Gripeak gora egiten jarraitzen du Euskadin

2019.eko urtarrilak 10

Denboraldia hasi zenetik, guztira 289 pertsona ospitaleratu dira birusarekin kutsatzean  jasan dituzten konplikazioengatik, eta 10 hil egin dira

 

Gripeak gora egiten jarraitu du azken astean Euskadin, eta 188,15eko tasa izan du 100.000 biztanleko. Orain arte, denboraldian hamar pertsona hil dira, guztira, birusarekin kutsatzean  jasan dituzten konplikazioengatik, eta osasun-zentroetan jarraitzen du gripearen sindromearen ondorioz asistentzia eskatzen dutenen kopuruak gora egiten.

Hala jaso da Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean; gripearen jarduera aztertu da abenduaren 31tik urtarrilaren 6ra bitartean. Aldi horretan gripeak gora egin duela ikusten da, bai eta asistentzia-jarduerak ere; izan ere, guztira 3.104 kontsulta artatu dira, eta, oraingoan, Bizkaian pixka bat handiagoa izan da intzidentzia. Zehazki, Osakidetzako Lehen Mailako Arretaren sarean Bizkaian 100.000 biztanleko 150,7 kasuko tasa gordina erregistratu da; Gipuzkoan, 134,8 kasukoa 100.000 biztanleko, eta, Araban, 128,8 kasukoa, 100.000 biztanleko.

Gainera, denboraldi hau hasi zenetik, 289 ospitaleratu dira; 95 egoera larrian eta 19 kasu larrienetan ZIUn ospitaleratu behar izan dira. Gogorarazi behar da arrisku-taldeetan zeuden kasu larrienen % 54k (65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak edo haurdun dauden emakumeak) ez zeukala txertoa jarrita. Era berean, ospitaleratutako kasu larrien artean, hamar heriotza erregistratu dira. 

Gripea, urtero errepikatzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar diezazkieke ahulenak direnei. Pasa den denboraldian, gripea izan zuten eta ospitaleratuta egon behar izan zuten pertsonen 446 kasu larri erregistratu ziren. Gainera, 96 pertsona hil egin ziren; horietako % 35ek ez zeukan txertoa jarrita.

Kanpaina honetan ESI guztiek dute beren kontingentzia-plan berezia eta eguneratua eta, horren bidez, osasun-zentroetan jendetza gehien batzen den uneei beharrezko baliabideen bitartez erantzuten zaie.  Osakidetzako zentroek oro har 5.000 ohe baino gehiago dituzte erabilgarri; kopuru hori areagotu egin da aurten, Urdulizko Ospitalean ere oheak jarri direlako.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 10a