Eusko Jaurlaritza Gurs-era joan da, kontzentrazio esparru horretan egoteak ekarritako samina jasan zutenei omenaldia egitera eta gogora ekartzera

2019.eko apirilak 07

  • Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 6.500 errefuxiatu baino gehiago kontzentrazio-esparruan izan ziren; esparruak 80 urte bete ditu orain
  • Josu Erkorekak jasan zuten sufrimendu bidegabea gogorarazi du; orain Europako mugetara iristen diren migratzaileek jasaten dutenaren antzekoa zen

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Aintzane Ezenarro GOGORA, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko zuzendariak, gaur, Gurseko (Frantzia) kontzentrazio-esparruan barneratu zituzten lehen pertsonei omenaldia egiteko eta horiek gogora ekartzeko ekitaldietan parte hartu dute, esparruaren irekieraren 80. urteurrenean. Gurs 52 herrialdetako 60.000 pertsona ingururen helmuga izan zen; horietatik, 6.500 baino gehiago Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako errefuxiatuak izan ziren, 39aren eta 40aren artean erregimen frankistatik ihes ari zirenak.  

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak Gursen esparruan izan ziren pertsona guztiek jasan zuten sufrimendu bidegabea aitortu du. Faxismoaren biktima izan ziren, gutxiengo sozial, politiko eta abarretako pertsonak. Askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren kausari eginiko ekarpena eta ahalegina ekarri ditu gogora, eta erbestea jasan zutenak gogora ekarri eta ohoratzeko betebehar etikoa nabarmendu du. Gainera, Josu Erkorekak gerraostean joan behar izan zutenek jasan zuten mina eta gaur munduko gerretatik ihes egiten duten eta saminez migratu eta etorkizun hobearen bila Europako mugak gainditzen saiatzen diren pertsonen estutasuna parean jarri ditu. 

GOGORA EKARTZEKO ETA OMENALDIA EGITEKO EKITALDIA 

Gursen izan den erakunde-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzaz gainera, Espainiako eta Frantziako eta Nafarroako eta Aragoiko gobernuetako ordezkariek ere parte hartu dute. Erakunde-ordezkariek hitz egin ondoren, Errenteriako “Dantzaz” dantza garaikideko taldeak Gursen milaka pertsonak jasan zuten espetxeari eta erbesteari buruzko koreografia bat egin du. Ondoren, Gurseko agintariek “Erbestearen Bideak” argazki handien erakusketa bisitatu eta Gurseko esparruko hilerriko eta euskal eta nafar monolitoen aurreko lore-eskaintzan parte hartu dute. 

ERBESTEA - GURSEKO ESPARRUA

Gurseko esparrua, hasieran, errefuxiatuen esparrua izan zen, 1939an eraikia; bertan Gerra Zibileko borrokalari errepublikanoak izatea zen helburu. 1939aren hasieran, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako errefuxiatuek Pirinioak zeharkatu zituzten, orduko Frantzia errepublikarrean harrera-lurraldea aurkituko zutelakoan. Porrota jasan zuten eta gehienek familiak eta hurbilekoak utzi zituzten atzean. Lehenengo geralekua Argelés sur Mer hondartza-esparrua izan zen, Kataluniarekiko mugatik hurbil. Eusko Jaurlaritzak agintaritza militar frantsesekin eginiko kudeaketei esker, Hegoaldetik zihoazenak eremu mugatu batean taldekatu ahal izan ziren, esparruaren beraren barruan.

Hala ere, Argelésko egonaldia iragankorra izan zen. Agintari frantsesek erabaki zuten errefuxiatuak esparru desberdinetan banatzea, eta, horrela, Gursera 1939ko apirilaren hasieran heldu ziren. Hobeto egokitutako harrera-esparru zela uste zutena, praktikan hobeto antolatutako kontzentrazio-esparru izan zen. Bigarren Mundu Gerra hastean eta naziek Frantzia okupatu ondoren, bertara milaka judu preso eraman zituzten.

Gurseko kontzentrazio-esparruan 52 herrialdetako 60.000 pertsona inguru izan ziren. 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, sei konboik pertsona horietako 3.907 Auschwitzera eraman zituzten. Esparrua 1945eko abenduaren 31n itxi zen eta, dagoeneko, ezer gutxi geratzen da; izan ere, barrakoi guztiak suntsitu zituzten eta bertako laurogei hektareetan zuhaitzak landatu zituzten.