Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du gaurko eta biharko suteengatik, EAEko barnealderako

Argitalpen-data: 

Mantendu egiten du alerta laranja muturreko tenperatura altuengatik etzi, ostirala, arte

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du sute-arriskuagatik gaurko, asteazkenerako, eta biharko, ostegunerako, EAEko barnealdean, tenperatura altuak, hegoaldeko haizea eta hezetasun erlatibo baxua izango baititugu.

Aldi berean, Sailak aktibo mantentzen du alerta laranja muturreko tenperatura altuengatik, Arabako lurraldean eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, gaurko eta biharko, 12:00etatik 21:00etara bitartean, eta muturreko tenperatura altuengatik eta iraunkorrengatik ostiralerako, Araba erdialdean eta hegoaldean.

Euskalmet ? Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Afrika iparraldetik iritsitako aire-masa oso bero eta iraunkorrak eragin du egoera hori. Urteko egunik luzeenak izateak ere eragina du beroaldian, intsolazioa handia baita.

Egoera horri eransten bazaio hego-haizea ibiliko dela eta ez dela hodeirik izango, tenperaturak 35 ºC-tik gorakoak izango dira EAEko barnealdean, batez ere asteazkenean eta ostegunean. Gaurko aurreikusitako tenperaturarik altuenak Kantauri isurialdeko barnealdean izango dira, 38 ºC ingurukoak. EAEko barnealdeko gainerako lekuetan tenperaturak 36-37 °C ingurukoak izango dira.

Bihar, osteguna, 38-39 °C inguruko tenperaturak izango dituzte Araba osoan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean. Bi egunotan tenperatura minimoak 17-19 ºC-koak izango dira.

Itsasertzari dagokionez, egunik beroenak asteazkena eta osteguna izango dira, eta balioak ez badira ere hain altuak izango, maximoak 32-34 °C-ra iritsiko dira eta minimoak 19 ºC ingurukoak izango dira. Bi egunotan haizea aldakor ibiliko da, eta egunaren bigarren zatian galerna sor daiteke.

Ostiraletik, hilaren 28tik, aurrera, batez ere Araban, eta, bereziki, Arabako Errioxan izango dituzte muturreko tenperaturak eta tenperatura altu iraunkorrak. Kantauri isurialdean tenperatura maximoak ez dira hainbestekoak izango, eta itsasertzean, esate baterako, 25 ºC ingurukoak izango dira segur aski.

Asteburuari dagokionez, barnealdean mantendu egingo dira tenperatura altuak, baina ez dira hain muturrekoak izango.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.

GOMENDIOAK

Baso-suteei dagokionez 

Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak baso-suteen prebentziorako Foru-aldundiek igorritako arauak zehatz-mehatz betetzea gomendatzen du, baita baso-suteak sortzeko edozein jarduera ekiditea.

Era berean, garagar-uzta eta belar lehorraren bilketa hasiak direla kontuan hartuta, bero gehien egiten duen orduetan arreta berezia jartzea eskatzen du.

Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei baso-suteei loturiko edozein informazio 112 zenbakian partekatzea eskatzen die.

Herritarrentzako gomendioak

Prebentzioko neurriak:

.- Likido asko edan, bereziki ura, deshidrataziorik gerta ez dakizun. Ez itxaron egarri izan arte edaten hasteko. Saiatu ez hartzen alkohol, kafeina edo azukre gehiegi daukaten edaririk.

.- Arin jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta eta abar).

.- Itxi leihoak, eta jaitsi eguzkiak jotako leihoetako pertsianak; bero gutxieneko orduak baliatu etxea haizatu eta freskatzeko.

.- Erabili arropa egokia: zabala, arina eta kolore argikoa eta izerditzen uzten duena, baita oinetako erosoak eta freskoak ere.

.- Ahal baduzu, ez irten kalera bero gehien dagoen orduetan.

.- Atera behar baduzu, estali burua eta betaurreko beltzak erabili; saiatu gerizpean ibiltzen.

.- Ariketa fisikoak kanpoan egin behar badituzu, egizu bero gutxien egiten duen orduetan.

.- Ibilgailua aparkatuta eta itxita dagoela, ez geratu inoiz barruan eta ez utzi ez pertsonarik ez animaliarik, ibilgailua itzaletan badago ere.

.- Arreta handia eduki behar da jaioberriekin eta ume txikiekin, adinakoekin eta beroaren eta deshidratazioaren ondorioz areagotu daitezkeen gaixotasunak dauzkaten pertsonekin, esaterako bihotzeko gaixotasunak.