Osasun Sailak Euskadin lehen mailako arreta sendotzeko neurri-sorta proposatu du

2019.eko otsailak 20

35 ekintza zehatz aurreikusten dira, eta, horien bidez, baliabide pertsonalak eta materialak sendotu, langile sanitarioen lana desburokratizatu edo Erizaintzaren eginkizuna sustatu nahi da

 

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur goizean, prentsaurrekoan, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia aurkeztu du, “euskal gizarteari zerbitzu hobea emateko eta, gainera, hura osatzen duten profesionalei antolamendu hobea emateko”. Iñaki Berraondo Osasun sailburuordearekin eta Nekane Murga Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarekin batera, sailburuak honako alderdi hauen inguruko zazpi ildo estrategikoen eta 35 ekintzen xehetasunak eman ditu: osasun-zentroen antolamenduko hobekuntza; baliabide pertsonal eta materialen gorakada; ekipo medikoen eginkizun burokratikoen murrizketa eta medikuntzako eta erizaintzako profesionalek duten gaitasun erabakitzailearen gorakada.

Gaur aurkeztu den dokumentua elkargo profesionalekin, Osakidetzako osasun-zentroekin, sindikatuekin, talde politikoekin eta Aholku Batzordeko kideekin –otsailaren 8an Estrategia onetsi zen foroan– “hil batzuez eginiko lanaren, hausnarketaren eta kontrastearen” emaitza da. Sailburuak eskerrak eman dizkie eginiko lanagatik; izan ere, beren ekarpenen bidez “aberastu egin da, nabarmen, hasierako zirriborroa”.

Jon Darpónek azaldu du azken 30 urteotan lehen mailako arretak “funtsezko eginkizuna izan duela euskal osasun-sisteman”, Euskadin bizi diren pertsona guztiei osasun-asistentzia emateko.

Hala ere, bizi-itxaropena pixkanaka igotzen joan denez –Euskadi buru da, mundu-mailan, Japoniarekin batera–, biztanleria gero eta zaharragoa da eta, aldi berean, horrek gaixotasun kronikoen gorakada dakar. Gainera, gizartea gero eta medikalizatuago dagoenez eta familia-medikoen plantillako askok erretiroa hartuko dutenez, sailburuaren hitzen arabera, “lehen mailako arretaren eskaria hazi egingo da”. Jon Darpónek esan du ez dela Euskadiko fenomeno esklusiboa, globala dela, eta amaitzeko esan du “lehen mailako arretaren eredua berritu” egin behar dela.

Egungo egoerari aurre egiteko, 7 ildo estrategiko eta 35 ekintza zehatz zehaztu dira.

Ildo estrategikoak:

1.- Lehen mailako arretak dituen funtzioaren eta eginkizunaren balioa handitzea.

2.- Lehen mailako arretako ekipoen egitura erronka demografiko eta epidemiologikoetara egokitzea.

3.- Lehen mailako arretako ekipoen antolamendua eta kudeaketa hobetzea.

4.- Erizaintzaren profilaren zabalkundean sakontzea.

5.- Familia Medikuntzan belaunaldien erreleboan dagoen asistentzia-hutsa saihestea.

6.- Lehen mailako arretako arreta pediatrikoaren eredua finkatzea.

7.- Lehen mailako arretan hizkuntza-normalizazioko eta genero-berdintasuneko planak aplikatzea.

Neurriak:

  • Langile-kopurua handitzea eta, horretarako, Familia Medikuntzako eta Erizaintzako 80 plaza gehiago egotea asistentzia-karga gehien duten lehen mailako arretarako zentroetan. Helburua da medikuko 1.400 paziente baino gehiago ez izatea, eta 75 urtetik gorako pazienteen % 15 baino gehiago ez kontzentratzea. Erizaintzaren kasuan, pediatrari lotutako hainbat kupo sendotuko dira. Horrek guztiak 4,6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du plantillan datozen bi urteotarako.
  • Zentroak modernizatzeko eta sistema teknologikoak eguneratzeko inbertsioa areagotzen jarraitzea. Azken urteotan, urtean, hiru kontsultategi eta bi osasun-zentro baino gehiago ireki dira (Mungia, Miribilla, Salburua, Kanpezu, Getaria, Zestoa…). Hurrengoa Retuerton izango da, Barakaldon. 2016tik, 97 milioi euro inbertitu dira azpiegituretan.

Gainera, datozen lau urteotan, 9,7 milioi euro inbertitzea aurreikusten da, aurten sistema informatikoa eta lehen mailako arretako ekipo informatiko guztiak berritzeko.

  • Medikuntzako eta erizaintzako langileen lana desburokratizatzea, ahalik eta denbora gehien eman ahal izateko pazienteei arreta ematen. Zentzu honetan, administrazio-arloko profesionalei anbulantziak kudeatzeko edo ziurtagiri medikoak emateko eginkizunak bideratzea proposatzen du estrategia honek, besteak beste.
  • Lehen mailako arretako medikuntzako langileek eska ditzaketen proba diagnostikoen zorroa ireki eta homogeneizatzea, pazienteek probak eskatzera ospitalera joan-etorririk egin behar ez izateko, eta familia-medikuak erabakitzaileagoak izateko.
  • Agenda-eredua aldatzea, medikuen eskutik, egunean bisitatzen den paziente-kopurua arrazionalizatzeko eta atzerapenak murrizteko. 2018ko datuen arabera, egunero, batez beste, 28 eta 29 helduri ematen zaie arreta eta 20 edo 21 paziente pediatrikori. Arretarako batez besteko denbora 9-10 minutu dira.
  • Erizaintzaren eginkizuna sustatzea eta, horretarako, Erizaintzako kontsultak abian jartzea, bai osasun-zentroan, bai etxeko arretan edo arreta komunitarioan, prozesu arinetan pazienteak orientatzeko eta, horrela, atzerapenak gutxitzen laguntzeko.
  • Belaunaldien erreleborako erronkari aurre egitea. Horretarako, UPV/EHUko Medikuntza Fakultateak nabarmen areagotu du medikuntzako ikasleen kopurua eta, orain, ikasturteko, 325 ikasle dira.

Aldi berean, Osakidetzak oso nabarmen areagotu du BAME plazen akreditazioa, zahartzearekin zerikusia duten espezialitateetan. Zehazki, aurtengo BAME deialdian, 446 plaza eskaini dira –aurreko urtean baino % 19 gehiago–, eta horiek, datorren maiatzean, ospitale eta osasun-zentroetan sartuko dira. 109 familia-mediku eta 29 pediatra dira.  

Osasun Saila UPV/EHUrekin ari da elkarlanean, halaber, Familia Medikuntza beste ikasgai bat bezala sartzeko ikasketa-programan.

  • Lan-baldintzen esparruan absentzien estaldura hobetzea, honako neurri hauen bidez, besteak beste:
  • Kontratu malgua, urtebeteko iraupena duena, lehen mailako arretan egonaldia amaitzen dutenentzat. 2018an, formula horren bidez 226 gazte kontratatu ziren, ESI guztien artean banatzeko, beharren arabera. Aurten, gauza bera egingo da 77 pertsonarekin.
  • Akordioa sindikatuekin, profesionalek beren lanaldia zabaldu ahal izateko, lankideen absentziak estaltzeko. 2018an, lehen mailako arretako orduen errefortzu horrek 1,2 milioi euroko gastua ekarri zuen.
  • Borondatezko erretiroa 68 urtera luzatzea, 65 urte bete baina lanean jarraitu nahi duten pertsonentzat.
  • Lehen mailako arreta sendotzea eta, horretarako, fisioterapia zerbitzu-zorroan sartzea. Dagoeneko hasi da programa hori Zabalganako osasun-zentroan, Araban, eta aurreikusten da prestazio hori lehenengo Arabako lurraldeko gainerako zentroetara zabaltzea (urte-amaieran) eta, ondoren, pixkanaka, Euskadi osora.
  • Lehen mailako arretako unitate, profesional elebidun eta zerbitzuen zorroa handitzea. Osakidetzan hizkuntza-eskakizuna duten profesionalen ehunekoa boskoiztu egin da hamabost urtean baino ez. 45 urtetik beherakoen artean, 10etik 8k betetzen dute. Helburua da ehuneko hori handitzen jarraitzea.
  • Berdintasun-planak garatzen jarraitzea, bai ESIetan, bai lehen mailako arretako zentroetan, eta, bereziki, buruzagitzetan sartzeko aukeran.
  • Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren segimendua egitea eta, horretarako, bertan arduradun bat izendatzea; segimendua, halaber, Aholku Batzordearen bidez egingo da, zeina finkatzen joango baita.

 

(*) Dokumentu Osoa

 

Gasteiz, 2019ko otsailaren 20a