Segurtasun Sailak 20.00 biztanle baino gehiagoko beste lau udalerri gehitu ditu 2018ko delinkuentzia-memoriara, erradiografia zuzenagoa eskaintzeko

2019.eko martxoak 06

  • Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 115.919 arau-hauste penal erregistratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, mila biztanleko 52,7 deliturekin

Segurtasun Sailak jakinarazi du aurten beste urrats bat egin duela eta delinkuentzia-memorian txertatu dituela 20.000 eta 25.000 biztanle arteko lau udalerrietako (Erandio, Arrasate, Hernani eta Zarautz) udaltzaingoek erregistratuko delituak. Datu horiek, beraz, gehituko zaizkie Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako eta 50.000 biztanletik gorako eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietako udaltzaingoek erregistratuko arau-hauste penalei, Euskal Autonomia Erkidegoko delinkuentzia-errealitatearen erradiografia osoagoa lortzeko. Erregistro horien arabera, 2018an guztira 115.919 arau-hauste erregistratu ziren eta mila biztanleko tasa 52,71koa izan zen.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria bertaratu dira gaur, haiek eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Batzordera, eta 2018ko ekitaldiko delinkuentzia-memoriaren datuak ezagutarazi dituzte.

Aurten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza eta koordinazioa areagotu da. Udaltzaingoekin egindako hitzarmenak eta protokoloak eguneratu dira eta, ondorioz, baterako jardun-planak sortu dira, udalerri bakoitzeko segurtasun-arazoei elkarrekin aurre egiteko”, aditzera eman du Segurtasuneko sailburuak. Delinkuentziaren errealitatea zehaztasunez ezagutzearen beharra nabarmendu du, eta, hartara, urtez urte, gero eta udaltzaingo gehiagoren datuak gehitzen ari dira arau-hauste penalen urteko balantzera.

Ertzaintzak eta 20.000 biztanletik gorako udalerrietako udaltzaingoek —guztira 19 udalerritakoek—, 2018an, 115.919 arau-hauste erregistratu zituzten, 64.413 Bizkaian, 32.260 Gipuzkoan eta 19.246 Araban. Kopuru horien arabera, mila biztanleko delitu-tasa Euskal Autonomia Erkidegoan 52,7koa izan zen; 56,03koa Bizkaian; 58,52koa Araban eta 44,7koa Gipuzkoan.

Hala ere, datu estatistikoak aurreko urtekoekin alderatu nahi izanez gero, Ertzaintzak eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietako udaltzaingoek erregistratutako datuak hartu beharko ditugu aintzat. Hortaz, 2018an, 114.800 arau-hauste erregistratu zituzten, 2017. urtean baino 6.843 arau-hauste gehiago, hau da, aurreko urtean baino % 6,34 gehiago. 114.800 arau-hauste horietatik, 64.256 Bizkaian izan ziren (2017an baino % 7,78 gehiago), 31.298 Gipuzkoan (2017an baino % 5,69 gehiago) eta 19.246 Araban (2017an baino % 2,77 gehiago). Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko delinkuentzia-tasa mila biztanleko 52,2 delitukoa izan zen.

Delitu estrategikoen barruan, nabarmendu behar da deliturik larrienek —hala nola homizidio burutuek— gora egin dutela, 2017an 4 izan ziren eta 2018an 6; dena dela, Ertzaintzak guztiak ebatzi zituen eta egileak epailearen aurrera eraman zituen. Indarra eta larderia erabiliz egindako lapurretak % 0,79 jaitsi dira, baina aurreko urtean etxebizitzetan 623 lapurreta gehiago izan ziren. Sexu-askatasunaren arkako delituen kasuan, 2018an % 34,15 gehitu ziren eta guztira 711 salaketa erregistratu ziren; horietatik, 193 sexu-erasoak izan ziren (2017an baino 11 gehiago). Sexu-askatasunaren aurkako beste arau-hauste batzuetan izan zen gorakadarik handiena, 348 arau-hauste izatetik 518 izatera pasa baitzen.

Ebasketak eta iruzurrak

Arau-hausteen analisitik, ikus daiteke jasotako salaketen % 77,57 ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako egintzen ondoriozkoak direla, guztira 89.057 salaketa, aurreko urtean baino 6.009 gehiago.

Kontuan hartzen badugu 2018an 2017an baino 6.843 delitu gehiago izan zela, delitu horien gorakadaren % 87,1 (6.009 delitu) ondarearen aurkako delituak izan ziren.

Ondarearen aurkako delituen tipologia horren barruan, batez ere ebasketak (40.566) eta iruzurrak (15.293) izan ziren —ondarearen aurkako delituen % 62,7—. Joan den urtean delitu horiek % 3,6 eta % 36,5 gehitu ziren, hurrenez hurren. Iruzur gehienak informatika-sistemen bitartez egin ziren.

Gauzen lapurretak % 1,30 gehitu ziren, 204 arau-hauste gehiago erregistratu baitzen. Joan den urtean etxebizitzetan egindako lapurretak gehitu ziren eta 623 kasu gehiago erregistratu ziren, hau da, % 13,32 gehiago. Aitzitik, indarra eta larderia erabiliz egindako lapurretak % 0,97 jaitsi ziren, 2.897 izatetik 2.894 izatera pasa baitziren.

Segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteak % 6,84 gehitu ziren eta, horien barruan, droga-trafikoa % 5,52; aitzitik, alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzearen ondoriozko arau-hausteak % 1,76 jaitsi ziren. Beste arau-hauste penalen barruan sartzen diren arau-hausteek gora egin dute, 990 izatetik 1.274 izatera.

Informatika-delituak eta gorroto-delituak

Delinkuentziaren memoriak informatika-delituen atala ere jasotzen du, eta bertan Ertzaintzaren datuak soilik daude. Aurten Ministerio Fiskalak ezarritako irizpideetara egokitu da horien nomenklatura eta tipologia. Sailkapen berri horren arabera, Ertzaintzak 12.785 delitu kontabilizatu zituen, aurreko urtean 8.989 delitu izan zirenean. Lurraldeen arabera, Bizkaian 6.958 delitu erregistratu ziren, Gipuzkoan 3.569 delitu eta Araban 2.258 delitu.

Informatika-sistemen bidez egindako arau-hausteen atalean, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako 11.806 delitu izan ziren, aurreko urtekoarekin alderatuta % 43,17ko gorakadarekin. Delitu horien % 99,4 iruzurrak izan ziren. Faltsutasun-delitua ere nabarmentzen da, agiri publikoen edo pribatuen faltsutzea izan zein txartelen faltsutzea izan. 2018an mota horretako 305 arau-hauste erregistratu ziren.

Ziberdelituekin lotzen diren delituen artean, biktimen zaurgarritasun berezia sortzen duten delituak nabarmendu behar dira, baita biktimek jasaten dituzten ondorio larriak eta sortzen den alarma soziala kontuan hartuta ere. Hartara, 2018an askatasunaren aurkako 359 delitu izan ziren, eta horietatik 189 mehatxuak izan ziren, 189 hertsapenak izan ziren eta 139 jazarpenak izan ziren.

“Argi dago ziber-patruilatzea edo sareko zaintza areagotu beharko dela, eta hori izango dela, bai ala bai, segurtasun publikoko polizia-jarduera saihestezinetako bat, Ertzaintzarentzat zein horretarako behar besteko baliabide duten udaltzaingoentzat”, aditzera eman du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak.

Bestalde, 2018an Bizkaian guztira gorrotoko 130 delitu eta diskurtsu kontabilizatu ziren (87 Bizkaian, 33 Gipuzkoan eta 10 Araban) eta aurreko urtean 129 izan ziren. Esparruaren eta testuinguruaren arabera, nabarmen dezakegu horietako 62 arrazismoaren/xenofobiaren ondoriozkoak izan zirela, 39 sexu-orientazioaren edo sexu-nortasunaren ondoriozkoak, 17 ideologiaren ondoriozkoak, 7 erlijio-orientazioaren ondoriozkoak, 3 desgaitasunen ondoriozkoak eta 2 aporofobiaren ondoriozkoak.

2018. urtean, arau-hauste penalen ustezko egileen erruztatzeen kopuruak gora egin du (atxilotuenak eta ikerketapean geratu direnenak); guztira 27.016 erregistratu ziren, % 5,26ko gorakadarekin, 2017. urtean 25.665 izan baitziren.