Gogorak eta Arrankudiagako Udalak Angel Egaña gudariaren memoria ondratu dute

Argitalpen-data: 

Gogora Institutuak genetikoki identifikatu du gorpuzkia, Valladolideko El Carmen hilerriko hobi batetik berreskuratu ondoren
• Angel Egaña, Arrankudiagakoa, eta Euskadiko Gudarosteko Padura batailoiko tenientea, heriotzara kondenatu zuten Gerra Kontseiluan eta Valladoliden exekutatu zuten 1938ko ekainaren 2an, 24 urte zituela
• Familiak modu pribatuan lurperatuko du Egañaren gorpuzkia Arrankudiagako hilerrian

 

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Arrankudiagako Udalak Angel Egaña gudariaren omenezko ekitaldia antolatu dute, haren familiak gorpuzkiak berreskuratu eta jaioterrira ekartzeko aukera izan duenean.
Angel Egaña Valladoliden exekutatu zuten 1938ko ekainaren 2an, harrezkero ber gorpuzkiak Valladolideko Karmengo hilerriko hobi batean egon dira. Memoriaren Institutuak identifikatu ditu orain, Valladolideko Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak lurpetik berreskuratu ondoren.
Gaur goizeko ekitaldian, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, Jesus Mari "Txutxi" Ariznabarreta Arrankudiagako alkateak eta Julio del Olmo Valladolideko Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko presidenteak parte hartu dute.
Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuko zuzendariak, gaurkoa bezalako ekitaldiek memoria berreskuratzeko eta biktimak gogoratzeko duten garrantziaz hitz egin du “biktimei eta haien familiei zor diegu”. Bere hitzetan, oroimenak, gaur egun ere, berebiziko garrantzia du "gertatutakoa ezagutzeko eta gure herriaren etorkizuna eraikitzeko".
Bestalde, Ezenarrok beste erkidego batzuekin eta Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitu eta berreskuratzeko lanean diharduten elkarteekin izandako lankidetza azpimarratu du. Horri esker Euskadin jaio edo bizi ziren 15 pertsonen gorpuzkiak berreskuratu eta familiei eman zaizkie: 8 Nafarroako Foru Komunitatean egindako desobiratzeetatik eta 7 beste lurralde batzuetan egindako desobiratzeetan.

Gaur goizeko ekitaldian, Angel Egañaren familia, inguruko alkateak eta Julen Arzuaga Gogorako zuzendaritza kontseiluko kidea izan dira.
Egaña familiak Arrankudiagako hilerrian lurperatuko ditu gorpuzkiak, ekitaldi pribatu batean.

Bi pertsona identifikatu dituzte El Carmen hilerrian
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bi pertsona identifikatu ditu Valladolideko El Carmen hilerriko hobi batetik berreskuratutako 136 gorpuzkietatik.
Horietako bat Angel Egaña da, Arrankudiagakoa, eta bigarrena Casimiro Maestro, Renedokoa (Valladolid). Bigarren kasu horretan, ondorengoak bizkaitarrak dira, eta senidea identifikatzeko eskatu zioten Gogora Institutuari. Maestroren senideak ere izan dira Arrankudiagako ekitaldian.
Valladolideko Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak, orain arte, 136 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzea lortu du 2022 eta 2023 urteetan El Carmen hilerrian egindako lanetan, horien artean Egaña eta Maestrorenak. Joan den apirilaren 14an, ekitaldi bat egin zen aipatutako hilerrian, identifikatutako bi gorpuzkiak haien familiei emateko eta identifikatu gabeak hilerrian dagoen memorialean hilobiratzeko.
Angel Egañaren biografia
Angel Egaña tenientea izan zen Euskadiko Gudarosteko Padura batailoian. Matxinatuek Santoñan atxilotu zuen eta bertako auzitegi militar batek heriotza-zigorra ezarri zion gerra kontseiluan. Valladolidera eraman ondoren, exekutatu egin zuten, 1938ko ekainaren 2an, 24 urte zituela.