Ingurumenak eta Iberdrolak hiru urtean goi-tentsioko 750 dorre aldatzea adostu dute, hegaztiak babesteko

Argitalpen-data: 

  • Lehen jarduketak Urdaibaiko natura-erreserban izango dira
  • Linea elektrikoekin elektrokutatzea edo horiekin talka egitea da hegazti handienen heriotza ez-naturalaren lehen kausa
  • Sailak goi-tentsioko ia 7.000 linea-euskarri identifikatu ditu egokitu beharra dutenak eremu ahuletan

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Iberdrola Distribución S.A enpresak hitzarmena sinatu dute; horren bidez, konpromisoa hartzen dute gutxienez goi-tentsioko linea elektrikoen 750 dorre egokitzeko, kableekin elektrokutatu edo talka egiten duten hegaztien kopurua saihestu edo murrizteko. Hitzarmenak Gobernu Kontseiluaren oniritzia izan zuen, pasa den abenduaren 26an, eta helburu du 2008ko 1432 Errege Dekretuak ezarritako neurriak praktikan jartzea; dekretuak dauden linea elektrikoak egokitzeko urratsak ezarri zituen, eta horren inguruko eskakizunak ezarri zizkien bai lineen titularrei, bai autonomia-erkidegoei.

 

Euskadin aldatu beharreko aireko sareen tarteak pasa den ekainean Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak emandako ebazpenean zehazten dira. Inbentario horrek egokitzapena behar duten ia 7.000 dorre identifikatzen ditu (“euskarri” da termino teknikoa), bereziki kontuan hartzen ditu naturaguneak eta lehentasuna ematen dio mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetako lineak egokitzeari.

Linea elektrikoekin elektrokutatu edo talka egitea da hegaztien heriotza ez-naturalaren kausa nagusia. Espezie ahulenak hego-zabalera handienekoak dira, besteak beste, sai arreak, sai zuriak, zikoinak, arranoak eta beste harrapari batzuk. Hala ere, Euskadiko orografia malkartsua dela eta, zaila da kausa horrek eraginda hil direnen estatistika zehatza egitea.    

Iberdrola Distribuciónekin sinatutako hitzarmenak ezartzen duenaren arabera –Red Eléctrica Españolarekin batera autonomia-erkidegoan aire bidezko kondukzio gehien duena da–, enpresak konpromisoa hartzen du urtero gutxienez 250 euskarri egokitzeko, hitzarmena indarrean den hiru urteetan, aldeek identifikatu dituzten lineetan. Lehen jarduketak Urdaibaiko natura-erreserban egingo dira, eremuan dagoen hegazti-fauna handia eta dauden sareen antzinatasuna aintzat hartuta.    

Egokitu beharreko euskarri-kopurua Iberdrolaren eta Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailaren artean sortuko den segimendu-batzordeak berrikusiko du, goranzko joerarekin. Gainera, enpresa elektrikoak bere gain hartzen du, beharrezkoa jotzen bada, linearekin talka egin edo elektrokutatzeagatik ahul-egoeran edo galtzeko arrisku-egoeran sailkatzen diren hegaztien heriotzarik antzematen den puntutik hurbilen dauden bost euskarriak aldatzeko. Bestalde, Ingurumen Sailak bere gain hartzen du linea elektrikoetan egokitzapenak egiteko beharrezko izapideetarako bide eman eta horiek arintzeko konpromisoa.

Euskadin indarrean den araudiarekin bat etorriz, hegazti-fauna babesteko neurriak derrigorrezkoak dira 2016tik aurrera eraikitako goi-tentsioko aireko linea elektrikoetarako, bai eta ordurako bazeuden lineak zabaldu edo aldatzeko ere. Data horretatik aurrera ordurako bazeuden lineen kasuan, derrigorrezkoak dira hegaztiak elektrokutatzearen aurkako babes-neurriak, eta borondatezkoak talka egitearen aurkako babes-neurriak.

“Gure xedea eta helburua da ahalik eta lasterren esku hartzea inbentarioaren arabera Euskadin gune ahuletan erregistratuta ditugun ia 7.000 euskarrien ehuneko ehunean eta, horrela, herritarrei eta enpresei energia hornitzeko eraginkortasuna eta gure natura-ondarearen babes egokia bateragarri egitea”, esan du Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak. Hori horrela, zorionak eman dira Iberdrolak elkarlanean jarduteko erakutsi duen jarreragatik, eta sailburuordea baikor azaldu da praktikan hitzarmenean jasotako egokitzapen-kopurua gainditzeko aukerarekin.