Lekeitio Lagunkoia auzolana bultzatuz

Argitalpen-data: 

Lekeitio Lagunkoia taldea apirilaren 24an elkartu zen Santa Elena ermitan berrikuntza lanak burutzeko.

Lekitto Bedarra eta Denbora Bankuko kideen laguntzarekin, auzolan ekintza egin zuten Santa Elena ermitan. Hain zuzen ere, parte hartu zuten hamar kideek askotariko lanak egin dituzte: ermita kanpoko belar eta zikinkeria kendu, ate nagusia garbitu, Sosoagako dolada ikusteko eskailera txukundu eta sarrerako ateak, eskailerak eta alboko hormak margotu dituzte.

Parte hartzaileak “oso pozik” geratu dira lortutako emaitzarekin eta arratsalde “ederra” pasa dutela azpimarratu dute. Maiatzean lanekin jarraituko dute, udalak igeltserotza lanak amaitzen dituenean. “Inguruak asko irabazi du eta udalak aukera izango du baliabide eder hau herritarren bisitetarako zabaltzeko”.