Etxebizitza Sailak eta Lasarte-Oriako Udalak alokairurako ehun etxebizitza publiko eraikitzea adostu dute

Argitalpen-data: 

  • Arriola sailburuak eta Zaballos alkateak erakunde-lankidetzaren balioa nabarmendu dute, herritarrek egiten duten etxebizitzaren eskariari erantzuteko funtsezko tresna gisa
  • Proiektuak Europan 15 programarako deialdian parte hartzen du; programa bi urtez behingo lehiaketa bat da, Europako arkitekto gazteei beren eraikuntza-proiektuak garatzeko lekua eskaintzen dieten hiri- eta arkitektura-ideien ingurukoa  
  • Euskadin azken urteotan izan diren etxebizitza publikoaren eragiketa berezienetako bat da

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jesús Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, gaur goizean, Gipuzkoako udalerrian alokairu sozialerako babes publikoko 100 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu dute. Akordio horren bidez, proiektu berezia jarriko da abian, eta proiektuak Oria-Gain eremuan dentsitate baxuko zenbait bloketan banatutako 100 etxebizitzako auzo berria eraikitzean datza.

Gainera, proiektu honek Europan 15 programarako aukera du; programa hiri- eta arkitektura-ideien inguruko Europako lehiaketa da, bi urtean behin egiten da eta, bertan, zenbait leku hautatzen dira, Europa osoko arkitekto gazteek, 40 urtetik beherakoek, leku horietan beren eraikuntza-proiektuak garatzeko. Hautatutako esku-hartze arloak datorren astelehenean jakinaraziko dira, otsailaren 18an.

Edizio honen gaia “hiri emankorrak” da; ideia hori oso ongi moldatzen da Lasarte-Oriaren nortasunarekin. Bertan, landa-eremutik eta industria-eremutik oso hurbil daude, eta aurkeztutako kokalekuaren ezaugarriak aintzat hartuta, udalerriko landa-gunearen eta industria- eta egoitza-gunearen erdian. Oria-Gain udalerriaren hegoaldean dago, A-1 autobiatik hurbil. 2,34 hektareako orubea da eta desnibel handia du aldameneko urbanizazioen aldean; beraz, hiri-bilbean naturaltasunez txertatzeko irisgarritasuneko irtenbideak behar ditu, ondoko auzoekiko konexioa errazteko.  

Lekua aukeratu eta lehiaketaren epaia eman ondoren, udalak eraikuntza-proiektura egokituko den udal-plangintzaren aldaketa abiarazi beharko du; izan ere, egungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, Oria-Gain eremua familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeko erreserbatu da, eta tipologia hori, alkateak eta sailburuak esan dutenez, ez da egokia babes publikoko etxebizitzetarako.

Hitzarmenaren azken helburua da, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak gogorarazi duenez, udalerrian etxebizitza egokia eskuratzeko dagoen arazoari erantzutea. Bereziki, etxebizitza egokia eskuratzeko zailtasun gehien duten pertsonen arazoari erantzun nahi zaio, eta honako hau nabarmendu du: “gaur egun Etxebideren zerrendetan etxebizitzaren eskatzaile diren 648 pertsona Lasarte-Orian daude erroldatuta, eta horietatik % 71k, 442k, etxebizitza alokairuan eskatzen du”.

Etxebizitzen lehentasunezko adjudikaziodun izango dira Lasarte-Orian erroldatuta daudenak. Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzak eta eskakizunak beteko dira. Gaur egun, hartzaileek 3.000 eta 25.000€ bitarteko errenta izan beharko dute.

Arriola sailburuak eskerrak eman ditu Lasarte-Oriako Udalak eta Jesús Zaballos alkateak erakutsi duten konpromisoagatik eta eskuzabaltasunagatik; izan ere, “alkatea beti agertu da etxebizitzaren arazoari erantzuteko erabat prest”.

Bestalde, alkateak adierazi du "ekimen honekin, gaur egun Zabaletaberri eta Zatarain auzoetan eraikitzen ari diren babes ofizialeko 84 etxebizitzekin batera, bai eta auzo horietan bertan babes ofizialeko beste 126 etxebizitza eraikitzeko aurki salduko diren partzelekin ere, argi erakusten da oraingo udal-gobernuak nolako konpromisoa duen bere herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko".

Europan prozedura

Edizioko gaia aintzat hartuta, Europako hiriek hiri-kokalekuak proposatu dituzte, EUROPANen nazioarteko egituren bidez. Espainian, Batzorde Nazionaleko kideak udalerriei zuzendu zaizkie, EUROPAN lehiaketaren bidez beren lurraldeen hobekuntzan bi urtez lan egiteko zer administraziok izan dezakeen interesa jakiteko.

Lurzoruaren proposamenak idazkaritza exekutiboak jaso ditu, eta Batzorde Nazionalari eman dizkio azter eta hauta ditzan.

Hautatutako kokalekuak (otsailaren 18a), horiek aztertu ondoren eta Europako eremuan gaika sailkatu ondoren, lehiaketan parte hartu nahi duten arkitekto gazteei eskaini zaizkie.

  • Herrialde parte-hartzaile bakoitzak bere epaimahai nazionala antolatzen du eta hura, proportzio nahiko handian, atzerriko kideek eratzen dute
  • Lehiakideek beren proiektuak kokalekuari dagokion herrialdean aurkezten dituzte
  • Sariak EUROPANen aurrekontutik erabakitzen dira. Talde irabazleei saritutako proposamenen enkargua egitea, horiek espainiarrak izan ala Europako beste edozein herrialdetakoak izan, lehiaketako lurzoruaren arduradunaren eskumenekoa da.