranskin horretan jasotzen dira LGENF funtsaren kofinantzaketa-ehunekoak, horien kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian parte hartzen duten administrazioak eta neurri bakoitzaren organo kudeatzailea.

  2. Europako Batzordeak, etorkizunean, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan laguntza-lerro berriak edo neurrietan edo finantzaketan aldaketak sartzea onesten badu, landa-garapenean eskumena duen saileko pertsona titularraren aginduaren bidez, dekretu honen eranskinean laguntza-lerro berri horiek edo onetsitako aldaketak sartu ahalko dira.

  1. Aurreko artikuluan aurreikusitako laguntzak erregulatzen dituen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Europako Erkidegoko araudian eta nahitaez aplikatu beharrekoa den estatuko oinarrizko araudian ezarritakoa izango da, eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren aurreikuspenetara egokitu beharko da, une bakoitzean onetsita dauden baldintzetan. Zuzenean aplikatzekoa den Europako Erkidegoko araudiak, estatuko oinarrizko araudiak eta Euskadiko Landa Garapenerako Programak, dekretu honen ondorioetarako, erreferentziazko araudia eratuko dute.

  2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan eta esparru-dekretu honetan eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan ezarritako mugen barruan, lurralde historikoetako foru-aldundiek neurrietarako, azpineurrietarako edo eragiketetarako laguntzak garatu, deitu eta kudeatuko dituzte, horien kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian parte hartzen badute.

  3. Era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan eta esparru-dekretu honetan eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan ezarritako mugen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak garatu, deitu eta kudeatuko ditu, dekretu honen eranskinean jasotakoaren arabera, neurrietarako, azpineurrietarako edo eragiketetarako laguntzak, horien kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian parte hartzen badu, landa-garapenaren arloan eskuduna den saileko titularraren aginduaren bidez. Aurrekoa gorabehera, dekretu honen eranskinean jasotako 19.2 eta 19.3 neurrietarako laguntzak tokiko ekintza-taldeek kudeatuko dituzte Leader ikuspegiaren arabera, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunaren bitartez.

  4. Une bakoitzean indarrean den 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa eta hura onesten duen Europako Erkidegoko erabakia landa-garapenean eskumena duen sailaren mendeko web-orri ofizialean argitaratuko da. Web-orri hori berariaz sortuko da, programari buruzko informazioa emateko.

  1. Dekretu honen eranskinean jasotako neurrientzako laguntzetara bideratuta dauden baliabide ekonomikoak LGENF Europako Erkidegoko funtsetik eta foru-aldundi bakoitzaren aurrekontu-kredituetatik edo horretarako Euskadiko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira, une bakoitzean indarrean dagoen Europako Batzordeak onetsitako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotzen diren kofinantzaketa-ehunekoen arabera. Neurri bakoitzerako Euskadiko Landa Garapenerako Programan eta 1305/2013 Erregelamenduaren 82. artikuluan aurrez ikusitako finantzaketa gehigarri nazionalaren kasuan, baliabide ekonomikoak foru-aldundietako edo Euskadiko Aurrekontu Orokorretako funtsetatik soilik etorriko dira.

  2. Gainera, 4.1, 4.2, 4.3, 8.6 eta 19.2 neurrietarako laguntzak ezarri ahalko dira finantza-tresnen bidez, tresna horietakoren bat Euskadiko Landa Garapenerako Programaren esparruan artikulatzen bada eta Europako Batzordeak onesten badu. Kasu horretan, finantza-laguntza horien kofinantzaketa eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren kontura izango dira.

  3. LGENF funtsetik datozen laguntzen zatia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ordainduko du erakunde ordaintzailearen bidez, dekretu honen 19. eta 22. artikuluetan aurreikusten diren prozeduren arabera, eta finantza-tresna horietarako aurrekontua aipatutako neurriei esleitutako funtsen parte batez hornituko da.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datozen laguntzei dagokienez, funts horietatik ekitaldi bakoitzean eman behar diren guztizko zenbatekoak ezin du aurrekontuko diru-izendapena gainditu, ezta indarreko legeriaren arabera egindako aurrekontu-aldaketek dakarten diru-izendapen eguneratua ere.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntza-lerroen onuradun izango dira laguntza-lerro bakoitzean zehaztutako betekizunak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko edo fisikoen elkarteak; horrez gain, dagokionean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

    Dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako, sozietate zibilak, ondasun-erkidegoak edo jaraunspen-erkidegoak pertsona juridikotzat hartuko dira, eta, kasu horretan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

  2. Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradun guztiek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

    1. 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotako edozein laguntza ematerakoan hartutako konpromisoak betetzea edo bete izana.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren 22. eta 24. artikuluetan ezarritako eran egiaztatu beharko da hori.

    3. Hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egotea, honako hauetan ezarritako baldintzetan: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea edota arlo honetan aplikatu beharreko foru-araudia.

    4. Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik administrazio- nahiz zigor-arloan zehatuta ez egotea eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatuta ez egotea.

  1. Jarraian aipatutako laguntzak lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da ustiategi osoan honako hauetan ezarritako legezko kudeaketa-betekizunak (baldintzak) eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak betetzea: 1306/2013 (EE) Erregelamendua eta 20/2016 Dekretua, otsailaren 16koa (20/2016 Dekretua, otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak).

    1. Baso-eremuak basotzea eta sortzea, mantentze-kostuei dagokienez soilik (8.1 neurria).

    2. Nekazaritza- eta baso-sistemak ezartzea, mantentze-kostuei dagokienez soilik (8.2 neurria).

    3. Nekazaritza-ingurumena eta klima (10. neurria).

    4. Nekazaritza ekologikoa. (11. neurria).

    5. Natura 2000ren eta Uraren Esparru Zuzentarauaren babeseko ordainketak, neurri hori Euskadiko Landa Garapenerako Programan sartzen bada (12. neurria).

    6. Muga naturalak edo bestelako muga espezifikoak dituzten eremuetarako laguntzak (13. neurria).

    7. Abereen ongizatea, neurri hori Euskadiko Landa Garapenerako Programan sartzen bada (14. neurria).

    8. Baso-ingurumenerako eta klimarako zerbitzuak, eta basoak kontserbatzea (15. neurria).

      Neurri horiek egikaritzean, onetsitako kudeaketa-plana duten eta Natura 2000 Sarean kokatuta dauden azaleren gaineko laguntzak ematen badira, egiaztatu beharko da diruz lagundutako jarduerak kudeaketa-plan horiekin bat datozen. Era berean, beharrezkoa bada, ziurtatu beharko da espezie mehatxatuen kudeaketa-planekin bat datozela, Euskadiko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plan Bateratua barnean dela.

  2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan oro har dekretu honetan jasotako inbertsioetarako laguntzen gainean xedatutakoa errespetatzeaz gain, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak hauek izango dira:

    1. Ondasun higiezinak eraikitzea, eskuratzea (baita finantza-errentamenduaren bidez ere) edo hobetzea.

    2. Makina eta ekipo berriak erostea edo erosteko aukerarekin errentan hartzea, produktuaren merkatu-balioraino;

      a) eta b) letretan aurreikusitako gastuei lotutako kostu orokorrak, besteak beste, arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterketak barne. Bideragarritasun-azterketek diruz lagundu daitezkeen gastuak izaten jarraituko dute, nahiz eta, emaitza kontuan hartuta, a) eta b) letretan aurreikusten diren gastuak ez egin;

    1. Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea;

    2. Baso-kudeaketako planen eta tresna baliokideen ezarpen-kostuak.

  3. Nekazaritzako inbertsioen kasuan, ez da inbertsiorako laguntzarik emango nekazaritzako, laguntzarako, animalien hazkuntzarako eta urteroko landareen ekoizpen eta landaketarako eskubideak erosteko. Hala ere, natura-hondamendien, klima-ezbeharren edo katastrofeen ondorioz kaltetutako nekazaritza-ekoizpenaren ahalmena suspertuz gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduaren 18. artikuluko 1. zenbakiko b) letrarekin bat etorriz, abereak erosteko kostuak diruz lagundu daitezkeen kostutzat jo daitezke.

  4. Ureztatzeko instalazioetan inbertitzeko laguntzetarako, aurreko idatzi-zatietan aurreikusitakoa gorabehera, bakarrik joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 46. artikuluan xedatutakoa betetzen dutenak.

  5. Gehigarria den eta nekazaritzako edo basogintzako inbertsio berri bati lotuta dagoen kapital zirkulatzailea diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, baldin eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluarekin bat etorriz ezarritako finantza-tresna baten bidez LGENF funtsaren laguntza jasotzen badu. Diruz lagundu daitekeen gastua ezingo da izan inbertsiorako diruz lagundu daitezkeen gastuen guztizko zenbatekoaren % 30etik gorakoa. Eskaera behar bezala arrazoituta egongo da.

  6. Hauek ez dira diruz lagunduko:

    Lursailak eskuratzea dagokion eragiketan diruz lagundu daitezkeen guztizko gastuen % 10etik gorako zenbatekoagatik, edo neurri zehatz baterako Euskadiko Landa Garapenerako Programak ezartzen duen ehunekoarena; ehuneko hori ezin izango da % 10etik gorakoa izan.

    Bigarren eskuko ekipoak eta bigarren eskuko makinak erostea, kasu hauetan izan ezik:

  1. neurria: titularra lehen aldiz ezartzen denean sektorean, eta, betiere, sartzen den ustiategitik datozen ondasunak badira eta horiek azken 10 urteetan finantzaketa publikoaren bidez lagundu ez badira.

  2. neurria: nekazaritzako elikagaien artisau-transformazioko proiektuetan, titularra lehenengoz ezartzen denean sektorean, eta, betiere, sartzen den ustiategitik datozen ondasunak badira eta horiek azken 10 urteetan finantzaketa publikoaren bidez lagundu ez badira.

    Interes zordunak, itzuli behar ez den zuzeneko laguntza denean.

    BEZa, berreskuraezina denean izan ezik.

  1. Aurrerakinak eman ahalko dira aukera hori aurreikusi den neurrietan. Aurrerakina inbertsiorako laguntza publikoaren % 50ekoa izango da gehienez, eta artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako neurrietarako laguntzen % 75ekoa gehienez. Aurrerakinak ordaintzeko dagokion bermea eratu beharko da, 1305/2013 Erregelamenduaren 63. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

  2. EBFTaren 42. artikuluaren aplikazio-esparruan egindako inbertsio-eragiketei dagokienez, ez dira onargarriak izango laguntza-eskabidearen aurretik egindako gastuak, artikulu honen 2. zenbakiko c) letran aurreikusitako kostu orokorrak salbu.

  3. Onuradunek eginiko ordainketak fakturen eta ordainketa-agirien bidez justifikatuko dira, eta, dagokionean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horrelakorik egin ezin denean, ordainketak froga-balio baliokidea duten dokumentuen bidez frogatuko dira, honako hauek aplikatzen direnean izan ezik: kostu unitarioen baremo estandarrak, kontribuzio publikoko 100.000 euroko edo hortik beherako oroharreko zenbatekoak edo tasa finkoko finantzaketa.

    Ordainketa egin dela egiaztatzeko, indarrean dagoen legeriak onartutako agiriak erabiliko dira (banku tituluak, laburpenak, etab.). Kopururen bat eskudirutan ordaindu bada, ezingo du gainditu indarreko legeriak ezarritako gehieneko zenbatekoa, laguntza-araubideak kopuru txikiagoa aurreikusi ezean; hala badagokio, kontabilitatearen bidez egiaztatu ahal izango da. Betiere, fakturekin batera hornitzaileen kobrantza-ziurtagiriak aurkeztuko dira, edo «eskudirutan jaso dut» adierazpena jasoko dute, data jarrita eta sinatuta, kobratzailearen IFZrekin.

    Diruz lagundu ahalko dira ordaindu gabeko lan modura egiten diren ekarpenak, betiere lan horren balioa zehazten bada emandako denbora eta lan baliokide baten truke jasotzen den ordainsari-maila kontuan hartuta.

  4. Laguntzak emateko, kudeaketa-agintaritzak horretarako ezarri dituen hautaketa-irizpideak aplikatuko dira, neurri bakoitzerako jarraipen-batzordeari kontsulta egin eta gero. Irizpide horiek laguntza bakoitzaren deialdian jasoko dira. Hautaketa-irizpideak ezartzerakoan, emakumeei lehentasuna emateko ahalegina egingo da.

Gaitasun eta konpetentzia profesional egokia izateko eskatzen denean, ulertuko da gaitasun hori badagoela horretarako landa-garapenerako programan ezarritako irizpideak betetzen direnean eta, hala badagokio, dekretu honen 13., 18. eta 21. artikuluetan aurreikusitako laguntza bakoitzaren deialdietan ezarritakoak betetzen direnean.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak elkarren artean bateragarriak izango dira, betiere, koherenteak badira eta laguntzen zenbatekoak, nola bakarka hala beste laguntza batzuekin batera hartuta, ez badu gainditzen onuradunak garatu beharreko jarduerari edo laguntzaren xedeari dagokion kostua. Beste laguntza batzuk lortzearen ondorioz muga hori gaindituz gero, dekretu honetan araututako diru-laguntzak emateko ebazpena aldatuko da.

  2. Halaber, beste laguntza-erregimen batzuei jarraikiz Erkidegoan aplikatzen diren beste politika eta neurri batzuekin koherenteak izan behar dute, eta Erkidegoko araudiak ezartzen dituen muga orokorrak nahiz sektorialak errespetatuko dituzte. Hori horrela, dekretu honen bidez ez da laguntzarik emango honako hauek finantzatzeko:

    1. Merkatu Antolakunde Bateratuen esparruan emandako laguntza lor dezaketen programak eta neurriak, bateragarriak direla beren-beregi ezarri ezean.

    2. Ekoizpena Merkatu Antolakunde Bateratuaren esparruan ekoizpenari edo Europako Erkidegoaren laguntzari ezartzen zaizkion mugen gainetik handitzea helburu duten inbertsioak, baita zuzeneko laguntza-erregimenak ere.

  1. Kudeaketa-agintaritzak informazio- eta publizitate-estrategia antolatu beharko du, 1305/2013 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen 808/2014 Erregelamenduaren 13. artikuluan eta II. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz. Urtean behin, gutxienez, Kudeaketa Agintaritzak Landa Garapenerako Programaren (LGP) Jarraipen Batzordeari estrategia horren ezarpenaren berri eman beharko dio.

  2. LGParen esparruan egiten diren laguntza-deialdi guztietan, LGENF Europako Erkidegoko Funtsaren eta laguntza horiek kofinantzatzen dituzten erakunde nazionalen finantzaketa zehaztu beharko da. Era berean, laguntza emateko jakinarazpen guztiak Landa Garapenerako Programarako (LGP) laguntzak kofinantzatzen dituzten erakundeen onuradunei jakinarazi beharko zaizkie eta, horrela, neurria eta lehentasuna zehaztu beharko dira.

  3. Eusko Jaurlaritzak kofinantzatutako laguntzen kasuan, babesletza adierazi behar da proiektuaren zabalkunderako egiten diren dokumentu guztietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera sartuko da (http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm)

  4. Onuradunek informazio- eta komunikazio-jarduera guztietan LGENF funtsaren laguntza adierazi beharko dute, honela:

    1. EBren ikurra adierazita, honako goiburu honekin: «Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa-guneetan inbertitzen du».

      (Ikus .PDF)

      Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa:

      Europak landa-guneetan inbertitzen du

    2. aipamena LGENF funtsaren laguntzari (edo Europako Egitura eta Inbertsio funtsenak, eragiketa zenbait funtsen bidez kofinantzatu bada).

    3. Gainera, eragiketa Leaderek kofinantzatzen badu, Leaderen logotipoa ere erantsi beharko da.

      (Ikus .PDF)

  5. Eragiketa bat egiterakoan, onuradunak jendeari LGENF funtsetik eskuratu duen laguntzaren berri emango dio, honela:

    1. Onuradunaren webgunean, halakorik badago, kofinantzatutako eragiketa eta helburuak labur azalduta, eta EBren finantza-laguntza nabarmenduta.

    2. Eragiketa horiek azpiegiturako edo eraikuntzako obrak badira eta guztira 500.000 euro baino gehiagoko laguntza publikoa eskuratu badute:

    1. Aldi baterako kartela; kartelak tamaina egokia izango du eta jendeak ikusteko moduko leku batean jarriko da.

    2. Kartel edo plaka iraunkorra; kartelak tamaina egokia izango du, eta jendeak ikusteko moduko leku batean jarriko da, hiru hilabeteko epean, eragiketa amaitzen denetik hasita.

    3. Eragiketa horiek b) letran aurreikusita ez dauden azpiegiturako edo eraikuntzako obrak badira eta guztira 50.000 euro baino gehiagoko laguntza publikoa eskuratu badute: gutxienez A3 tamainako panela, eragiketaren inguruko informazioarekin eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduta; jendeak ikusteko moduko leku batean jarriko da. Betekizun hori ez zaie aplikatuko azaleraren edo abelburuen arabera kalkulatzen diren laguntzak dituzten neurrien babespean egin diren eragiketei, ez eta inbertsiokoak ez diren eragiketei ere.

    4. LEADERek finantzatutako tokiko ekintza-taldeen kasuan, azalpen-plaka jarriko da instalazioen sarreran.

      Kartel, panel, plaka eta webguneek proiektuaren edo eragiketaren deskribapena jasoko dute eta, bertan, Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko da. Informazio horrek kasu bakoitzean erabiltzen den euskarriaren % 25 beteko du, gutxienez.

  1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren VI. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz, Europako politiketan eskuduna den zuzendaritzari esleitzen zaio 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa kudeatzeko agintaritza.

  2. Kudeaketa-agintaritza hori programaren kudeaketa eraginkorraren, efizientearen eta zuzenaren arduraduna izango da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 66.1 artikuluan aurreikusitako zereginak garatuko ditu.

    Dekretu honen eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ezarritako zereginen banaketaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren kofinantzaketa duten laguntzen kasuan, 1305/2013 Erregelamenduaren 66.2 artikuluan aurreikusitako kudeaketa- eta egikaritze-zereginak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako zuzendaritzei egokituko zaizkie.

    Era berean, dekretu honen eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz, foru-aldundien kofinantzaketa duten laguntzen kasuan, 1305/2013 Erregelamenduaren 66.2 artikuluan aurreikusitako kudeaketa- eta egikaritze-zereginak foru-aldundiei egokituko zaizkie.

    Aurreko bi idatzi-zatietan xedatutakoa gorabehera, kudeaketa-agintaritzak jarraituko du zeregin horiek eraginkortasunez eta egoki kudeatzen eta betetzen direla bermatzeko arduraduna izaten.

  3. Kudeaketa-agintaritzari dagozkion zeregin guztiak egoki betetzeko, dekretu honetan aurreikusitako laguntzen kudeatzaileek lankidetzan jardun beharko dute, uneoro, kudeaketa-agintaritzarekin, eta, horrela, programaren inguruan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute. Horretarako, organo kudeatzaileek beren programa informatikoak Programaren beharretara egokitu beharko dituzte, programa informatiko horiek egikaritzearekin, adierazleekin eta kontrolen estatistikekin lotutako nahitaezko datuak eman ahal izan ditzaten.

  4. Laguntzen kudeaketa errazteko, kudeaketa-agintaritzak programazio-aldiaren hasieran programaren neurri eta azpineurri bakoitzaren prozeduraren eskuliburuak egingo ditu, eta urtero eguneratuko ditu, beharrezkoa bada.

  1. Landa-garapenean eskumena duen saila da 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren erakunde ordaintzailea, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan maiatzaren 31ko 81/2016 Dekretuak aldatu zuen edo hura ordezten duen arauan xedatutakoarekin bat etorriz.

    Erakunde ordaintzailea izango da LGENF funtsak programaren esparruan egindako gastuak kudeatzeko eta kontrolatzeko arduraduna, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoak arautuko du.

  2. Laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko zereginak neurri bakoitzean eskudunak diren administrazio-organoek garatuko dituzte, dekretu honen eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta zeregin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan edo hura ordezkatzen duen arauan ezarritakoaren arabera gauzatuko dira.

  3. Aurreko idatzi-zatian aurreikusitakoa gorabehera, erakunde ordaintzaileak jarraituko du kontrolen arduradun izaten, eta, horretarako, kontrol osagarrien prozedura ezarriko du, organo kudeatzaileek bidaltzen dizkioten LGENF funtsaren ordainketa-eskaerak berrikusteko.

  4. Kontrolak zuzen eta koordinatuta egiteko, kontrol-plana egingo da programazio-aldiaren hasieran, eta urtero eguneratuko da, beharrezkoa bada.

  1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren VI. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren egiaztapen-erakunde gisa jardungo du, 2006ko urriaren 10eko Gobernu Kontseiluaren Erabakian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  2. Egiaztapen-erakunde horrek erakunde ordaintzailearen urteko kontuak ikuskatuko ditu, bai eta barne-kontroleko sistema zuzena ere, Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarri bezala.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako neurri, azpineurri edo eragiketen laguntza bakoitzaren deialdia eta kudeaketa egokituko zaio bakoitzarentzat erabakitzen den organo kudeatzaileari, kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian duen partaidetzaren arabera, dekretu honen 4. artikuluan eta eranskinean xedatutakoarekin bat etorriz. Deialdiak honako hauek izan beharko ditu, gutxienez:

    Adierazi beharko da zer motatako laguntzak diren: LGENF funtsak kofinantzatutako laguntzak 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren esparruan; finantzaketa gehigarri nazionala duten laguntzak; edo funts propioen bidez finantzatutako estatuko laguntzak.

    Laguntza bakoitzarentzako diru-zuzkidura eta LGENF Europako Erkidegoko Funtsaren eta laguntza horiek kofinantzatzen dituzten erakunde nazionalen finantzaketa zehaztu beharko dira.

    Gaitasun eta konpetentzia profesionalaren betekizunak, hala badagokio.

    Dekretu honen 6. artikuluaren 10. zenbakian jasotako hautaketa-irizpideak.

    Eskabideak aurkezteko era eta epea, eta aurkeztu beharreko agiriak.

    Emateko prozedura, kontrolak eta ebazteko eta ordaintzeko epeak.

  2. Kudeaketa-organoek Kudeaketa Agintaritzari jakinaraziko dizkiote laguntzak deitu eta garatzeko arauen proiektuak, agintaritza horrek egiazta dezan ea horiek bat datozen honako hauetan ezarritakoarekin: aplikatu beharreko Europako Erkidegoko erregelamenduak, dekretu hau, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa, eta dekretu honen 6. artikuluaren 10. zenbakian jasotako hautaketa-irizpideak.

  1. Eskabideak laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu behar zaizkio, laguntza bakoitzerako ezartzen diren epe eta baldintzetan.

  2. Eskabidea jaso duen organoak akatsen bat edo zehaztasunik eza antzemanez gero, halaxe jakinaraziko dio eskatzaileari. Eskatzaileak 10 egun izango ditu akatsa zuzentzeko. Behin epe hori igaro eta akatsa zuzenduta ez badago, onuradunak atzera egiten duela ulertuko da, dagokion organoak ebazpena eman ondoren.

  1. Dekretu honen bidez erregulatutako diru-laguntzen pertsona onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar orokorrez eta lurralde historikoetako diru-laguntzak erregulatzeko foru-arauetan ezarritako izaera bereko betebeharrez gain:

    1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola dioen jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

    2. Diru-laguntza erabili behar du eman zaion horretarako, eta emateko edo, bestela, likidatzeko ebazpenean ezarritako baldintzekin bat.

    3. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo aginpidedunek, dituzten funtzioez baliatuta, eskatzen dioten informazioa ematea, dekretu honetan adierazitako diru-laguntzei dagokienez.

    4. Dekretu honen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako informazio- eta publizitate-eskakizunak betetzea.

    5. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Dekretu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratuko duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

  1. Laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere dekretu honetan edo dagokion laguntzaren deialdia egin duen aginduan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatuta, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Ondorio horietarako, kudeaketa-organo eskudunak dagokion aldaketa-ebazpena emango du laguntza erregimen bakoitzarentzat; bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira.

  2. Laguntzen ordainketa laguntzak emateko izandako xedeak betetzen direla egiaztatzen denean egingo da, dekretu honetan bildutako berariazko neurri bakoitzerako edo foru-aldundiek egin beharreko garapen-arauetarako xedatu daitekeena alde batera utzi gabe. Horretarako, onuradunek organo kudeatzaile eskudunek eskatzen dizkieten egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte.

  3. Onuradunek ez badituzte betetzen dekretu honetan, dagokion laguntzaren deialdia egiteko aginduan edo hori garatzen duen foru-araudian ezarritako betekizunak, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, dagozkien berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta aplikatu beharreko foru-araudia, foru-aldundiek kofinantzatutako laguntzen kasuan.

Laguntza-erregimen bakoitzean aurreikusitako epeak amaituta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. ATALA

LGENF FUNTSAK ETA FORU ALDUNDIEK KOFINANTZATUTAKO LAGUNTZEN KUDEAKETA

  1. Ustiategiak edo ustiategiaren azaleraren zatirik handienak kokaleku duen, edo, bestela, lagundu beharreko jardun edo inbertsioa egingo den lurralde historikoetako foru-aldundietako sail eskudunei dagokie foru-aldundiek dekretu honetan aurreikusitakoari jarraikiz kofinantzatzen dituzten laguntzak kudeatzea eta kontrolatzea.

  2. Xede horretarako, foru-aldundiek argitaratuko dituzte deialdia eta laguntza horiek garatzeko arauak. Deialdiak, gutxienez, dekretu honen 13.1 artikuluan aurreikusitako edukia jasoko du. Deialdi horretan ezarriko dira, halaber, erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak, alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudi horretan egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak.

  1. Kontrol eta egiaztapen egokiak egin eta gero, foru-organo eskudunek ebazpena emango dute. Ebazpen horretan, bidezkoa bada, laguntza osoa emango da, bai bere aurrekontuen kargura finantzatzen dena bai LGENF funtsak kofinantzatutako zatia. Laguntza ordaindu ostean, foru-organoek erakunde ordaintzaileari eskatuko diote LGENF funtsak finantzatu behar duen zatia itzultzeko.

  2. Erakunde ordaintzaileak, foru-aldundien ordainketa-eskabideen gaineko egiaztapen egokiak egin eta gero, LGENF ordainketa egingo du, eta foru-aldundiek aurreratutako kopuruak itzuliko ditu.

    3. ATALA

    LGENF FUNTSAK ETA EUSKO JAURLARITZAK KOFINANTZATUTAKO LAGUNTZEN KUDEAKETA

Dekretu honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz Eusko Jaurlaritzak kofinantzatutako laguntzen kudeaketa eta kontrola gaiaren arabera eskudun den sailaren zuzendaritzei egokituko zaie, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 190/2013 Dekretuan edo hura ordezten duen arauan ezarritakoari jarraikiz.

  1. Urtean behin, Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak emandako agindu baten bidez, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko deialdia egingo da; laguntza horiek LGENF funtsak eta Eusko Jaurlaritzak kofinantzatuko dituzte.

  2. Agindu horrek, gutxienez, dekretu honen 13.1 artikuluan aurreikusitako edukia jasoko du. Deialdi horretan ezarriko dira, halaber, erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak, alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudi horretan egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak.

  1. Kontrol eta egiaztapen egokiak egin ondoren, laguntzaren zuzendaritza kudeatzaileak, ebazpen bakarraren bidez, hala badagokio, laguntza emango du, dagozkien aurrekontuen kargura, eta erakunde ordaintzaileari proposatuko dio LGENF funtsen kargurako laguntza eskuratzeko aukera, eta, horretarako, aipatutako ebazpenaren berri eman, eta finantzatutako laguntzaren zenbatekoa ordainduko zaio onuradun bakoitzari, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuaren kargura, 194/2006 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Erakunde ordaintzaileak, beharrezko betekizunak eta Europako Erkidegoko arautegia betetzen direla egiaztatzen duten kontrolak egin ostean, LGENF funtsaren kargura finantzatutako laguntzaren zatia ordaintzeko ebazpena emango du, eta onuradun bakoitzari laguntzaren zenbatekoa ordainduko dio.

  3. Baldin eta onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk euskal administrazio publikoen edo haien erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzultze- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horrek amaituta egon behar du, onuradun horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

    4. ATALA

    JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

1305/2013 Erregelamenduaren VII. tituluan jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez ezarri diren betebeharrak betetzeko, programaren neurriak kudeatzeko organoek, kudeaketa-agintaritzaren laguntzarekin, euren programa informatikoak egokitu beharko dituzte, neurri bakoitzerako eskatutako adierazle guztiak atera ahal izateko. Beharrezkoa den kasuetan, sexuaren adierazlea ateratzeko aukera ere egongo da, edota landa-garapenaren esparruan emakumeen eta gizonen errealitatea aztertzeko eta horri buruzko ondorioak ateratzeko xedearekin ezartzen diren bestelako adierazleak.

  1. Kudeaketa-agintaritzak proposatuta eta landa-garapenean eskumena duen zuzendaritzaren pertsona titularraren ebazpenaren bidez, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programarako Jarraipen Batzordea eratuko da. Euskadiko nekazaritza-sektoreko, nekazaritzako elikagaien industriako eta landa-inguruneko erakunde, entitate eta elkarte esanguratsuenek osatu beharko dute batzordea, eta estatuko Gobernuko eta Batzordeko ordezkariek hartuko dute parte, kontsultarako.

  2. Jarraipen Batzordearen zeregin nagusia izango da programaren kalitatearen eta egikaritzearen jarraipena egitea, finantza-, egikaritze- eta helburu-adierazleetan oinarrituta. Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 74. artikuluan ezarritako zereginak bete beharko ditu eta batzordearen lehenengo bileran onetsiko den barne-erregelamenduak arautuko du.

  3. Era berean, Jarraipen Batzordeari laguntzak hautatzeko irizpideei buruz galdetuko zaio, eta irizpide horiek kontuan hartu beharko dira laguntzen deialdietan; laguntzak kudeatzeko organoek ere kontuan hartu beharko dituzte.

  4. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea betez, bermatu egingo da Jarraipen Batzordeko partaideek nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea. Halaber, deialdiak, gai-zerrendak eta aktak bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira.

  5. Berdintasunerako Legearen 3.7 artikulua dela bide, Jarraipen Batzordea osatzerakoan, ahalegina egingo da emakumeen eta gizonen presentzia orekatua egon dadin.

  1. 1305/2013 Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, kudeaketa-agintaritzak, urtero eta 2024. urtera arte urte hori barnean dela, aurreko urteko Programaren egikaritzeari buruzko txostena egin beharko du.

  2. Txosten horiek egoki egiteko, kudeaketa-agintaritzak organo kudeatzaileen programa informatikoek ematen dituzten datuak baliatuko ditu. Hala ere, bide horren bidez beharrezko informazioa jaso ezean, zuzenean eskatuko die organo ordaintzaileari eta organo kudeatzaileei txostena osatzeko beharrezkoak diren datuak. Urteko txosten hori Europako Batzordeari aurkeztu beharko zaio, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen.

  1. Kudeaketa-agintaritzak bermatu beharko du programazio-aldian programaren ebaluazioa egiten dela, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programako 9. zenbakian aurreikusitako ebaluazio-planean ezarritakoarekin bat etorriz, haren eraginkortasuna, efizientzia eta eragina kalkulatzeko.

  2. Ebaluazio guztiak aditu independenteek egingo dituzte eta jendaurrean jarriko dira, gaztelaniaz eta euskaraz. Halaber, ebaluazio-ekintzetan, genero-ikuspegia kontuan hartu beharko da.

  3. Kudeaketa-agintaritzak hautatuko ditu talde ebaluatzaileak eta finantzatuko ditu ebaluazioarekin lotutako lan guztiak. Talde ebaluatzaileen kontratazioen ondoriozko gastuak laguntza teknikoko gastutzat hartuko dira, LGENF funtsarekin kofinantzatzeko, programaren esparruan.

  4. 2024an, programari buruzko osteko ebaluazio-txostena prestatu beharko da, eta Batzordeari bidali beharko zaio, 2024ko abenduaren 31 baino lehen. Horrez gain, 2017an eta 2019an aurkeztu behar diren urteko egikaritze-txostenetan, programaren helburuak lortzeko bidean egin diren aurrerapenei eta emaitza-adierazleei buruzko informazio gehigarria jaso beharko da. Ebaluazio-txosten guztiak jendearen eskura jarri beharko dira, programari buruzko informazioa emateko ad hoc sortutako web-orri ofizialean: http://www.euskadi.eus/osoa/

  5. Programa informatikoek talde ebaluatzaileari urteko egikaritze-txostenak ebaluatzeko edo egiteko beharrezko informazio guztia ematen ez badiote, kudeaketa-agintaritzak, erakunde ordaintzaileak eta neurrien batzorde kudeatzaileek ebaluazioaren ardura duten entitateekin jardun beharko dute lankidetzan eta, horretarako, behar duten informazio guztia eman beharko diete.

  1. Programazio-aldian, Landa Garapenerako Programaren aldaketetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren 11. artikuluan eta 808/2014 Erregelamenduaren 4. artikuluan xedatutakoa beteko da.

  2. Kudeaketa-agintaritzak koordinatuko ditu aldaketa-proposamenak.

  1. Eskatzaileek eta onuradunek baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte dekretu honen bidez ezarritako laguntzak izapidetzeko. Baliabide horien erabilera borondatezkoa izango da, eta laguntzaren eskatzaileak zehaztu beharko du, berariaz, lehenetsitako edo onartutako baliabide gisa. Eskabidean adierazi beharko da onarpen hori.

  2. Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta EAEko Administrazio Orokorraren erregistroen sarrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautuko dute baliabide elektronikoen erabilera laguntza horiek izapidetzean.

  3. Prozedura amaitu bitartean egin beharreko izapide guztiak egiteko erabili ahal izango dira baliabide elektronikoak. Eskaera egiterakoan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik, eta, era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du erakunde interesdunak; horretarako, horren berri eman beharko dio nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

  4. Laguntzei buruzko deialdi-aginduan ezarriko da nola aktibatu izapidetze elektronikoa eta zein diren baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak laguntza hauen eta eskaera-ereduen izapidetzean.

  5. Laguntzaren eskaeran, prozeduraren izapidetzea egiteko, baliabide elektronikoak erabiltzea lehenetsi eta onartu badu espresuki onuradunak, jakinarazpena modu telematikoan egingo da.

  6. Jakinarazpena egindakotzat joko da interesdunak edo, hala badagokio, legezko ordezkariak edo baimendunak jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean. Eusko Jaurlaritzak edo, hala badagokio, foru-aldundiek hartarako jarritako web-orrian jakinarazpenaren xede den egintza interesdunaren esku uzten denetik hamar egun natural igaro ondoren interesduna ez bada sartu edukira, ulertu beharko da jakinarazpena errefusatu egin dela. Izapidea gauzatutzat hartuko da eta prozedurari jarraituko zaio, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela edukira sartzea.

  7. Eusko Jaurlaritzako edo foru-aldundietako nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak edozein bide erabiliz adieraziko dio interesdunari jakinarazpena eskuragarri dagoela Eusko Jaurlaritzak edo, hala badagokio, foru-aldundiek hartarako ezarritako web-orrian. Adierazpen horrek balio informatiboa baino ez du izango, eta ez adierazteak ez dio eragingo jakinarazpena zuzen egiteari.

    LEHENengo XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 133/2008 Dekretua, uztailaren 8koa, nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzkoa. Aurrekoa gorabehera, dekretu horren babesean eman ziren laguntzek hor xedatutakoaren pean jarraituko dute, amaitu arte.

    BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 166/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko basogintzako diru-laguntzei buruzkoa.

    HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 171/2008 Dekretua, urriaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen dituena (Erein programa). Aurrekoa gorabehera, dekretu horren babesean eman ziren laguntzek hor xedatutakoaren pean jarraituko dute, amaitu arte.

    LAUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 172/2008 Dekretua, urriaren 7koa, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzak ematekoa (Lehiatu programa). Aurrekoa gorabehera, dekretu horren babesean eman ziren laguntzek hor xedatutakoaren pean jarraituko dute, amaitu arte.

    BOSGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 226/2010 Dekretua, abuztuaren 31koa, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzei buruzkoa (Lehiatu-Arrantza programa). Aurrekoa gorabehera, dekretu horren babesean eman ziren laguntzek hor xedatutakoaren pean jarraituko dute, amaitu arte.

    SEIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 423/2013 Dekretua, urriaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertzeko, garatzeko eta berritzeko laguntzei buruzkoa (Berriker programa). Aurrekoa gorabehera, dekretu horren babesean eman ziren laguntzek hor xedatutakoaren pean jarraituko dute, amaitu arte.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Indargabetuta geratzen da 185/2008 Dekretua, azaroaren 11koa, Leader ikuspegiaren aplikazioa arautzeko, 2007-2013 aldiko Euskadiko Landa Garapen Jasangarrirako Programaren arabera.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Landa-garapenaren arloan eskuduna den saileko titularra ahalduntzen da, agindu bidez eta bere eskumen-eremuaren barruan, dekretu hau aplikatzeko xedapen osagarriak emateko eta Europako araudian edo Europako erabakietan Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarrirako Planaren inguruan egiten diren aldaketetara egokitzeko.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2017ko otsailaren 14an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. neurria: ezagutza eta informazioa jakinarazteko ekintzak. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Lanbide-heziketarako eta gaitasunak hartzeko saioetarako laguntza.

  2. Erakustaldi-jardueretarako eta informazio-ekintzetarako laguntza.

  3. Nekazaritza- eta baso-ustiategietan trukeak edo iraupen laburreko bisitak egiteko laguntza.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 80koa da.

    Neurri hauetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kofinantzatu eta kudeatuko ditu.

  1. neurria: nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitatearen araubideak. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza.

  2. Ekoizle-elkarteek barne-merkaturako ezarritako informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 53koa da.

    Neurri hauetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kofinantzatu eta kudeatuko ditu.

  1. neurria: inbertsioak aktibo fisikoetan. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Nekazaritza-ustiategien inbertsioetarako laguntza.

  2. Nekazaritza-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko inbertsioetarako laguntza.

  3. Nekazaritza- eta baso-sektoreetan azpiegiturak garatzeko, berritzeko eta egokitzeko inbertsioetarako laguntza.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 53koa da.

  1. eta 4.3. azpineurrietarako laguntzak foru-aldundiek kudeatu eta kofinantzatuko dituzte. 4.2. azpineurrirako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu, bai eta 4.3. azpineurrian aurreikusitako lehengaien zentro logistikoak, nekazaritzako elikagaien enpresa-parkeak, zurgintzaren eta biomasaren inguruko parkeak sortzeko proiektuak ere.

    1, 4.2, 4.3 neurrietarako, finantza-tresnen bidezko laguntzak ezarri ahalko dira, Batzordeak hala onesten badu. Kasu horretan, finantza-tresnen bidez eginiko laguntza horien kofinantzaketa eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta lagundutako eragiketen gaineko kofinantzaketa-tasa % 63koa izango da.

  1. neurria: nekazaritza- eta enpresa-ustiategien garapena. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Nekazari gazteek enpresak sortzea.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 80koa da.

    Neurri hauetarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte.

  1. neurria: basoak garatzeko eta horien bideragarritasuna hobetzeko inbertsioak. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Baso-eremuak basotzea eta sortzea.

  2. Nekazaritza- eta baso-sistemak ezartzea.

  3. Basoetan suteek eta ezbehar edo hondamendi naturalek eragindako kalteak prebenitzeko laguntza.

  4. Suteen eta ezbehar edo hondamendi naturalen eraginez basoek jasandako kalteak konpontzeko laguntza.

  5. Baso-ekosistemen egokitzeko gaitasuna eta ingurumen-balioa handitzeko inbertsioak.

  6. Baso-teknologien inbertsioetarako eta baso-produktuak eraldatzeko, mugitzeko eta merkaturatzeko inbertsioetarako laguntza.

    1 eta 8.2 azpineurrietarako kofinantzaketa-tasa % 75ekoa da. 8.3, 8.4, 8.5, eta 8.6 neurrietarako kofinantzaketa-tasa % 53koa da.

    1, 8.2, 8.3, 8.4 eta 8.5 azpineurrietarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte.

  1. azpineurrirako laguntza foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dute, parkean zura jarri arte eginiko eragiketa eta gastuetan eta, zehazki, honako hauetan: baso-kudeaketa jasangarriko planak egitea eta ezartzea eta baso-kudeaketa jasangarria egiaztatzea; basoko lanei lotutako kostuak; zura mugitzeko, amaierako mozketarako eta zura ateratzeko kostuak, eta makinak eskuratzeko kostuak eta kanpo-lanak kontratatzeko kostuak.

  1. azpineurrirako laguntza Eusko Jaurlaritzak kofinantzatu eta kudeatuko du, parkean zura jarri ostean eginiko eragiketa eta gastuetan eta, zehazki, honako hauetan: eraldaketa-makinetarako inbertsioa; zura eraldatzeko proiektuetarako inbertsioak, eta zura merkaturatzeko proiektuetarako inbertsioak.

    Era berean, 8.6 neurrirako, finantza-tresnen bidezko laguntzak ezarri ahalko dira, Batzordeak hala onesten badu. Kasu horretan, finantza-tresnen bidez eginiko laguntza horien kofinantzaketa eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta lagundutako eragiketen gaineko kofinantzaketa-tasa % 63koa izango da.

  1. neurria: ekoizle-taldeak eta -erakundeak sortzea. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Ekoizle-elkarteak eta -erakundeak sortzeko laguntza.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 80koa da.

    Neurri honetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kofinantzatu eta kudeatuko ditu.

  1. neurria: nekazaritza-ingurumena eta klima. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

    1. Ekoizpen integratua.

    2. Higadura genetikoak mehatxatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko sagardo-sagarrondoen barietateak kontserbatzea.

    3. Tokiko animalia-arrazak kontserbatzea.

    4. Biodibertsitatea hobetzeko erlezaintza.

    5. Mendiko larreen aprobetxamenduaren kudeaketa.

    6. Mahasti zaharrak kontserbatzea.

    7. Nekazaritza-ekoizpen jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikazioa.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 75ekoa da.

    Neurri hauetarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte, laborantza estentsiboen dibertsifikazioari buruzko 10.1.7 azpineurria izan ezik. Azpineurri hori foru-aldundiek kudeatuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du.

  2. neurria: nekazaritza ekologikoa. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Nekazaritza ekologikora aldatzea.

  2. Nekazaritza ekologikoa mantentzea.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 75ekoa da.

    Neurri hauetarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte.

  1. neurria: muga naturalak edo bestelako muga espezifikoak dituzten eremuetarako laguntzak. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Mendiko eremuetarako konpentsazio-ordainketak.

  2. Mendiko eremuez bestelako guneetarako konpentsazio-ordainketak.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 75ekoa da.

    Neurri hauetarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte.

  1. neurria: baso-ingurumenerako eta klimarako zerbitzuak, eta basoak kontserbatzea. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Baso-sartzeen kudeaketa, ingurumen-jasangarritasunaren irizpideetan oinarrituta.

  2. Espezie aloktonoak dituzten baso-sailen ordez, baso autoktonoak sartzea.

  3. Baso autoktonoak kontserbatzea.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 75ekoa da.

    Neurri hauetarako laguntzak foru-aldundiek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte.

  1. neurria: lankidetza. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. EIPren ekintza-taldeak sortzeko eta funtzionatzeko laguntza ematea nekazaritzaren produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloan.

  2. Nekazaritza-, elikadura- eta baso-sektoreetan produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzea.

  3. Eragile txikien arteko lankidetza, dituzten lan-prozesuak elkarrekin antolatzeko eta instalazioak eta baliabideak partekatzeko, baita turismo-zerbitzuak garatzeko edo merkaturatzeko ere.

  4. Banaketa-kateko eragileen lankidetza horizontalari eta bertikalari laguntzea, banaketa-kate laburrak eta tokiko merkatuak ezartzeko eta garatzeko.

  5. Klima-aldaketa moteltzeko edo horretara egokitzeko baterako ekintzak, baita martxan dauden ingurumen-proiektuekin eta -praktikekin lotutako baterako planteamenduak ere.

  6. Banaketa-kateko eragileen arteko lankidetza horizontala eta bertikala, biomasaren horniketa jasangarriari begira, elikagaiak eta energia ekoizteko eta industria-prozesuak sortzeko.

  7. Nekazaritza-jarduerak dibertsifikatzea honako hauekin zerikusia duten jardueretan: osasun-arreta, gizarteratzea, komunitateak babestutako nekazaritza eta ingurumenari eta elikadurari buruzko heziketa.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 80koa da.

    Neurri hauetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzak kofinantzatu eta kudeatuko ditu.

  1. neurria: Leader toki-garapenerako laguntza. Neurri honen barruan, azpineurri hauek jasotzen dira:

  1. Prestaketarako laguntza.

  2. Toki-garapen parte-hartzailearen estrategien (TGPE) araberako eragiketak ezartzea.

  3. Leader: Tokiko ekintza-taldeen lankidetza-jarduerak prestatzea eta ezartzea.

  4. Leaderen funtzionamendurako eta animaziorako kostuak.

    Neurri honetarako kofinantzaketa-tasa % 80koa da.

    Neurri hauetarako laguntzak tokiko ekintza-taldeek kofinantzatu eta kudeatuko dituzte, landa-garapenean eskumena duen zuzendaritzaren bidez.

    Era berean, 19.2 neurrirako, finantza-tresnen bidezko laguntzak ezarri ahalko dira, Batzordeak hala onesten badu. Kasu horretan, finantza-tresnen bidez eginiko laguntza horien kofinantzaketa eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta lagundutako eragiketen gaineko kofinantzaketa-tasa % 90ekoa izango da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.