Lanbidek 16,6 milioiko diru laguntzak onartu ditu, hainbat kolektiboren artean enplegua sustatzeko ekintzak sustatzeko

Argitalpen-data: 


      Lanbide-PRINCIPAL-SIN-POS.png
  • Deialdiek hauxe dute xede: administrazio publikoan lehen esperientziak izatea, prestakuntzarako errotzea, ekintzaileei laguntzea eta lan-ingurunean prestakuntza digitala ematea

Lanbideko Administrazio Kontseiluak enplegua babesteko lau programaren deialdia onartu du 2024rako. Deialdiak 16,6 milioi euroko zuzkidura du. Eta hauxe du helburu:  administrazio publikoan lehenengo lan-esperientzia eskuratzea (gazteei zuzendua), ekintzaileei laguntzea, prestakuntzarako errotzea eta laneratzea bultzatzea, eta, azkenik, lan-ingurunean prestakuntza digitala ematea.

Gaur berretsitako lehenengo deialdia Administrazio Publikoetan Lehenengo Esperientzia Profesionala programa finantzatzera bideratzen da. Orotara, 5,5 milioi euroko zuzkidura du. Eta Europar Batasuneko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Deialdiak hauxe du xede:  Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta sektore publiko instituzionaleko, autonomikoko eta tokiko erakundeek gazte langabeak kontratatzea (16 eta 30 urte bitartekoak). Horren bidez, gazteek lehenengo lan-esperientzia, gehi gaitasun eta trebetasun sozial eta profesionalak lortuko dituzte administrazio horiek emandako zerbitzuen esparruan.  

Azken urteotan garapen arrakastatsua izan du. Eta espero da aurtengo zuzkidurak 174 kontratu finantziatzea. Diruz lagundutako kontratazioen % 20 enplegu berdeetarako izan beharko dira; eta beste % 20 gaitasun digitaletarako.

Onartutako bigarren deialdiak xede du ekintzaileei laguntzea. Horretarako, aurten 3,9 milioi euro bideratuko dira. Laguntzak honako lau ildoren bidez gauzatuko dira: enpresa-ideia bat garatzea; proiektu berriak abian jartzea; proiektua ezartzea; eta, azkenik, enpresa-jarduera bat sendotzea.  Deialdi honetan toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da ekintzaileei laguntzeko eta tutoretza emateko.

Zuzkidura horrekin aurreikusita dago pertsona kopuru hau finantziatzea: batetik, 270 sustatzaile enpresa-ideia bat garatzeko; bestetik, 70 pertsona jarduera berriak abian jartzeko; hirugarrenik, 230 onuradun proiektua ezartzeko; eta, azkenik, 700 pertsona proiektua sendotzeko.

Halaber, bi deialdi berri ere onartu dira. Lehenengo deialdiak ibilbide integralen proiektuak diruz lagunduko ditu. Horiek xede dute erraztea etorkinek bizileku- eta lan-baimenak eskuratu ditzaten (prestakuntzarako errotzea eta laneratzea tartean). Legegintzaldian zehar, Lanbidek helburu bereko beste proiektu batzuk bultzatu egin ditu. Hala ere, aurten, lehen aldiz, xede horretarako hiru milioi euroko laguntza-deialdi bat antolatu egin da 2024-2025 aldirako.

Atzerritarrei buruzko erregelamenduaren erreformak hainbat aukera ireki ditu. Horien artean hauxe dago: deialdia egitea, atzerritarrei gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integralak laguntzeko proiektuak finantzatzeko. Horretarako, atzerritarrek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon behar dute eta Espainian bi urtez jarraian bizi. Ibilbide horiei esker, atzerritarrek, batetik, lan-bizilekuko baimena lortu ahalko dute prestakuntzarako errotuta egoteagatik; eta, horrekin batera, benetan kontratatu ahalko dituzte. Horrela, helburu bikoitza beteko da: atzerritarrak  lan-merkatuan sartzea; eta,  gainera, berariazko prestakuntza  eskuratzea (enpresek bete behar dituzten lanpostuetara egokitua). Kalkuluen arabera, aurrekontuko zuzkidurari esker, hamabost proiektu finantzatuko dira eta 150-200 pertsonek hartuko dute parte.

Onartu den bigarren deialdi berriak xede du lan-ingurunean prestakuntza digitala ematea. Deialdia Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Orotara, 4,2 milioi euroko zuzkidura du eta espero da 13.060 pertsonak parte hartzea.

Gainera, Lanbideko Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio EAEko toki-erakundeekin eta horien mendeko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari (ekintzaileei laguntzeko deialdiak gauzatzeko). Deialdia horrela gauzatuko da: ekintzaileari, lehenengo fasean, laguntza emango zaio bere negozio-ideia sortu, aztertu eta egituratzeko; dagoeneko negozio-ideia zehaztua dutenei laguntza eta tutoretza emango zaie, enpresa-jarduerari ekin ahal izateko; eta, azkenik, jadanik enpresa-jarduerari ekin diotenei ere lagunduko zaie baldin eta jardueraren izapide guztiak garatzeko ezagutza nahikorik ez badute.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)