Tolosako Familia Elkargunea inauguratu da

2019.eko otsailak 06

  • Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék eta Tolosako Alkate Olatz Peonek Tolosako Familia Elkargune berria inauguratu dute gaur.

  • Tolosako FEk Tolosaldeko auzitegi-barrutiko udalerrietako familiei eskainiko die zerbitzua. Familia horiek, orain arte, Donostiako Familia Elkargunera joaten ziren trukeak eta tutoretzapeko bisitak egitera.

  • María Jesús San José sailburuak pozik dagoela nabarmendu du erakundeen arteko lankidetza-proiektu berri hau errealitate bihurtu delako. Horrela, Euskadik, aurrerantzean, zortzi Familia Elkargune izango ditu. Doan erabiltzeko espazioak dira, segurtasun-berme guztiak eskaintzen dituzte familia-nukleoa adostasunik gabe hausten den egoeratan eta gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Halaber, diziplina anitzeko ekipo psikosozialak eta adituak dituzte, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak.

  • Tolosako Alkate Olatz Peonek adierazi du “oso garrantzitsua dela zerbitzuak hiritarrengandik gertu egotea; eta are gehiago beren eguneroko ongizatean zuzenean eragiten dutenean. Zerbitzu berri hau erakundeen arteko elkarlanaren fruitu da eta elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, hiritarrontzat interesgarriak diren proiektuetan”

Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék eta Tolosako Alkate Olatz Peonek gaur inauguratu duten Tolosako Familia Elkarguneak Tolosaldeko auzitegi-barrutiko udalerrietan eta zerbitzua erabiltzea eskatzen duten inguruko udalerrietan bizi diren familiei emango die zerbitzua.

Egun, 29 dira trukeak eta tutoretzapeko bisitak egiteko Donostiako Familia Elkargunera joan behar izaten duten familiak. Gaurtik aurrera, Tolosako instalazioak erabiltzen hasiko dira.

Inaugurazio-ekitaldian, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José eta Tolosako Alkate Olatz Peon pozik agertu dira errealitate bihurtu delako erakundeen arteko lankidetza-proiektua, zintzoki islatzen duela-eta gizartearekin, oro har, eta epaileak ezarritako bisitak edo trukeak egin ahal izateko familia elkarguneetara joan behar duten adingabe eta familiekin, bereziki, dagoen konpromiso-espiritua.

Lan eta Justiziako sailburuak gogoratu duenez, bere sailak Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko Familia Elkarguneak kudeatzen ditu eta gaur Tolosako Udalarekin izenpetutakoa bezalako lankidetza-hitzarmenen bidez, baita Barakaldokoa, Durangokoa, Gernikakoa eta Portugaletekoa ere. “Orain dela urtebete jarri zen martxan Bilboko FE berria, udaberrian Durangokoa inauguratu genuen, abenduan Gernikakoa, gaur Tolosakoa eta sarea zabaltzen jarraituko dugu. Apustu erabakigarri honek zehaztasunez islatzen du gizartearekin, oro har, eta epaileak deribatuta Familia Elkarguneak behar dituzten adingabeekin eta familiekin, bereziki, dagoen konpromiso-espiritua. Elkarguneetan 800 familia baino gehiagori ematen diegu arreta, eta batez ere, 1.150 adingaberi, 3 eta 11 urte bitartekoak gehienak”.

Tolosako Alkate Olatz Peon Ormazabalek, bere aldetik, adierazi du “oso garrantzitsua dela zerbitzuak hiritarrengandik gertu egotea; eta are gehiago beren eguneroko ongizatean zuzenean eragiten dutenean. Familia Elkarguneak Tolosari, bere eskualdeko eta inguruko herriei emango die zerbitzua, zerbitzua erabiltzeko aukera erraztuz, adingabeentzat eta beren tutoreentzat onuragarria den zerbitzu bat eskainiz. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen lanaren eta eskaintzaren berri emango die ere herritarrei. Gizarte Zerbitzuen Mapak esleitu dizkion zerbitzu guzti-guztiak eskaintzen ditu Tolosak eta Familia Elkargunea gure funtsezko baldintza osatzera dator: tolosar guztien ongizatea bermatzea, pertsonak jomuga duten ekimenak sustatuz”. Alkateak nabarmendu duenez, Rondilla kalean dagoen zerbitzu berri hau erakundeen arteko elkarlanaren fruitu da: “elkarlana positiboa da, ikuspegi guztietatik, eta elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, hiritarrontzat interesgarriak diren proiektuetan".

Familia elkarguneen bidez, adingabeek aitarekin, amarekin, tutorearekin edo beste senitarteko batzuekin harremana izateko daukaten eskubidea bermatzen da. Doan erabiltzeko espazioak dira, segurtasun-berme guztiak eskaintzen dituzte familia-nukleoa adostasunik gabe hausten den egoeratan eta gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Diziplina anitzeko ekipo psikosozialak eta adituak dituzte, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak.

FAMILIA ELKARGUNEAK

Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneei esker, Eusko Jaurlaritzak:

  • Bermatzen du adingabea bere aitarekin, amarekin, tutorearekin edo zaintzailearekin eta familiakoekin harremanetan mantentzea.
  • Bermatzen du amak eta aitak haien seme-alabekin harremanetan izateko eskubidea, baita beste familiako eta hurbileko batzuena ere, batez ere aitona-amonena.
  • Bermatzen du adingabearen segurtasuna eta ongizatea, bisita-erregimenen barruan.
  • Ahalbidetzen du adingabeek askatasunez eta beldurrik gabe adieraztea haien sentimenduak eta premiak.
  • Bermatzen du hirugarren pertsona inpartzial eta neutral bat agertzea bisitak gainbegiratzeko.
  • Gurasoei beharrezko trebetasunak eskaintzen dizkie, zerbitzuaren laguntzarik eta gainbegiratzerik gabe beren seme-alaba adingabeekin erlazionatzeko —gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak hobe daitezen—, eta seme-alabak hezteko.
  • Informazio fidagarria eta objektiboa eskaintzen du bisitaldietako familia-harremanen bilakaerari buruz, eta erakunde administratibo edo judizial eskudunei ematen die horren berri.
  • Prestatzen ditu aitak eta amak, haien seme-alabak errespetuan, berdintasunean eta bizikidetasunean hezi ditzaten.