Segurtasun Sailak abisu horira jaitsi du 800 metrotik gora elurragatik ezarritako alerta laranja eta prezipitazio iraunkorragatik Kantauri isurialdean, nabigaziorako eta kostaldeko kalteengatik ezarritako alerta laranjei eusten die.

Argitalpen-data: 

Esanguratsuena prezipitazioa oso ugaria izango dela da.

Segurtasun Sailak abisu horira jaitsi du 800 metrotik gora elurragatik ezarritako alerta laranja, iragarritako tenperatura apur bat altuagoa delako. Bestalde, honako alerta laranjak utzi ditu indarrean: prezipitazio iraunkorragatik Kantauri isurialdean (bihar hilak 23, asteazkena, 00:00etatik hilak 24, osteguna, 06:00ak arte); nabigaziorako (asteazken guztian zehar) eta kostaldeko kalteengatik (asteazkenean, 04:00etatik 07:00ra arte eta 17:00etatik 20:00ra arte).

Hilak 22, asteartea

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera arratsaldean lurralde osora zabalduko den frontea jada prezipitazio ugariak eta iraunkorrak utzi dizkigu, bereziki Kantauri isurialdean. Elur-maila 800-900 metro inguruan egongo da, nahiz eta Arabako zenbait lekutan, bereziki ekialdean, eta Gipuzkoa ekialdeko barnealdeko bailaratan beherago ere kokatu daitekeen, 500-800 metroren bueltan.

Hilak 23, asteazkena

Asteazkenean ez da giro izango; prezipitazioa ugaria izatea espero da, denean egitea eta gainera, etengabe egun osoan zehar. Kantauri isurialdean 80 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 ordutan. Arabako lautadan 30 eta 50 l/m²-ko pilatu litezke asteazkenean.

Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, bereziki egunaren lehenengo partean; haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeak eta gainontzeko tokietan, 80 km/h-koa.

Elurraren mailari dagokionean, goizaldean eta eguneko lehen orduan 800-900 metro inguruan kokatu liteke orohar, nahiz eta Arabako zenbait lekutan, bereziki ekialdean, eta Gipuzkoa ekialdeko barnealdeko bailaratan beherago ere kokatu daitekeen, 500-800 metroren bueltan, orografiagatik eta prezipitazioa etengabe egitea espero delako. Eguneko erdiko orduetan baliteke 1000 metrotik gora egotea eta gero, azken ordurako, berriz ere jaitsi eta 700-900 metrora kokatu daiteke.

Hilak 24, osteguna

Ostegunean, hilak 24, goizaldean eta goizean goiz prezipitazioa oraindik ere ugaria izango da. Ordutik aurrera, eta bereziki arratsaldean zehar, atertzera egingo du. Elur-maila 500-800 metro inguruan kokatuko litzateke.

Itsasoaren egoera

Itsasoaren egoera nabarmen zakartu daiteke bihar, hilak 23, ipar-mendebaldeko haize gogorrarekin eta 5 metrotik gorako olatuekin. Gainera, marea biziak direla eta, kostaldeko kalteak ere nabarmenak izan daitezke asteazkeneko itsasgoretan.

Oharra: Iragarpen eta abisu eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

  

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Herritarrentzako aholkuak eta gomendioak

Prebentzio-neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Gidatzerakoan, arreta berezia jarri sor daitezkeen ur-putzuekin
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa leku garaietara joateko.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
  • Ez bainatu hondartzetan.
  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.

Edonola ere, jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

 Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira