Euskara Euskadiko Barne Produktu Gordinaren %4,2a da

2015.eko urriak 15

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ‘Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoa’ azterlana aurkeztu du gaur Donostian, Eusko Jaurlaritzak eta NPLD sare europarrak antolatutako ekitaldi batean. Aurkezpenean ere Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLDren) zuzendari exekutibo Meirion Prys Jones eta Eusko Jaurlaritzako teknikari Jon Aizpurua egon dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskara-sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatzea izan da ikerlan honen helburua. Soziologia eta filologiaren ikuspegiak erabilita, ikerlan asko egin dira euskarari buruzkoak; EAEko testuinguru ekonomikoan euskarak mugiarazten duen merkatua eta eragina neurtzeko zientzia ekonomikoen begiradatik egindako ikerlan oso gutxi dago ordea. Azterketa honek garbi erakusten du euskara euskal ekonomiaren jarduera-sektore bat gehiago dela.

Ikerlanaren xehetasunetan sartu aurretik, Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du sarrera modura: “Aurreiritzi linguistikoa, prejuizio linguistikoa, aldez aurretik bururatutako ideia bat da; eta, gertakarien eta errealitatearen ezagutza objektiboa oinarri hartu beharrean, karga emozional handia duen uste huts bat besterik ez da bere funtsa, sinismen bat; aurreiritziak eramaten gaitu, norberak daukanarekiko desberdina den hori -adibidez hizkuntza- kontuan ez hartzera, gutxiestera edo esplizituki arbuiatzera. Kontua da norberaren hizkuntza goraipatzea, bera balitz bezala gizartearen eta norberaren aurrerapenerako egiazki balio duen bakarra. Aurreiritzi linguistikoa arma bereziki eraginkorra da, hizkuntza hegemonismoak eta elebakartasunak bizirik iraun dezaten. Hizkuntza aniztasunaren historia aurreiritzi, mito eta estereotipoz josita dago”.

Eta gehitu du: “aurreiritzi horietako bati buruz eskatuko dizuet zuen arreta: zehazki, balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren –baliogabeak diren- hizkuntzen artean egiten den bereizketari erreparatzeko eskatzen dizuet. Euskal gizarteko zenbait sektoretan oraindik bizirik dagoen aurreiritzia da hori, eta, nire ustez, aurreiritzi hori jaun eta jabe dabil gaur egun Espainiako Estatuan, eta  baita ere bere hizkuntza aniztasuna aitortzen eta errespetatzen duen Europako Batasun honetan. Garai bateko hizkuntza handien eta txikien arteko bereizketaren bertsio eguneratua da balio ekonomikoa duten hizkuntza efikaziadunen eta efikaziarik edo baliagarritasunik gabeko hizkuntzen arteko bereizketa prejuiziosoa”.

“Europan indarrean dago oraindik “Estatua-Nazioa-Hizkuntza” paradigma zaharra, Europako Batasunean ofiziala izatea eta Estatu hizkuntza izatea lotzen dituena. Ez da inklusiboa, ezta ekitatiboa ere, lehen eta bigarren mailako hizkuntzen artean bereiztea, hizkuntza efikazen eta osagarri edo “betegarrien” artean bereiztea, globalizazio eta Estatu hizkuntzen eta “beste” hizkuntzen artean bereiztea, gainerako guztiak gutxiengoen hizkuntzak balira bezala. Nahastu egiten dira gutxiengo baten hizkuntza eta hizkuntza gutxiagotua, eta ahaztu egiten da modu okerrean gutxiengoen hizkuntza deitzen diren horietako asko –hizkuntza ertainak edo erregionalak– lehen hizkuntzatzat sentitzen dituela europar ugarik, eta milioika europar herritarrek erabiltzen dituztela ohikotasunez hezkuntzan, unibertsitatean, enpresan, administrazioan, kultur sorkuntzan, informazio eta komunikazioaren teknologietan eta hedabideetan. Hizkuntza biziak dira, kasu batzuetan oso dinamikoak, baina ez dute bizi-indarra bermatua etorkizunean”, gehitu du sailburuordeak.

“Euskara, adibidez, Interneten nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzen artean 44.a da, Twitter-en erabiltzen diren 33 hizkuntzen artean dago, Wikipedian 34.a da eta Europar Batasuneko 10 Estatu hizkuntzatan baino artikulu gehiago daude euskaraz hor, Wikipedian. Baina, hala ere, kuestionatu egiten da bere balio ekonomikoa. Balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren hizkuntzen –kultur ondare huts diren hizkuntzen- arteko bereizketaren aurrean gaude. Horregatik -eta hau gauza berria da gurean- ikerketa egin dugu euskarak Barne Produktu Gordinean (BPG), Balio Erantsi Gordinean eta enpleguan duen eragin ekonomikoari buruz. Ikerketaren emaitzak agerian jartzen du, argi eta garbi, euskarak gure gizartearen sare ekonomikoan duen garrantzia, eta lagungarria da, euskararen eragingarritasun eta baliagarritasun ekonomikoa zalantzan jartzen –edo ukatzen– duen aurreiritzia desintegratzeko”, bukatu du Baztarrikak.

Meirion Prys Jones-ek honakoa adierazi du: “NPLD sarearen helburua da Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea. Egia esan, ez dugu ezagutzen gaur aurkeztu dugun bezalako ikerlanik beste komunitate batean. Berriz ere, euskal komunitatea da jarraitu beharreko bidearen gidaritza daramana”.

Ikerketaren xehetasunak:

Ikerketa egiteko erabili diren iturriak honakoak izan dira:

    1. EUSTATen Jarduera Ekonomikoen Gidazerrenda
    2. EUSTATen EAE mailako Input/Output taulak
    3. EUSTATen Zerbitzuen Inkesta
    4. SIADECOk eginiko inkesta (336 establezimenduz osatutako lagin estrategikoa)

Halaber, zeharka, beste iturri batzuen artean, honako hauek ere erabili dira:

    • Deustuko Unibertsitatea, Euskara eta Eleaniztasuneko Zuzendaritza, 2014-2015 ikasturtea
    • EITB taldea - jarduera memoriak, 2015
    • Euskadiko Editoreen Elkartea, 2012 (EAEko euskarazko argitalpenak)
    • Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, 2015 (ikerketa honetarako, bertsolaritzari buruz eginiko kalkulu ekonomikoak)
    • Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskara Errektoreordetza, 2014-2015 ikasturtea 2014-2015 ikasturtea
    • Euskal Herriko Unibertsitateko Elebilab programa, 2015
    • Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua, 2015

Jarraian, sektore jakin batek herrialde baten ekonomian duen pisua neurtzeko hiru aldagai makroekonomiko erabilienak zeintzuk diren aipatuko da:

  1. 1.    Enplegua
  2. Balio Erantsi Gordina (BEG): ekoizpen prozesuan produktu edo zerbitzu bati erantsitako balioa adierazten du; jarduera ekonomiko jakin bati dagokion Balio Erantsi Gordinean beraz, beste jarduera ekonomikoei eginiko transakzio ekonomikoak edo tarteko kontsumoak sartu gabe daude. Produktu baten ekoizpenenean, tarteko produktu edo zerbitzuen gastuak ere sartuko bagenitu, herrialde bateko ekonomiaren errekurtsoak era bikoiztuan kontabilizatzen ariko ginateke, sektore batzuetako ekoizpena beste batzuetan ere sartua egongo litzatekeelako. Adibide bat ipinita, liburu bat idatzi eta irakurlearenganaino iristeko ekoizpen-katean, profesional eta jarduera-sektore bat baino gehiagok parte hartzen du (idazleak, inprimategiak, argitaletxeak, banatzaileak, liburu saltzaileak...) eta kate-maila horietako  bakoitzak hurrengoari, berak egindako lana eta bere aurrekoei ordaindutakoa ere fakturatzen die; jarduera-sektore guzti horien fakturazio bolumena batuko bagenu, batura horretan zenbait lanen balorazio ekonomikoa behin baino gehiagotan kontabilizatua egongo litzateke.
  3. 3.    Barne Produktu Gordina (BPG): herrialde baten aberastasuna eta ekonomiaren bilakaera neurtzeko gehien erabiltzen den magnitude ekonomikoa da; herrialde baten urteko barne jarduera ekonomiko osoa zenbatekoa izan den adierazten du. Euskal Autonomia Erkidegoko BPGren kalkulua Eustatek egiten du, urtero zein hiruhilero. BPG erabiltzen da baita ere herrialde arteko alderaketak egiteko eta zorra, defizita edo I+G gastua bezalako adierazle ekonomikoak erlatiboki neurtzeko. Barne Produktu Gordina, Balio Erantsi Gordinari, produktuen gaineko zerga garbiak gehitu ondoren lortzen den kopurua da; zerga garbien zenbatekoa kalkulatzeko berriz, produktuen gaineko zergetatik administrazio publikoak lortutako diru-sarreren eta emandako diru-laguntzen arteko aldea kalkulatu behar da.

Euskara-sektoreei dagozkien aldagai horien balioak ezagutu eta EAEko datu orokorrekin alderatzea izan da ikerlan honen azken emaitza.

Aldi berean, sektore batek herrialde bateko ekonomian duen inpaktu edo eragin ekonomikoa neurtzeko kontuan ere hartzen dira:

  1. Eragin zuzena: jarduera-sektoreetan enplegatutako langileak kuantifikatu eta zuzeneko enpleguari dagozkion gainerako magnitude ekonomikoak kalkulatzen dira (fakturazio bolumena, Ekoizpen Balioa eta Balio Erantsi Gordina).
  2. Zeharkako eragina: sektore eta jarduera-adarrek egiten dituzten era guztietako gastu eta inbertsioek, sektore horretan ez ezik, EAEko ekonomia produktiboaren gainerako sektoreen ekoizpenean, enpleguan eta errentan ere eragiten dute.  Sektore jakin baten ekoizpenak beste sektoreen ekoizpenean ere eragiten du, zeharkako eragin ekonomikoa sorrarazten du.
  3. Eragin induzitua: sektore jakin bateko zuzeneko eta zeharkako enpleguaren familia errentetatik abiatuta, errenta horien zati bat barne kontsumorako erabiltzen da, eta kontsumo horrek EAEko ekonomia produktiboan du eragina. Eragin induzituarekin,  familiek kontsumitzen dituzten produktu guztien ekoizpenak (elikadura, etxebizitza, aisialdia, eta abar)  EAEko sektore ekonomiko ezberdinetan eragindako inpaktua neurtzen da.

Bi irizpide jarraitu dira euskara-sektore gisa zein jarduera kontsideratu ala ez erabakitzeko:

-          Alde batetik, hizkuntzari hertsiki lotua dagoen produktua edo zerbitzua izatea.

-          Bestetik, hizkuntza jarduera edo produktuaren ezinbesteko edo berezko bitartekoa izanda, hizkuntza hori euskara izatea.

Hortaz, 4 sektorek eta 20 azpi-sektorek (informazio gehiago informean bertan) osatu dute ikerketaren eremua. Hauek dira 4 sektoreak:

-          Hizkuntzaren industria

-          Kultura eta hedabideen industria

-          Hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak

-          Administrazio publikoa

 

Ikerlan honen azken emaitzak zehatzago ikusteko, jo atxikitako PDF dokumentura