Arautegia

Inprimatu

39/2016 DEKRETUA, martxoaren 8koa, Arraia-Maeztuko (Araba) Korreseko Gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 52
  • Hurrenkera-zk.: 1156
  • Xedapen-zk.: 39
  • Xedapen-data: 2016/03/08
  • Argitaratze-data: 2016/03/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eskumen horiek baliatuta, Arraia-Maeztuko (Araba) Korreseko Gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa kalifikatzeko espedientea tramitatzen da, historia eta arkeologia aldetik duen interesa ikusita.

2015eko abenduaren 18ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (2016ko urtarrilaren 11ko EHAA, 5. zk.) hasiera eman zitzaion Arraia-Maeztuko (Araba) Korreseko Gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa monumentu-multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, ez da alegaziorik egon.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 8ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Korreseko Gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Arraia-Maeztuko udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskaera egingo dio Arraia-Maeztuko udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn, jende guztiak horren berri izan dezan.

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

MARTXOAREN 8KO 39/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAKETA

Multzo honetarako adierazitako mugak hura babesteko nahikotzat jo ditugunak dira, barnean gotorlekua eta Erdi Aroan haren babespean egongo zen populazio-eremua jasota. Mugaketa horrek, neurri handi batean, lursaila mugatzen duten lerro naturalekin bat dator. Horrela bada, iparraldeko mugaketa-lerroa Peña del Castillo eta Soila mendiak bereizten dituen aldapa edo desnibel handia izango da, 820 metroko lursaileko sestra-kurbari jarraiki, eta barneko ertzean gazteluaren atzealdetik doan bidea utzita. Hego eta ekialdean, planoan argi eta garbi ikusten den erliebearen ebakidura bertikala, hain zuzen Arraia-Maeztu eta Kanpezuko udalerrien arteko mugaraino; mendebaldeko muga, berriz, herrixkaren itxiera-hormatik gertuko lerro bat izango da, horren paraleloan doana, eta 820 metroko sestra-kurbari jarraiturik.

Multzoaren mugak hobeto identifikatzeko, planoa atxiki zaio eranskin honi.

(Ikus .PDF)

MARTXOAREN 8KO 39/2016 DEKRETUAREN II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Korreseko gazteluaren multzoa iristen zaila den kareharrizko harkaitz-malkar batean kokaturik dago; higadurak hautsita dago ipar-mendebaldeko eta hego-ekialdeko alboetan, eta 3 eta 4 m arteko sakonerako hobi natural moduko bat osatzen du. Halaber, haranaren gaineko 100 m inguruko malda bertikaleko hormak osatzen du hego-ekialdeko alboa. Hegoaldeko alboan, berriz, harkaitza altxatzen da erliebe hori Soila menditik bereizten duen igarobide naturalaren gainean, eta Bujandarako bidezidor bat abiatzen da handik.

Aztarnategi horretan ez dute oraindik arkeologia-ikerketako landa-lanik egin, baina gainazalean dauden hondakin garrantzitsuak (egiturak zein materialak) ikusita, begi-bistakoa da interes nabarmena duela Goi Erdi Aroko era horretako kokaguneak ezagutzeko.

Gaur egun gehien ikusten denagatik gazteluko sailkapena jaso badu ere, oraindik ere gainazalean, azalera handiko eremu batean, eta hiru mailatan, ikus daitezkeen egituren sakabanaketagatik, pentsa daiteke gotorleku garrantzitsu baten babespean edo oinean eratutako populatze-toki baten aurrean gaudela.

Egun oraindik agerikoak diren egiturak ditu alderik gorenean, gaztelukoak izango direnak berez (uharka eta dorre nagusia izan daitekeena); horiez gain, erdiko mailan eraikitako beste batzuk ere badaude (gotorlekuaren defentsa aurreratua ixteko horma altuak), eta, mendebaldeko magalaren alderik baxuenean, eremu zabalagoa ixten duen defentsarako egitura sendo bat; azken horrek, ziur aski, populatutako eremua babespean hartuko zuen.

MARTXOAREN 8KO 39/2016 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

BABES-ARAUBIDEA

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarnak, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Arraia-Maeztu udalerrian dago, Arabako Lurralde Historikoan alegia.

Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzearen baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

  1. Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

  2. Kontserbazioaren babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak edo lehengoen aztarnak finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

  3. Multzoa bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu multzoa bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

  4. Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren eremuan edozein jarduera egin baino lehen, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena. Hala ere, kontuan hartu behar da Gune Arkeologikoa Izkiko Parke Naturalaren eremuan dagoela eta horren ondorioz, derrigorrezkoa izango dela parkearen berariazko araubideak jasotzen dituen jakinarazpenak egitea parkearen erakunde kudeatzailearen aurrean, baita derrigorrezko baimenak eskuratzea ere.

  5. Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzan kultur ondarearen eskumena duen Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.

Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoa monumentu-multzoaren kategoriako ondasun sailkatu moduan jasota geratuko da Arraia-Maeztuko udalaren planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, planeamendu tresna horiek babes araubide honetan artatze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko Eusko Jaurlaritzan kultur ondarearen eskumena duen Sailaren aldeko txostena beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.

Zehaztapen hauek indarrean dauden eta etorkizunean onartutako lurralde-antolamendurako planei ere izango zaizkie aplikagarri.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilerak eta jarduerak araubidearen kontrakotzat joko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultur ondarearen eskumena duen Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira. Horretaz gain, beharrezkoa izango da derrigorrezko baimenak eskuratzea bai Arabako Foru Aldundian, bai Izkiko Parke Naturala kudeatzen duen organoan.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har, eta deskribatutako babes-araubideari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

    Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia indusketa ere.

  2. Onartutako jarduerak.

    Aurreko lerroaldean baimentzeko moduko jardueratzat adierazitako horiek honako definizio hauei lotu beharko zaizkie:

    1. Arkeologia indusketa. Arkeologia indusketa deritze, uztailaren 3ko Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia eta paleontologia hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da multzoko hondakinak zaharberritzeko planei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia balioztatzeko orduan nola jokatu jakin.

    2. Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, multzoa berreraikitzeko eta baloratzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentu multzoari arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.

      Interes handikoak diren edota artapen maila ona duten aztarnategi zatietatik hasiko dira zaharberritze lanak, arkeologia azterketak amaitu eta berehala. Beraz:

      Zaharberritze prozesu orok aztarnategia balioztatzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza talde horretan gaian aditu diren arkeologia profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakigarriak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.

      Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren arrastorik gera ez dadin.

      Multzoa interpretatzeko beharrezkoa iritziz gero, bertako zati suntsituak berreraiki ahal izango dira, eta berreraiki beharko ere, baina lan hori ez zaio gailenduko inola ere multzoaren ikuspegiari. Nolanahi ere, berreraikuntzak multzoaren jatorrizko egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu-estuan, arkeologia azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduta badaude, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran eta abarretan antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiziko dituen marran materiala ezberdin kokatuz.

      Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira, eta beharko ere, egitura horiek eraiki eta gerora jarritako elementuak, ez direlako jatorrizko erabilpenarekin lotzen, baizik eta denboran geroxeagoko erabilerei dagozkienekin. Hortaz, soilik mantenduko dira baldin eta kokatuta dauden inguruneko usadioak ezagutzera emateko aztarnategi zatitzat jotzen badira. Hala dagokionean, behar den moduan arrazoitu beharko da.

    3. Sendotzea eta kontserbatzea. Arkeologia aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (harresia, gaztelua, uharka, eliza, gela-hormen hondakinak, zutoin-zuloak, materialak...) babesteko jarduerak, tratamenduak eta esku-hartzeak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.

      Era berean, herrixkan egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze- eta kontserbatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia babestea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.

      Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.

  3. Baimendutako erabilerak eta jarduera ez-eraikitzaileak.

  1. Zientzia-jarduerak, eta hondakinak dauden-daudenean mantentzeko lanak.

    Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak baimendutako egitasmoa aurretik dela.

    Eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balioztatzea ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako aztarna arkeologiko higiezinak dauden toki berean babestu beharko direla.

    Aztarnategi honetako zoruan eta zorupean edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzeko proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.

    Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak multzoaren hondakinak sendotzeko eta zaharberritzeko proiektuari baimena emateko, proiektuak bi sinadura beharko ditu: lanak koordinatuko dituen arkeologoaren sinadura, eta material mota hauetan aplikatzen diren teknika berezietan aditua den zaharberritzaile profesional baten sinadura, zeinak kasu bakoitzean tratamendurik egokienak ezartzeko ardura izango duen.

    Proiektuak, lehenengo eta behin, esku-hartzearen xedea diren egitura edo aztarnen azterketa zehatza jaso beharko du, haien ingurunea, kontserbazio-arazoak, elementu itsusgarriak, eta abar. Handik aurrera, garbitasun, oreka eta luzaroko iraunkortasunari begira tratamendu egokienak zeintzuk diren aztertuko da, betiere bi baldintzarekin: alde batetik, tratamenduak itzulgarriak direla bermatuko da, eta, bestetik, kaltea duten egituraren zatiak ahalik eta gutxien berrezarriko dira, bakar-bakarrik zainketa hobea ziurtatze aldera denbora luzeagoan iraungo duen kontserbazioa bermatzeko.

    Monumentua balioztatzeko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa baten bidez. Arabako Foru Aldundiko Kultura Saiari dagokio berme horiek exijitzea esku-hartzea egin behar duen administrazioari edo entitate pribatu edo publikoari, esku-hartzea bera hasi baino lehen.

  2. Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.

    Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.

    Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

  3. Basogintza eta landaretza erabilerak.

    Korreseko Gazteluaren Gune Arkeologikoa naturgune pribilegiatu batean dagoenez gero, Izkiko Parke Naturalean hain zuzen ere, kontuan hartu beharko dira ingurumenaren aldetik tokiak dituen balioak, hartara naturgunearen kontserbazioa bateragarria egiteko bertako monumentu-multzoarekin.

    Aipatu behar da tokiko landaredi sarriak, basoberak eta zuhaitzek, gure ustez, aberastu egiten dutela tokiak gaur egun duen irudia. Horregatik, gaur egungo landare-espezie horiek onargarriak dira, nahiz eta beti erne egon behar den aztarna arkeologiko eta arkitektonikoak kontserbatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

    Gaur egun dauden zuhaitzen mozketa beharrezkoa ikusten bada, mozketa soila onartuko da, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

    Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

    Ingurunean landaketa berririk planteatuz gero, aztarnategiak ez duela batere kalterik izango eta aurrerantzean ere espezie horiek eraginik ez dutela sortaraziko bermatuko duen proiektu arkeologikoa beharko da aldez aurretik.

    Edozein kasutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, berak aurretik baimena eman dezan.

  4. Baimendutako erabilerak eta jarduera eraikitzaileak.

    Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko egitasmo orokor bat eginda. Edonola ere den, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko da lana gauzatu aurretik.

Desjabetzeari dagokionez, gizarte interesekotzat joko da Arraia-Maeztuko Korreseko Gazteluaren Multzoaren eremua (Araba), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta aztarna arkeologikoak agerrarazten direnean, uztailaren 3ko Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta balioztatzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.