Uraren Euskadiko erakunde publikoek eta Aclimak jardunaldi bat antolatu dute kutsatzaile berriak gai hartuta

Argitalpen-data: 

Uraren Euskadiko erakunde publikoek eta Aclimak jardunaldi bat antolatu dute kutsatzaile berriak gai hartuta

“Kutsatzaile berriak, uraren sektorearentzako erronka berri bat” izenburuko jardunaldi bat egin dute Donostiako Aquariumean uraren Euskadiko erakunde publikoek: Uraren Euskal Agentzia (URA), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak (AMVISA), Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Urkidetza, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak, Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak koordinatuta.

Jardunaldia “Herritarren ohiturak eta kutsatzaile berriak” proiektuaren barruan egin da. Uraren sektoreko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da proiektua, Aclimak sustatzen du, eta sektore horretako balio-kateari laguntzea du xede. Zehazki, proiektuaren helburua da herritarrak kontzientziatzea agertzen ari diren substantzia eta produktu berri batzuek saneamendu-sistemetan eta EAEko uren kalitatean duten eraginaz. Izan ere, substantzia eta produktu horietako asko etxebizitzetatik eta hirugarren sektoretik datoz.

Gaurko jardunaldiaren bidez, helburua izan da, proiektu horren barnean, indarrean dagoen araudia ezagutzea eta osasun-arloari lotutako gai kutsatzaileak monitorizatzeko eta ezabatzeko azken berrikuntza teknologikoak eta ikerketa-arlokoak erakustea. Eta agerian geratu da sektorearen interesa: 170 parte-hartzaile izan dira, administraziokoak nahiz enpresa-sektorekoak.

Felix Cantero Palacios, Uraren Euskal Agentziako Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoko burua, URA Uraren Euskal Agentziaren izenean, Xabier Caño, Aclimako lehendakaria, eta Esther Irigaray, Aquariumeko zuzendaria, izan dira ekitaldiaren buru.

Jardunaldia hasteko ekitaldian, honela mintzatu da Felix Cantero URAren ordezkaria: “Orain, inoiz baino gehiago, arreta-printzipioa aplikatu behar dugu agertzen ari diren kutsatzaileei dagokienez. Badakigu egon badaudela, eta badakigu zer eragin izan dezaketen. Beraz, ahalegindu behar dugu ahalik eta gutxien heda daitezen ingurunean”. Gainera, Canterok nabarmendu du beharrezkoa dela “lankidetza publiko-pribatua, erakundeen arteko lankidetza, eta herritarrek prebentzioan parte hartzea. Eta, horretarako, oso egokiak dira Aclimak Aquariumean antolatutakoa bezalako jardunaldiak, zalantzarik gabe”.

Xabier Cañok, berriz, honela azaldu du: “Aclimak uste du osasunaren arloan agertzen ari diren kutsatzaile berrien gaia interes handikoa dela uraren sektorearentzat, eta horren inguruan aukera asko garatuko direla enpresentzat”. Ildo horretatik, klusterraren esparruan gai horren inguruan lanean jarraitzeko deia egin die uraren balio-kateko eragile guztiei.

Ekitaldian, Europako esparrua eta estatukoa ezagutzeko aukera eman digute Alejandro de la Sotak eta Alejandra Puig-ek —hurrenez hurren, EurEau-ren 2. Batzordeko kidea (The European Federation of National Water Services) eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Uraren Kalitatea Kontrolatzeko eta Zaintzeko Saileko burua—. Ondoren, gure inguruko bi proiektu aurkeztu dira, arazoari prebentzioaren arlotik heltzen diotenak biak ere: "Herritarren ohiturak eta kutsatzaile berriak" eta "Kutsatzaile berriak: ez dezagun itxaron hemen egon arte". Ondoren, Santos Paunerok, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Berrikuntza Unitateko arduradunak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren proiektua aurkeztu du: Etxebarriko instalazio pilotua. 

Goizeko azken zatian, Europako ekimen aitzindari bat ezagutarazi da: Hondakin-urak kontrolatzeko eta eskala handian tratatzeko Danimarkako estrategia aurkeztu du Andres Sloth Nielsek, CLEAN klusterreko proiektu-zuzendariak. Eta Veoliak teknologia berri bat aurkeztu du hondakin-uren mikrokutsatzaileak ezabatzeko.

Arratsaldean, bi mahai-inguru egin dira. Lehenengoan, sektorearen gai nagusiak landu dira: arazoaren larritasuna, inbertsioak, araudia eta sentsibilizazioa, besteak beste. Rafael Marín Galvínek gidatu du, AEASeko bigarren batzordeko kideak (Ur eta Saneamendu Hornikuntzen Espainiako Elkartea) . Euskadiko partzuergo nagusietako gerenteek hartu dute parte: José Ángel Ercilla, Añarbeko Uren zuzendari gerentea; Pedro María Barreiro, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren zuzendari nagusia; Ángel Llamazares, Gasteizko Udaleko Uren gerentea (Amvisa); eta Leire Zubitur, Txingudiko zerbitzuen gerentea. 

Bigarren mahai-inguruan, Maria Pascual de Zulueta Basque Cluster Health-eko zuzendari nagusia aritu da moderatzaile. Berrikuntzari buruz mintzatu dira, ikerketa-ildo nagusiei buruz, besteak beste, eta hauek hartu dute parte: Garbiñe Manterola, CEIT-IK4koa, Joana Larreta, AZTIkoa, eta Jose Medina, Teknikerrekoa. 

Fernando Morcillo AEASeko lehendakaria eta Olga Martín Aclimako zuzendari nagusia izan dira jardunaldia amaitzeko arduradunak.