Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak ertzainen familiekin batera bisitatu ditu Ertzaintzaren Berroziko instalazioak.

BERROZI_1.jpg

2019.eko ekainak 15

Ia 900 pertsona, gehienak ertzainen familiartekoak, izan dira gaur goizean Ertzaintzaren Berroziko instalazioetan bisitan, eta jardunaldian zehar bertan lan egiten duten bi polizia-unitateren, Txakur Unitatearen eta Esku-hartze Unitatearen, erakustaldiak egin dira, Erakundeen Segurtasunerako Buruzagitza Nagusiko, Eraikinen Segurtasunerako Unitateko eta Babes eta Segurtasuneko Unitateko agenteen laguntzaz. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eskerrak eman dizkie familiartekoei eta adiskideei bertan izateagatik, eta haiekin batera bisitatu dituzte instalazioak.

 

Jardunaldiari goizeko bederatzietan eman zaio hasiera, bisitariak Ertzaintzaren Berroziko instalazioetara iritsi ahala. Handik ordubetera, Erakundeen Segurtasunerako Buruzagitza Nagusiko buruak, José Ramón Lezertua intendenteak, eman die ongietorria eta azaldu die goizean zehar garatzekoa zen programa, eta, horrez gainera, Berrozik, 1981. urtearen hasieran sortu zenetik, izan duen bilakaerari buruzko azalpen laburra ere eman die.

 

Eguerdian, Esku-hartze Unitateak bi erakustaldi egin ditu. Lehenbizi, ertzainak landa-eremuko etxe batean sartu dira eta, ondoren, hiri-eremuko beste etxe batean; kasu horretan hiru altueratan sartu dira aldi berean. Esku-hartze Unitatearen buruak, Edorta Menéndez komisarioak, azaldu dizkie bertaratuei unitateko kideek egin behar zituzten ariketak.

 

Erakustaldi batetik besterako tartean, Txakur Unitateko kideek lau ariketa egin dituzte: lehenengoan mendian zaurituta zegoen pertsona baten bilaketa simulatu dute erreskateko txakur batekin. Jarraian, lehergailuak eta drogak bilatu dituzte bi ibilgailutan eta legezko billeteak ekipaian, erreskateko bi txakurrek obedientzia eta oztopo ariketa bat egin dute eta, azkenik, patruila bati su-arma batekin eraso egin diote ertzainekin zihoan segurtasun-txakur baten erreakzioa ikusteko; ariketa guztiak txakurren gidariek zuzenduta egin dituzte.

Kasu horretan azalpenak Ertzaintzako Txakur Unitateko operazio-buruak, Manu Porras ofizialordeak, eman ditu.

Erakustaldiak hasi aurretik, Estefanía Beltrán de Heredia Sailburuak, bertaratu direnei gogora arazi die, "ez dago gaurko Ertzaintza ulertzerik Berrozirik gabe, Ertzaintzarik gabeko Euskadirik ulertzen ez dugun bezala", eta jarraian, eskerrak eman dizkie bertaratu diren senitarteko eta lagunei urte hauetan guztietan erakundeari bere garapenean eman dioten etengabeko laguntzagatik.

Jardunaldian zehar Berroziko Ekitaldi Aretoan proiektatutako bideo batean bertako unitateek egiten dituzten jarduerak ikusi ahal izan dira, eta instalazioak bisitatu ahal izan dira.

Egunean zehar gaztetxoak haurrentzat jarritako jolasetan (rokodromoan eta tirolinan) ibili ahal izan dira, eta Ertzaintzaren helikopteroa eta hummerra bisitatzeko aukera ere izan dute.